Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2021/01/27

EAJk proposatutako Ubitxa-San Kristobaleko igogailuak 2021ean egingo dira

Eibarko EAJ-PNV udal taldeak jeltzaleen zuzenketa baten ondorioz idatzitako proiektuaren berri eman du
EAJk proposatutako Ubitxa-San Kristobaleko igogailuak 2021ean egingo dira

Ubitxako behealdea eta San Kristobaleko punturik altuena lotuko dituzten igogailuak errealitate izango dira 2021ean, EAJ-PNVren ekimenez diseinatutako proiektua udal aurrekontuan sartu ondoren. Pasabide bana duten bi igogailuk Ubitxa auzoaren barrualdea zeharkatuko dute, eta etxebizitza askoren irisgarritasuna konponduko dute.

Ubitxako 2. zenbakiaren eta Potosioko etorkizuneko etxebizitza-eraikinaren arteko tartetik abiatuko da lehen igogailua. Eraikin horren atzeko parkean egingo du lehenengo geldialdia, etxebizitza-bloke horretarako irisgarritasun unibertsala bermatzeko. Igogailuak bigarren geltoki bat izango du, altuera handiagokoa, eta 27 metroko pasabide baten bidez lotuko du Ubitxa eta San Kristobal arteko gunea, 10 metroko kota-aldearekin. Puntu horretan, auzoaren bihotzean, aldapa berriak egingo dira, eta bigarren igogailu bat jarri. Horrela, Ubitxako 4 eta 6 zenbakidun atariak eta San Kristobaleko hainbat etxebizitza irisgarri izango dira. Bigarren igogailu hori izango da kalearen goialdera iritsiko dena, jaiak ospatzen diren plazatxotik metro gutxira, beste 10 metroko kota-aldea gaindituta.

Josu Mendicute Rodriguez Eibarko EAJ-PNV udal taldeko bozeramaileak azaldu duenez, bere alderdiak aspalditik defendatzen du proposamen hori. "Ni oraindik ez nintzen zinegotzia Eva Juezekin batera auzora joan nintzenean, auzotarren ordezkaritza batekin elkartzera. Irisgarritasun- eta birgaitze-plan bat bultzatzeko konpromisoa hartu genuen, eta halaxe defendatu dugu orduz geroztik. Behin eta berriz proposatu dugu gauzatzea, eta aurrekontuari zuzenketak egin dizkiogu 2016, 2017, 2018, 2019 eta 2020 urteetan, hurrenez hurren", adierazi du. "Bost urte gauza bera proposatzen, bete gabeko akordioekin, baina zorionez lortu dugu: 2021eko aurrekontuan jasota dago proiektua gauzatzeko behar den diru kopurua", esan dute jeltzaleek.

EAJ-PNVren zuzenketaren ondorioz, dagoeneko idatzita dago egikaritze-proiektua, dagokion azterlan topografikoarekin, zerbitzu-sareen azterketarekin eta abarrekin, eta onetsitako udal-aurrekontuan aurreikusi da hura gauzatzea. Hori dela eta, udal gobernuak proiektua gehiago ez atzeratzea eta lanak berehala hastea espero dute jeltzaleek.

"Eibarrek aurrera egin behar du, iraganeko arazoak konponduz eta etorkizunerako proiektu bati helduz. Eibarrek bi abiaduratan funtzionatzeari utzi behar dio. Auzo irisgarriagoa izateak desberdintasunak murrizten ditu eta ez dugu ikuspegi hori galtzen. Egazelain auzoaren berrantolaketa prozesua hasi zuen Eusko Jaurlaritzak. Horri jarraipena eman behar dio Udalak, Ubitxan eta San Kristobalen. Gure konpromisoa da bertako biztanleen eskaerei erantzutea, euren bizi kalitatea hobetzeko", azaldu du oposizioko lehen indar politikoaren bozeramaileak.

EAJk auzo osoa eraberritzea eskatu du

Alderdi jeltzaleak urteak daramatza Ubitxa-San Kristobal berroneratzea eskatzen. Horretarako, arreta berezia jarri du irisgarritasun-plana gauzatzean eta aparkaleku berriak eraikitzean. Batetik, Ubitxako goialdean (Unberako igoeran), eta bestetik, Fray Martín Mallean.

"Zonaldea asko hobetu da Eusko Jaurlaritzak eraiki dituen etxebizitzei esker, bai eta Mogeleko etxeen birgaitzeari esker. Birgaitze hori posible izan zen auzo-ekimenari eta erakundeen arteko elkarlanari esker, bereziki Eusko Jaurlaritzaren eta Europako funtsen finantzazioari esker. Baina Udalak bete beharreko erronkak geratzen dira, hala nola Ubitxa, San Kristobal eta Fray Martin Mallearen irisgarritasuna", azaldu du Josu Mendicute Rodriguez jeltzaleen bozeramaileak. Auzoaren utzikeria salatu du zinegotzi abertzaleak. “Udalak auzoak zaindu beharko lituzke. Aldian aldiko mantentze- eta garbiketa-lanak faltan botatzen ditugu”, gaineratu du. “Zer esanik ez Potosio eraikina. Urteak daramatzagu botatzea eskatzen, baina badirudi udal gobernuak ez diola promotoreari horrelako eskakizunik egin nahi”, deitoratu du. “EAJ-PNVren konpromisoa da gure esku dagoena egitea auzo osoa birgaitzeko”, amaitu du.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube