Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2021/01/31

Aiako Udalak 2.518.367 euroko aurrekontua onartu du 2021erako, gizarte ongizatea, herriaren garapena eta inbertsio publikoa lehenetsiz

Inbertsio nabarmenena Lardizabal eremuaren eraberritzearen lehen fasea da: aparkalekua berritu eta Armendi-gainera joateko ibilbidea garatzea. Gazteekin elkarlanean, Skate-parkea eraikiko da ere. Landa auzoetan ere irisgarritasuna bermatzeko 70.000 euro bideratuko dira eta auzotarrekin egindako bileretako eskaerei erantzuteko 15.000€ ezarri dira.
Aiako Udalak 2.518.367 euroko aurrekontua onartu du 2021erako, gizarte ongizatea, herriaren garapena eta inbertsio publikoa lehenetsiz

Aiako Udalak 2.518.367 euroko aurrekontua izango du 2021ean. Urtarrilaren 28an onartu zen Osoko Bilkuran EAJ-PNVko 6 zinegotzien aldeko botoekin eta EH Bilduko zinegotzien aurkako 5 botorekin.  

Udalarentzat estrategikoak diren 3 lan-ildo garatzeko erabiliko da: herritarren babesa eta herritarren ongizatea bermatzea, garapen ekonomikoa eta enpleguaren sustapena, eta Udalak 19-23 Legealdirako zehaztutako lerro estrategikoen eta proiektuak zimentatu eta garatzea. 

Nekane Arrizabalaga alkateak nabarmendu du urte zaila izan dela 2020a, eta 2021a, nahiz eta hobetze bidean joango den, bide beretik hasi dela: “horren aurrean herritarren beharrei erantzuten jarraitu behar dugu, inoiz baino gehiago. Pandemia egunerokotasunean sartu zenetik bi premisa nagusiren gainean egin dugu lan: herritarrak babestu eta beren ongizatea bermatzea eta ehun ekonomikoaren sustapena sektore orotan. 2021erako onartu ditugun kontuak aurrerakoiak dira, eta guztiz salbuespenezkoak, onartzen diren testuinguruagatik. Gure inbertsio eta proiektu plangintza bere horretan mantentzetik harago, areagotu egingo dugu Aia aurrerakoi eta garatu bat eraiki, herritarren ongizatea bermatu eta inbertsio pribatua eta enplegua sustatzeko”. 

Alkatearen hitzetan, inbertsio publikoak herriaren garapen ororen “traktore” behar du izan: “Udal sarrerak gutxitu diren arren Covid-19aren eraginez, inbertsio publikoa herritarren eta enpresen testuinguru oso zailean dagoen ekonomiaren eragilea izatea dugu jomuga. Ez da inolako murrizketarik izango zerbitzuetan; are gehiago, funtsezko zerbitzuak eta inbertsio publikoa bultzatuko dugu".

Hala, Arrizabalagak nabarmendu du “inoizko aurrekonturik sozialenak” direla 2021ekoak: “erakutsi dugu herritarrek gehien behar gaituzten uneetan hor gaudela, eta noski, jarraituko dugu egoten. Horrela, 223.811,28 euro bideratuko dira herritar zaurgarrienak babestera, hala nola, etxez-etxeko laguntza indartuz, AES familia laguntzak bultzatuz edota familien eskuhartzeak mantenduz. Inork ezin du atzean geratu; aiar guztiok elkarrekin egin behar dugu aurrera”.

Zentzu horretan, adierazi du “udal gobernuak egindako aurrekontuak dira. Oposizioaren partetik ez dugu proposamenik jaso eta, bide horretan, elkarlana areagotu nahiko genuke 2021ari begira”.

Inbertsioa gehiago pertsonengan eta etorkizuneko aukeretan

Aipatu eran, guztira, 223.811,28 euro bideratuko dira gizarte-zerbitzuen zorroa bermatzeko. Batez ere, etxez-etxeko laguntza zerbitzua indartu da 70.000 eurorekin. Familientzako laguntzen zenbatekoak ere gora egin du, 15.000 eurorekin. Ospitaletxeko zerbitzua bermatzeko 35.0000 euroko inbertsioa egingo da. Egoitzetara 9.300 euro bideratuko dira eta kooperaziorako laguntzetara 7.000€. 

“Herritar zaurgarrienak babestuta, Covid-19ari aurre egiten jarraitu behar dugu -azaldu du alkatea-. Pandemiak oraindik ez du amore ematen, eta funtsezkoak dira eta izango dira babes-neurri berriak. Horregatik, Covid-19ari aurre egiteko diru-partida bat ezarri dugu: 10.000 euro. Herriko sektore ezberdinekin jarriko gara harremanetan (ostalaritza, landetxeak, abeltzainak…) aztertzeko euren egoera eta unean-unean egoki deritzon laguntza lerroak abian jarriz.  Pandemiaren eboluzioaren arabera egokitzen joango da. Behar adina babes-neurri ezarriko dugu herriaren bizitza mantentzeko”. 

Enpleguaren sustapena Urola Kostako Udal Elkartearekin sinergiak batuz gauzatuko da eta horretarako 51.778€ bideratuko dira. 

Turismoa bera garapen ekonomikoan giltzarri den heinean, 56.610,95€ bideratuko dira ere turismo ekintzak bultzatu eta Gipuzkoako Parketxe sarea finantzatzera. 

Lardizabal eremuaren eraberritzearen lehen fasea eta auzoetan lan ugari

Udalaren inbertsioen artean, Lardizabal eremua izango da handiena. Fasetan burutzea du aurreikusia Udalak eta lehenari ekingo zaio 2021eko lehen hiruhilekoan: 138.000 euro bideratuko dira aparkalekua berritu eta Armendi-gainera doan ibilbidea egitera. 

Horrez gain, herriko gazteekin landutako skate parkea egiteko 30.000 euroko partida ezarri da ere eta helduentzako kirolgunean hobekuntzak egitea dago aurreikusia (10.000€). 

Plazako sarreran ere hobekuntzak egingo dira irisgarritasuna bermatzeko eta baserri bideen konponketa eta landa inguruneko azpiegiturak berritzera 70.000 euro bideratuko dira. 

Azken asteotan Udala auzoetako ordezkariekin batu da eta batzen jarraituko du auzotarren beharrak lehen eskutik ezagutu eta erantzuna emateko. Funts horretarako 15.000 euroko partida ezarri da. 

Kultura eta aiarren identitateari bultzada 547.983 eurorekin

Kultura-programaziorako, hezkuntza, kiroletarako, euskararako eta gazteriarako aurrekontuari eusten zaie, abian dauden proiektuetan ekintza berriak bultzatuz. Hori guztia herriko elkarteen eskutik: "Gizarte, kultura, gazte eta kirol eragileak dira gure udalerriaren motorra. Horregatik mantentzen ditugu arlo horietan diharduten gizarte-talde eta -eragileentzako diru-laguntzak". 547.983€ hartzen ditu alorrak bere osotasunean. 

Berrikuntza artean kokatzen da aurtengoan Herri Kirolen Federazioarekin ekintzak bultzatzeko urteko egutegia adostu dela. 80.000€-ko finantzazioa ezarri da kultur ekintzak eta kirol probak antolatzeko. 

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube