Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2020/12/01

Galerak dituzten autonomoei pasa den urtean ordaindu zituzten zergak itzuliko dizkie Gipuzkoak

Eider Mendoza foru bozeramaileak neurriak duen potentziala nabarmendu du, adieraziz eskaria egiteko prozedura “oso sinplea eta erraza” dela
Galerak dituzten autonomoei pasa den urtean ordaindu zituzten zergak itzuliko dizkie Gipuzkoak

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak foru dekretu-arau berria onartu du gaur, neurri fiskal berriak jasotzen dituena. COVID-19 gaitzaren krisia hasi zenetik, foru erakundeak onartzen duen zerga alorreko hamaikagarren dekretua da. Neurri hauen artean, carry-back delakoa nabarmentzen da, Eider Mendoza foru bozeramaileak honela azaldu duena: “Praktikan, 2020 honetan galerak izan dituzten autonomoei, 2019ko zergak itzuliko dizkiegu. Hau da, aukera emango diegu aurten izan dituzten galerak pasa den urtean izan zituzten irabaziekin konpentsatzeko”. Foru arduradunak zaldu duenez, laguntza neurri “indartsua” da, likidezia injekzio nabarmena emango baitie krisiak gehien kaltetu dituen autonomoei.  

Mendoza hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, astero bezala, Diputatuen Kontseiluak hartutako erabakien berri emateko. Bertan eman du carry-back izeneko neurriaren berri. Azaldu duenez, autonomo askok une honetan duten arazoa da sarrerarik ez dutela edo oso baxuak dituztela, eta gastuek berdin jarraitzen dutela. “Laguntza hau zehazki zergadun horiei dago zuzenduta: aurtengo zergak ez dituzte ordaindu beharrik, ordainketa zatikatuak salbuetsita dituztelako, eta carry back-arekin aurreko urteko zergak ere itzuliko dizkiegu”. Honekin batera, foru arduradunak nabarmendu duen beste puntua da laguntza hau eskatzeko prozedura oso sinplea dela. “Eredu bat aurkeztea besterik ez da, non laukitxo bakarra bete behar den; kenkariaren zenbatekoa ere Ogasunak emango dio zergadunari”, zehaztu du.

Dekretuari modu orokorrean begiratuta, bozeramaileak esan du neurri gehienak modu harmonizatuan hartu direla, Araba eta Bizkaiarekin elkarlanean, eta horregatik “balio kualitatibo handiko” erabaki sorta bat dela gaur onartutakoa. “Neurri hauen helburua nagusia, krisialdiaren hasieratik egin dugun bezala, gure zergadunei erraztasunak ematea da; Ogasuna eta fiskalitatea ez daitezela oztopo izan. Horregatik, neurri hauekin malgutasun gehiago eskaintzen diegu eta epe motzean likidezia eman, likidezia hori lortzeko zailtasunak izan ditzaketen testuinguru batean”, esan du. Gehitu duenez, neurri hauek krisiak bereziki kaltetu dituen kolektiboei zuzenduta daude: autonomo, mikroenpresa, enpresak txikiak, ERTE edo ERE egoeran dauden langileak… “Honela, fiskalitatearen eskutik, Aldundiak eta Ogasunak ekonomia sustapenaren alde egin nahi dugu, krisiak dituen ondorio ekonomikoak leundu, arindu eta gainditzen laguntzeko”, nabarmendu du.

Onartutako neurrien artean, aipagarrienak dira zerga aitorpena aurkezteko derrigortasunaren muga 12.000 eurotatik 14.000 eurotara igotzen da. Bestalde, ordaintzaile bat baino gehiago dauden kasuetan, 20.000 euroko muga ezartzen da, bigarren ordaintzaileak 2.000 euroak gainditzen ez dituenean. Gerorapenak ere ezartzen dira, autonomo, mikroenpresa eta enpresa txikiei zuzenduta; urtarrila eta apirilaren artean eskatu ahal izango dituzte. Autonomoen ordainketa zatikatuei dagokionean, laugarren hiruhilekoan ez dute egiteko derrigortasuna izango, aurreko hiru hiruhilekotan bezala. Eta, bestalde, administrazio publikoek eman dituzten COVID-19 laguntzak salbuetsita geratzen dira. Neurri sorta guztia foru dekretu-arauan dator jasota, datozen egunetan argitaratuko dena Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.

Azkenik, neurrien inpaktu ekonomikoari dagokionean, Mendozak adierazi du aurreikuspenak egitea “oso ariketa zaila” dela hartutako neurri gehienen kasuan. “Kasu askotan, ezinezkoa, aurretiaz ezin baita jakin esaterako zenbatek erabiliko duten pizgarri jakin bat edo lehenago edo beranduago egingo duten zerga ordainketa”, esan du. Egindako estimazioei dagokionean, foru Ogasunak espero du gerorapenen inpaktua 160 milioi eurokoa izango dela, autonomoen ordainketa zatikatuaren salbuespena 16 milioi eurokoa eta, azkenik, carry-back-aren eragina 13 milioi eurokoa. “Ikusten den bezala, zifra esanguratsuak dira, eta Ogasuna eta Aldundia ekonomiari laguntzeko egiten ari diren ahaleginaren isla dira”, azaldu du.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube