Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2020/12/02

Baliabide guztiak jarriko ditugu eta neurri guztiak aplikatuko ditugu kaltetuenak diren kolektiboak babestu eta osasun krisiaren ondorio ekonomikoak gainditzen laguntzeko

Hartutako neurriek eta datuek argi eta garbi erakusten dute Aldundia konpromiso eta ahalegin handia egiten ari dela ostalaritza-sektoreari laguntzeko, eta jakitun izanik, ostalaritzak duen garrantziaz eta pisuaz Gipuzkoako ekonomian, enpleguaren sorreran eta beste sektore batzuk dinamizatzeko gaitasunean
Baliabide guztiak jarriko ditugu eta neurri guztiak aplikatuko ditugu kaltetuenak diren kolektiboak babestu eta osasun krisiaren ondorio ekonomikoak gainditzen laguntzeko

Saioa Bandres EAJ-PNVko batzarkide Gipuzkoako Batzar Nagusietan euskal ostalaritzaren erreskate planari dagokionez adierazi du, "Oso positibotzat jotzen dugu ostalaritzak egin duen ahalegina egoera oso konplexu batera egokitzeko eta osasuna bermatuz, osasun protokolo guztiak betetzeko. Erakundeok laguntzeko gaude, batez ere txikienei, eta hartu beharreko neurriak hartzen ari gara. Ez dezagun ahaztu ostalaritza-sektoreak, enplegua sortzeaz gain, merkataritzarekin batera, gure kaleei bizia ematen diela, jarduera dinamizatzen duela, eta biak oso lotuta daudela gure bizimoduarekin eta sozializazioarekin”.

“Gipuzkoako Foru Aldundiak hasieratik jakin badaki pandemiak gizartean eta ekonomian eragin larriak izan duela, eta, beraz, birusa ez zabaltzeko eta pertsonen osasuna zaintzeko neurriak hartu ditu eta hartzen jarraituko du etorkizunean ere, eta aldi berean, pandemiak dakartzan zailtasun ekonomikoak arintzeko neurriak ere hartu ditu, Covid-19ko krisiak gehien zigortu dituen sektore ekonomikoak suspertzeko. Gure ostalaritza – jarraitu du Saioa Bandresek – sektore horietako bat da, eta arreta berezia eskaintzen diogu". "Hori dela eta – azpimarratu du – pandemiaren lehen olatuaren beheraldian Gipuzkoako Ekonomia eta Gizarte Berreskurapenerako Plana jarri zen martxan, lurraldeko enpleguan eta ongizatean “funtsezkoa” den eta krisiak gogor zigortzen ari den sektorearen behar zehatzei erantzuteko helburuarekin. Gure lurraldeko udalekin lankidetza estuan garatzen ari den plana”.

“Atzo bertan – jarraitu du batzarkide abertzaleak – Aldundiak kontseiluan onartu zuen "carry-back" delakoa, hau da, 2020an galerak dituzten autonomoei 2019ko zergak itzultzea. Aurten izandako galerak, iaz izandako irabaziekin konpentsatzeko aukera emango diena. Neurri horrek likidezia injekzio garrantzitsua emango die krisiak gehien kaltetutako kolektiboei. Izan ere, foru gobernu honetan sustapen ekonomikoaren aldeko apustua egiten dugu, kasu honetan fiskalitatearen bidez, kaltetuenak diren kolektiboak babestu eta  krisiaren ondorio ekonomikoak gainditzen laguntzeko”.

“Horrez gain – jarraitu du Saioa Bandresek –, nabarmendu behar da susperraldi ekonomikorako programa berri hau eta hartutako neurri guztiak diseinatu eta garatzeko orduan, kontuan hartu direla ostalaritza bultzatzeko erakunde-maila desberdinetatik hartzen ari diren neurriak eta sektoretik jasotako eskaerak, osagarritasuna, baliabideen ahalik eta aprobetxamendu handiena eta dauden premiei erantzun eraginkorrena emateko. Horrela, bada – gaineratu du –, Eusko Jaurlaritzak neurri eta laguntzetan izan duen parte-hartzea funtsezkoa izan da, joan den maiatzean hasi eta hilabete hauetan zehar zabaldutako neurriekin: maiatzetik ostalaritzarako laguntza zuzenen lerro aktiboa zabaldu zuen, 7,5 milioi eurokoa, jarduera garatzen den lokalaren erosketa estaltzera bideratutako hipoteka-maileguen edo mailegu pertsonalen alokairu-gastuetarako (amortizazioa + interesak), edota produktu galkor edo freskoaren hornidura eskuratzeko gastua. Joan den azaroaren 3an – azpimarratu du Saioa Bandresek –, ostalaritzarako laguntza beste 7,5 milioi handitu da, eta, azkenik, azaroaren 10ean onartutako premiazko plana, ostalaritza-sektorerako 30 milioi gehiagorekin, enpresa bakoitzeko langile atxikien kopuruaren arabera, autonomo eta soldatapekoak zenbatuta, bai jardunean daudenak, bai LTE baten mende daudenak. 3 langile baino gutxiagoko establezimenduek 3.000 euroko laguntza jasoko dute; 10 langile artekoek 3.500 euro eta 10 langile baino gehiagoko establezimenduek 4.000 euro”.

Saioa Bandresek argi utzi du, datu horiekin, ostalaritza-sektorearekiko eta gure lurraldeko eta herriko gainerako sare ekonomikoarekiko erakunde guztien konpromisoa: Udalena, Foru Aldundiena eta Eusko Jaurlaritzarena, jakitun izanik ostalaritzak Gipuzkoako ekonomian duen garrantziaz, enpleguaren sorreran eta beste sektore batzuk dinamizatzeko gaitasunean.

Oposizioko taldeei dagokienez, Saioa Bandres EAJ-PNVko batzarkideak gogorarazi du ez dela garaia bizi dugun krisi sozio-ekonomikoaren egoerari etekin politikoa ateratzeko. "Gaur Batzar Nagusi hauetan ostalaritza sektorearentzat premiazko laguntzak eskatzen dituzten talde batzuk, pandemiaren lehen olatuan sektore horren erabateko itxiera eskatzen zuten berberak zarete, herrialdearen erabateko itxiera eskatzen zenutenak, alegia. Eta orain, inongo lotsarik gabe, zuek zarete itxi nahi zenuten sektore horrentzako laguntza eske zatoztenak. Nahikoa da postureo politiko eta estrategia alderdikoiez. Foru Gobernua higatzeko helburu bakarrarekin edozein gai, mundu mailako pandemia eta krisi egoera bat ere, aitzakitzat hartzen duen estrategia antzua, Gipuzkoarron interes orokorrari inongo ekarpenik egiten ez dion estrategia politikoa”. "Bada, ez jaunak – azpimarratu du Saioa Bandresek –, Batzar Nagusi hauetatik, Foru Gobernu honetatik eta Gipuzkoako Udaletatik, guk gure ostalaritzaren eta gure tokiko merkataritzaren alde egiten jarraituko dugu, eta, horretarako, ahal ditugun baliabide guztiak jarriko ditugu, eta egokitzat jotzen ditugun neurri guztiak aplikatuko ditugu birusa ez zabaltzeko, pertsonen osasuna zaintzeko eta gure ekonomia suspertzeko. Izan ere, hori baita Gipuzkoarren interes orokorrari erantzutea, guri axola zaiguna, beste herrialde batzuetan ezarri diren neurriekin bat etorriz ezarritako neurriez, mundu mailako pandemiari erantzun nahi diotenak” amaitu du.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube