Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2020/10/21

Donostiak 5 milioi euro baino gehiago inbertituko eta 800 lanpostu inguru sortuko ditu

Ekonomia Suspertzeko Planaren bigarren fasea urrian jarriko da martxan
Donostiak 5 milioi euro baino gehiago inbertituko eta 800 lanpostu inguru sortuko ditu

Donostiako Udalak hiriko Ekonomia Suspertzeko Planaren bigarren fasea ipiniko du abian. Plan horrek hainbat laguntza neurri jasotzen ditu, COVID-19ak sorturiko krisiaren ondorioz Donostiako ekonomian aurreikusten den bigarren inpaktu ekonomikoa arintzen saiatzeko. Laguntza pakete horren helburua lan merkatua suspertzea da, kontratazio berriei laguntzeko neurrien bitartez, bai sektore publikoan, bai pribatuan. Aurreikuspenen arabera, 800 lanpostu inguru sortuko dira. Pakete horren barruan bildutako neurrien artean ageri dira, besteak beste, kontsumo bonuen beste sorta bat martxan ipintzea merkatari eta ostalariei laguntzeko, bi sektoreotara zuzenduriko eraldaketa digitalerako laguntzak ematea, enpresa berriak sortzeko aholkularitza eta laguntzak eskaintzea, negozioa birbideratzea erabakitzen duten ETEentzako laguntza, eta hiriaren erronkak online lantzeko lankidetza plataformen garapena. Neurri horiek guztiak urrian bertan hasiko dira aktibatzen, eta 5.235.205 euro bideratuko dira hartarako. Donostiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak finantzatzen dute plana.

Eneko Goia Donostiako alkateak administrazioen arteko «ahalegina eta lankidetza» nabarmendu ditu, baita planak sektore pribatuarekin duen lotura ere, «benetan eraginkorrak diren programak» antolatzeko, eta, hari esker, enpleguen galera moteltzeko. Alkatearen esanetan, jarduera ekonomikoaren motelaldia bizi dugun testuinguruan zabalduko da bigarren fasea, ikusirik «oraindik ere denbora beharko dela krisiak utzitako ondorioetatik leheneratzeko». Hori horrela, Goiak azpimarratu du Donostiako Udalak neurriak hartu zituela pandemiaren lehen kolpean, eta, orain, ekonomia suspertzeko eragile rola finkatu duela, jarduera eta diru fluxua kolperik handiena bizi duten sektoreetara mugiaraztea helburu duen programa sorta baten bidez. Ildo horretan, alkateak balioetsi du harrera ona izan zutela saltokietan eta ostalaritzan baliatzeko kontsumo bonuek eta halako ekimenek. Horrekin batera, gaineratu du enplegu planek «eraginkortasun egiaztatua» dutela lan merkatutik baztertuta dauden kolektiboei laneratzen laguntzeko.

Bestalde, Imanol Lasa Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Diputatuak azpimarratu duenez, "krisi hau gainditzeak lankidetza areagotzea eskatzen du, maila guztietan, eta lehentasunak ondo finkatzea. Plan honek bi baldintzak betetzen ditu. Ibilbide-orri honen bidez, Covid-aren krisialdiaren ondorioz okerren dauden eta hirian pisu handia duten sektoreei laguntza emateaz gain -merkataritza eta ostalaritza, esaterako-, ehun ekonomikoa eraldatzea sustatzen du Udalak, digitalizazioa eta berrikuntza bultzatuz. Gure lehiakortasuna eta, horrekin batera, gure etorkizuneko ongizatea bermatzeko, ezinbestekoa da epe motzari zein luzeari erreparatzea. Ziur nago inpaktua oso positiboa izango dela".

Planak bost jarduera ildotan eragiten du:

1.- Enplegua. Planak 2.951.022 euroko aurrekontua du, eta kontratazio berriei laguntzea aurreikusten du, hala sektore publikoan nola pribatuan.

2.- Merkataritzarako eta ostalaritzarako laguntzak. Pandemiak eragindako krisiak gehien kaltetutako sektoreetako bi diren aldetik, 1.038.970 euroko aurrekontua izango dute.

3.- Enpresak sortzen laguntzea. 525.513 euroko aurrekontuarekin, areagotu egingo dira prestakuntza zerbitzuak, adituen aholkularitza, bideragarritasun analisiak eta abar, eta, aurreikuspenen arabera, litekeena da 200 lanpostu inguru sortzea.

4.- Enpresa proiektuak garatzeko eta mantentzeko laguntza. Kapitulu honetarako zenbatekoa 619.700 € da.

5.- Eredu ekonomikoaren eraldaketa eta erronkak. COVID-19ak eragindako krisiaren inpaktuaren ondorioz, beharturik gaude eredu ekonomikoak birpentsatzera. 100.000 euroko aurrekontuarekin, hainbat ekimen landuko dira.

Diagnostiko ekonomikoa eguneratzea

Aldi baterako enplegu erregulazioko espedienteen bilakaera positiboa da Donostian. Azken datuen arabera (abuztukoak), maiatzean izapidetutako espedienteetatik (10.220), % 16k baino ez dute aktibo jarraitzen (1.676). Horietatik 347 ostalaritzakoak dira, 200 txikizkako merkataritzakoak, eta 150 administrazio jarduera eta zerbitzu osagarrietakoak. Epigrafe horren atzean, aldi baterako lan eta enplegu agentziak, alokairuak eta bidaia agentziak nabarmentzen dira. Ehundik gora kasu daude manufaktura industrian, eta hiriko industrialdeetako lantegi txikiei eragiten diete.

Gizarte Segurantzako afiliazioek beheranzko joeran jarraitzen dute, eta abuztuan izan du erregistrorik okerrena, 7.235 afiliatu galdu baitziren (% 6,1eko jaitsiera) otsailarekin alderatuta. Hala ere, 2020rako baldintza normaletan aurreikusita zegoen afiliazioen igoerari buruzko datuak hartzen badira, galeraren aurreikuspena % 8koa da (9.433 afiliatu gutxiago, alegia). Ia guztiak besteren konturako langileak dira, hau da, Gizarte Segurantzako araubide orokorrekoak.

Martxoan eta apirilean galdu zen enplegu gehien. Iraila izan da langabeen kopuruak behera egin duen lehen hilabetea: guztira 9.526 langabe zenbatu ziren. Generoari dagokionez, langabeziak antzeko inpaktua izan du gizonen eta emakumeen artean. Une honetan, emakumeak dira langabe guztien % 53.

Langabezia datuak adinaren arabera aztertuz gero, adin tarte guztietan daude langabe gehiago. Balio absolututan, 25 eta 44 urte bitarteko pertsonak dira kaltetuenak (1.000 enplegu eskatzaile berri inguru), eta gazteei eta 45 urtetik gorakoei dagokienez, berriz, 500 enplegu eskatzaile gehiago. Guztizkoaren gaineko ehunekoaren banaketari erreparatuz gero, 45 urtetik gorakoak % 50etik jaitsi dira, bitarteko adina % 41 baino gehiago da, eta gazteek egin dute gora gehien portzentajean (% 9,6)

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube