Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2020/12/20

Egoerari aurre egiteko elkarlana ezinbestekoa ezohiko urte honetan

Hasieratik udal baliabideak herritarren eskura jarri dira, aurreikusi gabeko egoera honi modurik eraginkorrenean erantzuteko, pertsonak eta beren beharrak erdigunean kokatuz, baliabideak zuhurtziaz eta ardurarekin kudeatuz, eragileekin, herritarrekin eta gainerako erakundeekin elkarlanean eta koordinatuta.
Egoerari aurre egiteko elkarlana ezinbestekoa ezohiko urte honetan

Udal gobernuak urteko azken egunak baliatu ditu aurtengo urteari errepasoa egin eta urtearen balorazioa egiteko.

Olatz Peon Ormazabal alkatearen hitzetan “urtea aurreikuspen batzuekin hasi eta inoiz pentsatuko ez genukeen egoera batean murgilduta ikusi dugu geure burua;  covid19ak baldintzatutako urtea izan da, ezohikoa eta ziurgabetasunez betea; kudeaketarako konplexu bezain zaila”. “Koronabirusak udal jardun osoan izan du eragina, baita herritar eta sektore guztiengan ere, horregatik, pandemiak gurean utzitako ondorioei aurre hartu eta egitera bideratu ditugu udal baliabideak, gure indarrak eta ahaleginak, zuhurtziaz eta arduraz kudeatuz, gainerako erakundeekin elkarlanean eta koordinatuta, sektore ezberdinekin batera lan eginez, lankidetza izan delako eta delako oraindik ere egoera honi aurre egiteko bide bakarra” gaineratu du.

Neurri guztiak pertsonak erdigunean jarrita eta eragile ezberdinekin eta sektore guztietako ordezkariekin elkarlanean landu eta jarri ditu martxan udal gobernuak. Bilerak egin dira sektore eta arlo ezberdinetako ordezkari guztiekin, ostalariekin, merkatariekin, turismo arloko eragileekin, lehen sektorekoekin...beren benetako beharrak entzun eta horiei erantzuteko. Eta bide horretan, hainbat eta hainbat neurri hartu dira eta egitasmo berriak jarri dira martxan aurtengo urtean.

Egoerari erantzuteko 50 neurri baino gehiago eta 1,3 milioi euroko Suspertu Plana

Osasun Larrialdi egoera ezarri aurretik, martxoaren 12an, eratu zuen Prebentzio Mahaia udal gobernuak egoeraren jarraipen estua egin eta beharrezkoak izan diren hainbat neurri hartzeko. Neurri oso zorrotzak eta erabaki zailak hartu behar izan dira, gustukoak ez, baina beharrezkoak izan direnak aurrera egiten jarraitzeko.  

Udala, egun batetik bestera berrantolatu behar izan zen modu telematikoan herritarrak artatzeko eta herritarrei zerbitzua ematen jarraitzeko, aurreikusi gabeko egoera honen aurrean tolosarren beharrei modurik eraginkorrenean erantzuteko. Martxotik apirilera, guztira, 50 neurri baino gehiago hartu zituen udal gobernuak, arreta berezia jarrita kolektibo ahulenen, kalteberatasun egoeran edota menpekotasun egoeran zeuden tolosarrengan, horiei zuzendutako zerbitzuak berregokituz edota indartuz: indarkeria matxista jasaten duten emakumeei edota adineko pertsonei bideratutakoak, esaterako.

Gizarte Zerbitzuen alorrean ere, denbora honetan, laguntza lerroak indartu eta zerbitzuak areagotu dira jangela sozialeko erabiltzaileen beharrei erantzuteko, elikagai bankuko elikagai banaketa osatzeko, etxez etxeko zerbitzua sendotzeko, kalean bizi diren pertsonak artatzeko edota adineko pertsonen bakardade egoerari aurre egiteko.

Itxialdian, online zerbitzu eskaintza nabarmen areagotu zen kirol eta kultur arloetan bereziki, Azoka Zure Etxera egitasmoa ere jarri zen martxan eta gerora, azoka egoera berrira egokitu eta segurtasun berme guztiekin aurrera eramateko hainbat plan, protokolo eta inbertsio egin ditu udalak. Eta garbiketa lanak nabarmen areagotu dira herritarren segurtasuna bermatzen jarraitzeko.

Itxialdiak sortutako ondorioei aurre egiteko eta tolosarrak babestu eta Tolosa sustatzen jarraitzeko, 2020 urteko aurrekontua berregokitu eta 32 neurri barnebiltzen zituen #SuspertuTolosa plana garatu zuen udal gobernuak, 1,3 milioi euroko aurrekontuarekin.

Plan honen baitan hainbat laguntza lerro eta egitasmo jarri dira martxan azken hilabeteotan, besteak beste, merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sektoreei bideratutako bonuak, autonomo eta mikroenpresen gastuei aurre egiteko diru laguntzak, inbertsioetarako diru laguntzak, Azoka Lagunak proiektu berria, Kultura Plazara egitasmoa, udara eta udazkeneko kultur programazioak eta Guztion artean Tolosatzen partaidetza prozesua.

Era berean, hitzarmena indartu da Tolosa&Co elkartearekin, aholkularitza eskaini da diru laguntzen kudeaketarako, ekintzailetza sustatzeko jarduera berriak antolatu dira eta obra publikoa ere sustatu da jarduera ekonomikoa bultzatzeko neurri modura, ahal izan den neurrian aurreikusitako proiektuei ere eusteko.

Oposizioaren konfrontazio estrategiaren aurrean, elkarlanerako aukerarik ez

Azken Osoko Bilkuran oposizioak egindako adierazpenekin eta urte osoan zehar eta bereziki, azken denbora honetan EH Bilduko udal taldeak izandako jarrerarekin haserre eta kezkatuta agertu da udal gobernua, batasuna inoiz baino beharrezkoagoa izan den urte honetan oposizioak elkarlanari uko egin diolako.

Oposizioaren elkarlanerako borondatea itxurakeria hutsa izan da, lankidetzarako borondate errealik ez dutelako izan, EH Bilduk denbora honetan beste helburu batzuk lehenetsi dituelako, helburu politiko, estrategiko eta komunikatiboak. Kanpora begira elkarlanerako borondatea azaldu nahi izan badute ere, udal gobernuarekiko jarrera guztiz bestelakoa izan da.

Herritarrei mezu bateratuak emateko unean uko edin diete udal gobernuaren gonbidapen guztiei; urte osoan zehar neurri eta proposamen berriak landu direnean, batzordeetan ez dute ekarpenik egin eta urtea amaitzeko hilabete falta denean egin dituzte hainbat proposamen, udal baliabideak eta udal prozedimenduak kontuan izan gabe eta horiek errespetatu gabe, hedabideetan ateratzeko helburu hutsarekin, sakoneko lanketa errealik egin gabe.

Udal gobernuak azpimarratu du EH Bilduk denbora honetan aurkeztutako proposamenek zehaztasun falta izugarria izan dutela, esaterako, merkataritza eta ostalaritzarako diru lerroa proposatu dute, zertarako zehaztu gabe. Hainbat bileretan proposamenak lantzeko eta zehazteko eskatu zaie, konpromiso hori ere hartu dute, baina ez dute ariketa hori egin; beraz, aurrekontuak negoziatzeko borondaterik ez dute izan.

Eta bizi dugun egoerak seriotasuna eta ardura eskatzen dute eta arduraz jokatzea da errealitateari lotutako eskaerak lantzea eta zehaztea, aurrekontuak aztertzea eta kontuan izatea, udal baliabideak ez direlako mugagabeak. Oposizioan zaudenean, inolako ardurarik izan gabe, proposamenak egitea erraza da, baina proposamen horiek nola gauzatuko diren, egingarriak ote diren edota horiek aurrera eramateko aurrekonturik badagoen aztertu gabe herritarrei proposamen horien berri ematea arduragabekeria da.

Azken Osoko Bilkuran kreditu aldaketen aukera jarri zuten mahai gainean, orain arte aipatu eta aztertu ere egin ez dutena. “Likidazioa egiten dugunean ikusiko dugu zein kreditu aldaketa egiteko aukera dugun, baina une honetan, 2021 urterako aurrekontuak lantzeko ariketa egin behar genuen, udal jardunerako erramintarik nagusiena delako,  eta egiari zor, aurrekontu proposamena lantzeko unean EH Bilduk ez du lanik, ez ahaleginik egin beren proposamenak zehazteko, lantzeko eta aurrekontu proiektuan txertatzeko, kritika hutsean geratu da oposizioaren papera aurrekontu proiektuaren negoziaketa eta lanketan, elkarlanerako borondate errealik ez dagoelako” azpimarratu dute.

“Baina egoerari aurre egiten jarraitzeko batasuna eta lankidetza ezinbestekoak direnez, eta akordioetarako iristeko gaitasuna izatea ere bai, orain arte bezala elkarlanerako eskuak zabalik  izango ditugu, horretarako benetako borondaterik bada” gaineratu dute.

Amaitzeko udal gobernuak adierazi du datorren urtean ere beren onena ematen jarraituko dutela egoerari aurre egiten eta etorkizuneko Tolosa irudikatzen jarraitzeko, tolosarren beharrei erantzuteko eta tolosarrei emandako hitza betetzeko. “Tolosarrak erabaki, neurri eta proiektu ororen erdigunean jarriko ditugu, elkarrekin aurrera egiten jarraitu dezagun, inor atzean utzi gabe; udalak dituen baliabideak, zuhurtziaz eta dagokigun arduratik kudeatzen jarraituta, elkarrekin eta elkarlanean” esanez amaitu dute.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube