Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2020/11/05

Hondakinen edukiontziak zabaltzeko pedalak jartzea ahalbidetzeko eskatu du EAJ-PNV udal taldeak

“Sarrailen arazoak konpondu arte pedalarena albo batera utzi izana ez da erabaki zuzena izan gure ustez. Batetik, premiazkoa delako irisgarritasun nahiz higiene arrazoiengatik, hau da, covid 19aren testuinguruan eskuekin gainazalak ukitzea saihesteko beharra. Bestetik, beste kasu batzuei erreparatuta, pedala jartzeak sarrailaren arazoa konpontzen lagunduko lukeela uste dugulako”.
Hondakinen edukiontziak zabaltzeko pedalak jartzea ahalbidetzeko eskatu du EAJ-PNV udal taldeak

3 urte bete dira 2017ko azaroan Errenterian hondakin bilketa sistema berria ezarri zenetik. Ez zen aurreikusi momentu hartan ez edukiontzi marroietan eta ez grisetan pedalik jartzea eta “erabiltzen hasi orduko argi geratu zen zenbait pertsonak edukiontziak zabaltzeko zailtasunak zituztela eta gainerakoentzat ere ez zela batere erosoa hondakinen poltsa eta txartela eskuetan edukita tapa ere eskuekin zabaldu behar izatea” azaldu dute jeltzaleek.

Urola Kostan ere hondakin bilketa sistema berria ezarri zen 2018ko lehen hiruhilekoan, kasu honetan sistema mankomunatua, eta Errenteriako jeltzaleen informazioaren arabera, Errenterian bezala, berehala ohartu ziren pedalaren garrantziaz, “Errenterian ez bezala, ordea, Urola Kostan berehala hartu zen pedala jartzeko erabakia” azaldu du Elixabete Murua bozeramaile jeltzaleak.

Garbiñe Oiarbide EAJ udal taldeko zinegotziak gogora ekarri du 2018ko ekainaren 19an egin zen Lurralde Batzordean mahai gainean jarri zuela pedalaren beharra “ekainerako Zarautzen pedala jarrita zuten edukiontziek eta begi-bistakoa zen pedalak ematen zuen erosotasuna eta irisgarritasuna”. Urola Kostako adibidea azaldu zuen zinegotzi jeltzaleak batzorde hartan eta kasu hori aztertzeko Urola Kostako mankomunitatearekin harremanetan jartzeko eskaera egin zion  udal gobernuari “besteek egindakoetatik ere ikasi daitekeelako”. Momentu hartan jasotako erantzuna izan zen hondakinen jarraipen batzordera eraman beharreko gaia zela eta udalak jasotako informazioaren arabera ezin zela pedalik jarri.

Errenteriako EAJ udal taldearentzat ez zen nahikoa izan erantzun hori eta geroztik “Lurralde Batzordean eta hondakinen jarraipen batzordean eskaera behin eta berriz egin dugu eta jaso dugun erantzuna izan da sarrailekin dagoen arazoa konpondu arte ez dela aztertuko pedalen gaia” azaldu du Elixabete Muruak eta jarraitu du “bi urte baino gehiago pasa dira eskaera egin genuenetik eta ez da ez sarrailen arazoa konpondu eta ez pedalena ere, horregatik, joan den astean egin zen hondakinen jarraipen batzordean berriz ere jarri genuen pedalen gaia mahai gainean”. Muruak azaldutakoaren arabera, jarraipen batzordean aipatu zen edukiontzien irisgarritasunaren gaia Sanmarko mankomunitatean atera zela, baita datorren urtera begira edukiontzi irisgarri bat probatzeko aukera ere eta sarrailei dagokienez, “batzordean azaldu zitzaigun arazoa nondik datorren jakitea lortu dela azkenean, tapak kolpetik ixtearen ondorioz hondatzen omen dira sarrailak”. “2018ko ekainean arazoa aztertzeko egin genuen eskaeratik ia bi urte eta erdi pasa diren honetan uste dugu badela garaia arazoari erantzun bat emateko” adierazi du Elixabete Muruak “ez EAJk eskatzen duelako, edukiontziak zabaltzeko arazoak dituzten errenteriar askok eta askok eskatzen dutelako baizik”.

Errenteriako EAJ udal taldearen ustez eta udal taldeak eskura dauzkan datuen arabera, edukiontziei pedala jartzea ez litzateke soilik egokia izango irisgarritasuna hobetzeko, sarrailek ematen dituzten arazoak konpontzeko ere lagungarria liteke, izan ere, “pedalen sistema jarrita tapa ez da kolpetik ixten, poliki poliki baizik”. EAJ udal taldeak azpimarratu nahi izan du Urola Kostako edukiontziak desberdinak badira ere bi kasuetan sarrailak Dorlet markakoak direla eta “Urola Kostan ez dituzte Errenterian ditugun arazoak”.

Urola Kostan dauden edukiontziak desberdinak badira ere (Ros Roca) Errenterian dauden edukiontziek ere pedala izan dezaketela uste dute jeltzaleek “Contenur enpresak pedalarekin ez ezik, eskuz irekitzeko palankarekin ere egiten dituelako itxuraz behintzat Errenterian dauden edukiontziak bezalakoak direnak”.  EAJk argitu nahi izan du, hala ere, joan den astean eskatu ziotela ingurumen sailari Errenterian dauden edukiontzien kopuruaren eta modeloaren inguruko informazioa eta “edukiontzi kopurua zein den esan bazaigu ere edukiontzien modeloak zeintzuk diren ez zaigu argitu, beraz, ezin dugu ziurtatu zein modelo diren” dio Muruak.

Lortutako informazioarekin aldaketak suposatuko lukeen dimentsio ekonomikoaren ideia bat egiteko kalkulu xume bat egin dute jeltzaleek “estimazio hori ez da erreala izango, beste edukiontzi enpresa batez ari garelako, baina diferentziak ez luke oso handia izan behar gure iritziz”. Horiek horrela eta Urola Kostan edukiontziei pedala jartzeko aurrekontua edukiontzi bakoitzeko 256,51 eurokoa izanik “edukiontzi guztiei pedala jartzea 77.500 euro inguru kostatuko litzateke”.

Emandako arrazoiengatik eta azaldutako datuetan oinarrituta, EAJ udal taldearen iritziz “sarrailen arazoak konpondu arte pedalarena albo batera utzi izana ez da erabaki zuzena izan” premiazkoa dela uste dutelako, bai irisgarritasuna hobetze aldera eta baita covid-19aren testuinguruan eskuekin gainazalak ukitzea saihesteko. Gainera, sarrailen arazoa konpontzeko pedalak jartzea lagungarria izan daiteke jeltzaleen iritziz. Horregatik eskatu diote udal gobernuari “Urola Kostako mankomunitatearen esperientzia ezagutzeko jar daitezela bertako arduradunekin harremanetan eta Errenteriako edukiontzien fabrikatzaileari eska diezaiola aurrekontua edukiontziei pedala jartzeko eta baita, bide batez, edukiontziak erabat irisgarriak egingo lituzkeen palanka jartzeko, horrela “lehen bai lehen, informazio guztia eskura izanik, erabakia hartu eta arazoa behin betiko konpondu ahal izateko” amaitu du Muruak. 

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube