Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2020/11/06

Tokiko merkataritza eta ostalaritza suspertzera 120.000 euro bideratu ditu Tolosako Udalak

Tolosako merkataritza eta ostalaritza sektoreak indarberritzeko laguntza lerro berria martxan jarri du udalak, Covid-ak sortutako krisiari aurre egin eta beren jarduera ekonomikoa egungo egoerara egokitzeko beharrezkoak diren inbertsioetarako gastuei aurre egiten laguntzeko.
Tokiko merkataritza eta ostalaritza suspertzera 120.000 euro bideratu ditu Tolosako Udalak

Tokiko jarduera ekonomikoa sustatzeko eta bultzatzeko beste urrats bat eman du Tolosako Udalak, herriko merkataritza eta ostalaritza suspertzera bideratutako laguntza lerro berri bat martxan jarriz. Guztira, 120.000 euro  bideratuko dira, Covid-ak sortutako krisiari aurre egin eta establezimendu komertzialek zein taberna eta jatetxeek beren jarduera ekonomikoa egoera berrira egokitzeko egindako inbertsio gastuei aurre egiten laguntzeko.

Suspertu Tolosa planaren barruan aurrez eragile ekonomikoei zein autonomoei eta mikroenpresei bideratuta emandako laguntzei eta merkataritzara eta ostalaritzara bideratuta egindako bono kanpainei gehituko zaio orain laguntza lerro berri hau. .

Tolosako merkataritza eta ostalaritza suspertzera bideratutako laguntza lerro berri honetarako Udalak 50.000 euro jarri ditu eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko departamenduak aldiz, 70.000 euro.

120.000 euroko diru partida

Diru laguntza eskatu ahal izango dute Tolosan merkataritzako edota ostalaritzako establezimenduren bat duten autonomoek eta 30 langile baino gutxiagoko entitateek.

Salbuespen gisa laguntza eskatzeko eskubidea izango dute, baita ere, ondorengo zerbitzuetako jarduerek: ehun eta larru janzkien garbiketa eta ikuzketakoek eta ile apaindegi eta beste edertasun tratamenduko establezimenduek.

Diruz lagundu daitekeen gastua gutxienez 30 eurokoa izango da eta gehienez ere 1.500 eurokoa, eskaera bakoitzeko. Onuradun  batek establezimendu bat baino gehiago badu, gehieneko zenbatekoa 300 euro handituko da establezimendu gehigarri bakoitzeko, eta gehienez ere bi establezimendu gehigarri lagunduko dira.

Erabilgarri dagoen kredituarekin ez bada nahikoa eskari guztiei erantzuteko, diru laguntzaren zenbatekoa proportzionalki banatuko da baldintzak betetzen dituzten eskaera guztien artean.

Diruz lagunduko diren jarduerak

2020ko martxoaren 14tik azaroaren 15era artean egindako jarduerak lagunduko dira diruz, zehazki honako hauek:

  • Covid-19 gaitzari eta honen ondorioz ezarritako segurtasun eta osasun irizpideei eta protokoloei aurre egiteko lokaletan egin diren egokitzapen lanak: igeltserotza, iturgintza, elektrizitatea, kristaleria, klimatizazioa, arotzeria eta oro har esku hartzea aurrera eramateko izapidetutako obra lizentzien eskaerari edo erantzukizunpeko adierazpenari edo aurretiko jakinarazpenari erantsitako aurrekontuan jasotako guztiak. Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira halaber, inbertsio horiek egiteko beharrezkoak diren azterketak.
  • Segurtasun eta osasun irizpideak eta protokoloak betetze aldera, lokalak egokitzeko ekipamendua: lurruneztagailuak, airea berritzeko eta arazteko sistemak, termometro digitalak, gorputzeko tenperatura neurtzeko kamerak, esterilizagailuak, deskontaminatzeko alfonbrak, manparak…
  • Bezeroekin eta hornitzaileekin lan erlazio berriak egokitzearen ondoriozkoak: bezeroen fidelizazio sistemak kudeatzeko, instalatzeko eta abian jartzeko softwarra; bezeroekiko harremanekin lotura zuzena duen ekipamendu informatikoa; online saltzeko sistemak; karta digitalaren diseinua eta garapena; saltokiaren webgunea gaitu mugikorretara egokitzeko aplikazioaren garapena; etxean entregatzeko sistemak abian jartzeko sistemak…

Azaroaren 26ra arteko epea egongo da eskaerak aurkezteko

Diru laguntza eskaera establezimenduaren titularrak edo legezko ordezkariak aurkeztu beharko du, Tolosako Udalak bere webgunean argitaratu duen eskabide ofizialaren eredua jarraituz. Eskaerak aurkezteko epea 2020ko azaroaren 26an amaituko da.

Informazio gehiago behar izanez gero deialdiari buruzko informazioa ondorengo estekan jaso daiteke https://labur.eus/m4BxO eta zalantzarik izanez gero edota laguntzarik behar ezkero diru laguntzak eskatzeko Garapen Ekonomikoa, Turismoa, Merkataritza, Azokak eta Enpleguaren sustapenerako sailera jo daiteke merkataritza@tolosa.eus helbidera idatzita edota 943 65 44 66 telefonora deituta.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube