Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2020/11/10

Covid-19ak ekarri digun egoera ez-ohikoa ahaztu barik, oñatiarren egungo beharretara egokitutako udalerri jasangarria eraikitzea da gure lehentasuna

Tokiko ekonomia, kultura eta hezkuntza, oñatiarren beharretara egokitutako herri jasangarria eta kirola eta osasuna izan dira EAJ udal taldeak udal gobernuarekin adosteko eta lantzeko borondatearekin aurkeztu dituen proposamenen ardatzak eta “egingarriak eta oñatiarrentzat onak diren proposamen horiek 2021eko aurrekontuan txertatzea borondate politiko kontua dela”.
artxibo irudia

2021erako aurrekontuen lanketan bere alea jartzeko helburuarekin eta  guztion artean oñatiarren beharrei hobekien erantzuten dieten aurrekontuak osatze aldera, proposamen sorta aurkeztu du EAJ udal taldeak, gobernu taldeak aurrekontu proiektuan txertatzeko aukera azter dezan. “COVID 19 gaixotasunak ekarri digun egoera ez-ohikoa ahaztu barik, oñatiarren egungo beharretara egokitutako udalerri jasangarria eraikitzea da gure lehentasuna” azaldu dute jeltzaleek. Horregatik aurkeztu dituzte jeltzaleek osasun krisiak gehien kaltetu dituen sektoreei begirako proposamenak, baita oñatiar guztientzako Oñati iraunkor bat egiteko proposamenak ere.

Pandemiaren ondorioz, merkataritzaren eta ostalaritzaren egoera "kritikoa" aintzat hartuta,  ostalaritzan eta merkataritzan, COVID 19ak eskatzen dituen neurrietara egokitzeko inbertsioak laguntzeko, baserriko produktuen salmenta digitala sustatzeko, merkataritza eta ostalaritzaren digitalizaziorako formakuntza programa martxan jartzeko eta urtean zehar tokiko merkataritzaren aldeko kontzientziazio kanpainak egiteko kontu-sailak proposatu ditu EAJk.

Kulturaren eta artearen sektoreak ere kaltetuak gertatu dira pandemiaren testuinguruan, horregatik aurten inoiz baino arrazoi gehiago aurkitzen ikusten dituzte jeltzaleek, Kultura Saria proposatzeko “aurten aitorpen hori egiteko inoiz baino behar handiago dagoela uste dugu”. Hezkuntzan ere egin dituzte proposamenak jeltzaleek, besteak beste, DBHn eta Batxilergoan Gogora Institutuaren egitasmoa aurkeztea, Oñatiko ikastetxeetako liburutegiak hornitzen laguntzeko diru-lerroa edota Musika-eskola berrirantz pausoak ematen hasteko kontu-saila.

Gainera, oñatiarren beharretara egokitutako Oñati iraunkor bat eraikitzeko bidean jarri ditu EAJ udal taldeak hainbat proposamen mahai gainean, hala nola, zahartze aktibo bat sustatzeko Euskadi Lagunkoia egitasmora atxikitzea, bizikidetza ordenantza idazteko parte-hartze prozesu bat abiaraztea, Olakua-Olapotoko irisgarritasun planaren faseetan aurrera egitea, Arantzazuko komunak konpontzea eta  Urrutxuko zabortegi zaharra iragazgaitzeko exekuzio proiektuaren 2. fasea eta bide ondoak urbanizatzeko proiektua egitea.

EAJk Oñatin kirolaren inguruan dagoen zaletasuna ere azpimarratu nahi izan du eta horren harira azaldu dute jeltzaleek “ezinbestekoa iruditzen zaigu kirola egiteko gune eta aukera berriak eskaintzea”. EAJ udal taldearen iritziz, badira kirol-diziplina batzuk, atletismoa esaterako, azpiegiturarik ez dutenak eta Urrutxun atletismo pista eraikitzeko proiektua egitea proposatu dute. Egun dauden azpiegiturak ere ez dituzte ahaztu nahi izan jeltzaleek eta berriz ere mahai gainean jarri dituzte Azkoagaineko futbol zelaiak dituen gabeziak “denok dakigu zein den Azkoagainen egungo egoera, garaia da Azkoagain bere osotasunean aztertzeko, zuloak estaltzea baino gehiago egiteko eta kanpo berri baten proiektuarekin hasteko”.

Bestalde, joan den urtean jeltzaleek proposatuta aurrekontuan sartu eta gauzatu gabe gelditu diren kontu-sailak berriz ere 2021eko aurrekontuan jasotzea eskatu du EAJk “2020ean gauzatu barik gelditu dena 2021ean gauzatzea nahiko genuke, hala nola, azterketa garaian kultur-etxean ikasgelak zabaltzea,  adikzioen kontsumoaren inguruan adinkako diagnostikoa egitea eta landa-auzoetako argiteria hobetzea Murgixa eta Berezao auzoei lehentasuna emanez”.

Horiez gain, aurrekontu parte-hartzaileen bidez proposatuta 2020ko aurrekontuan jaso eta egin gabe geratu den adinekoen aire libreko jolas-parkea 2021eko aurrekontuan sartzea eta gauzatzea ere eskatzen dute jeltzaleek “lehen ere esan izan dugun moduan, bereziki garrantzitsua iruditzen zaigu herritarrek parte-hartzearen bidez erabakitakoa betetzea, herritarrei zor diegun errespetuagatik eta baita etorkizunean egiten diren prozesuetan parte-hartzeko motibazioa galera ez eragiteko ere”.

“2020rako proposatu genituenetatik gutxi batzuk jarri ditu martxan udal gobernuak, aipagarrienak ostalaritzan eta zaintza lanetan euskara sustatzeko programa eta nekazaritzaren eta abeltzantzaren diagnosia. Hala ere, herri ordezkariak garen heinean, gure ardura da oñatiarrentzat lan egitea eta aurten ere aurrekontuetarako proposamenak aurkeztea erabaki dugu” azaldu du Ainhoa Galdos bozeramaile jeltzaleak. “Herrigintzan sinisten dugu eta oposiziotik ere gure ekarpena egin dezakegulakoan gaude” jarraitu du Galdosek “udal gobernuarekin adosteko eta lantzeko borondatearekin egiten dugu gure ekarpena eta uste dugu egingarriak eta oñatiarrentzat onak diren proposamen horiek 2021eko aurrekontuan txertatzea borondate politiko kontua dela”.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube