Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Europar Batasunak CITaren proiektua babestu eta ia 3 milioi euroko laguntza eman dio
Markel Olano diputatu nagusiak Astigarragako Garraioaren Zentro Integralaren lanak bisitatu ditu, gutxi gorabehera urtebete barru amaituko direnak.Europar Batasunak ia hiru milioi euroko laguntza eman du Bidegi foru elkartea Astigarragan eta Oiartzunen egiten ari den Garraioaren Zentro Integrala eraikitzeko. Markel Olano diputatu nagusiak egin du iragarpena, gaur goizean, Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuarekin batera Astigarragako plataformara egin duten bisitan. "Europar Batasunak Garraio Zentro Integralaren proiektua babestu du, eta azpiegitura hori 2.759.915 €-rekin finantzatzen laguntzea adostu du", zehaztu du Olanok. "EBko Berrikuntzaren eta Sareen Agentzia Exekutiboarekin (INEA) sinatu ondoren, Bidegik partidaren % 50 jasoko du, eta gainerakoa obra amaitzean".
INEAk "bikaintzat" jo du Bidegik aurkeztutako proiektua, eta adierazi du koherentzia osoa duela CEF (Connecting Europe Facility) deialdiaren helburuekin, hau da, Europa barneko garraio-sarerako konektatzeko mekanismoaren ingelesezko siglekin. "Laguntza emateko orduan, Europak aintzat hartu du Gipuzkoak bi aparkaleku seguru eta babestu jartzea oinarrizko sareko Atlantikoko korridoreko ibilgailu astunen esku", zehaztu du Olanok. Europa barneko sarea komunikazio-azpiegiturek, errepideek, portuek, aireportuek, trenbideek eta hiri-nodoek osatzen dute. Azpiegitura horiek garrantzi estrategiko handiena dute Batasunaren garraio-politikaren helburuak lortzeko, eta Europako laguntzarekin egiten diren jarduketen lehentasunezko xedea dira.
Europa barneko sarearen parte den AP-8/AP-1 errepidean horrelako azpiegitura baten beharraz jabetuta, Bidegi hasieratik hasi zen Europako erakundeen inplikazioa kudeatzen. "Orain arteko prozesu guztiaren helburua Europa barneko garraio-azpiegitura hobetzen eta zaintzen laguntzea izan da, garraio adimenduneko sistemekin (ITS) konektatutako aparkaleku seguruak eta babestuak izanik; horietan, garraiolariek eta haien ibilgailu astunek aparkaleku egokiak eta seguruak lortzen dituzte, zerbitzu eta atseden-instalazio modernoekin konbinatuta", azaldu du Markel Olanok.
"COVID-19ak erakutsi digun elementuetako bat da salgaien eta premia biziko produktuen etengabeko fluxua behar dela, eta, horretarako, beharrezkoak dira horrelako aparkalekuak, non sektoreko profesionalek eskura izango dituzten beren beharrei erantzuten dieten zerbitzuak: jatetxeak, higienea, konektibitatea, erregai jasangarrien hornidura. Bi plataformak – bai Oiartzungoa, bai Astigarragakoa – Europako Batzordearen eskakizunen arabera gauzatzen ari dira eta segurtasun eta konektibitate arloko estandar teknologiko eta kalitate gorenekin ", azaldu du diputatuak.
Garraioaren Zentro Integralaren lanak 2019ko irailaren amaieran hasi ziren Astigarragan, zabalgunearen lizitazioarekin, 7,2 milioiko inbertsioarekin eta 24 hilabeteko epearekin. Plataformari gaur egindako bisitan, diputatu nagusiak eta Bide Azpiegituretako diputatuak obren erritmo ona egiaztatu ahal izan dute. "Urtebeteko lanen ondoren, ia amaituta daude lurra berdintzeko lanak eta drainatze-sistemak eta euri-uren sarea. Une honetan esan dezakegu aurreikusitako ia jarduera guztiak martxan daudela; izan ere, datorren ostiralean, gainegitura deritzonaren lanak esleituko dira, hau da, obra zibila eta bi plataformak hornitzeko ekipamendu guztiak instalatzea", adierazi du Markel Olanok.
Lizitazio berri honek 5 milioi euroko aurrekontua du eta 8 hilabeteko exekuzio-epea. Barne hartzen ditu Eskaladaren aurkako hesia duten bi aparkalekuen perimetro-itxiera, kanalizazioak, segurtasun-sistemak, bideozaintza-instalazioak, suteen aurkako sistemak, megafoniarako sarea, komunikazioak eta wifia. Multzo elektrogenoentzako eraikinak egitea ere aurreikusten du.
Era berean, CITa ustiatzeko zerbitzuaren emakida zortzi urterako esleitu da, 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera, 751.000 euroko urteko kanonarekin. Emakidadunak esleipen-agirian aurreikusitako inbertsioak egingo ditu, hala nola Astigarragako plataformaren zerbitzu-eraikina eraikitzea eta urbanizatzea, eta bi plataformetan pertsonen zein ibilgailuen sarbide-kontrola eta barne-zirkulazioa kudeatzeko behar diren instalazioak eta ekipamenduak gauzatzea. Astigarragako eraikin berriak, gaur egun Oiartzungoak bezala, jatetxe-kafetegia, supermerkatua, komunak eta dutxak, aisialdi-gunea, telebista-aretoa eta garbitegia izango ditu. Horrez gain, wifia, kutxazain automatikoa, telekomunikazio zerbitzuak, takografoa deskargatzeko zerbitzua eta plaza aldez aurretik erreserbatzeko aukera izango dute.
Oiartzungo plataformaren lanak urriaren 5ean hasi ziren. Proiektu honek Oiartzungo egungo zerbitzugunean dauden bi zabalguneak plataforma bakar batean bateratzea aurreikusten du, 190 plazako aparkalekua osatuz hegoalderantz doazen kamioientzat. Bidegik 2,9 milioi euro gehi BEZ inbertituko ditu birmoldaketa egiteko, eta 12 hilabeteko epea izango du.
Astigarraga-Oiartzun Garraio Guneak 505 kamioirentzako lekua izango du; 315 Astigarragan Behobiarako noranzkoan eta 190 Oiartzunen Bilborako noranzkoan. Bi aparkalekuek produktu arriskutsuak garraiatzeko leku bereziak izango dituzte, 30 Astigarragan eta 29 Oiartzunen.
Azpiegitura berriak kamioi frigorifikoentzako 46 leku izango ditu, postu bakoitzean korronte elektrikoko harguneekin, 28 Astigarragan eta 18 Oiartzunen. Bi plataformetako plazak errotaziokoak izango dira, eta itxitura perimetral bat izango dute, eskaladaren aurkako hesia, argiztapena, azalera osoa monitorizatuko duten zaintza-kamerak eta sarrerak eta irteerak kontrolatzeko sistema bat. Aintzane Oiarbidek aurreratu duenez, "Garraio Zentro Integral hori "Urre" segurtasun eta zerbitzu maila duen bakarra izango da Euskadin, eta handiena Estatuan, Europako estandarren barruan. "Gainera, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak CO2 emisioak jaistearen alde egindako apustuari jarraituz, Astigarragako plataforman lursail bat gorde da erregai jasangarrietarako eta ingurumena gehiago errespetatzen duten erregaietarako, hala nola gasa edo hidrogenoa", adierazi du Bide Azpiegituretako diputatuak hitzaldiaren amaieran.
Nabarmenak...
EBB
2024/11/24
GBB
2024/11/21
Berria
2024/11/11
DONOSTIA
2024/11/05
Gipuzkoa
2024/10/31
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2018/08/31