Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2020/10/14

Neurririk bidezkoena eta eraginkorrena A-636 autobian erabileragatiko ordainketa-erregimena ezartzea da

Hori egin ezean, Gipuzkoako Foru Aldundiak bere gain hartu beharko luke mantentze-gastua, baliabideak beste arlo batzuetara bideratzeari utzita
Neurririk bidezkoena eta eraginkorrena A-636 autobian erabileragatiko ordainketa-erregimena ezartzea da

“A-636 errepidean Beasain eta Bergara arteko tarte jakin batzuetan kanon bat ezartzearen aldekoak gara, gure bide-azpiegitura erabileragatiko ordainketaren bidez mantentzearen ondoriozko gastua hein batean arintzeko, Europako herrialde askotan egiten den bezala. Gipuzkoaren interes orokorrari egokitzen zaion zerbait da“ adierazi du, Eric Galvezek EAJ-PNVren batzarkide Gipuzkoako Batzar Nagusietan, A-636 autobian Beasain eta Bergara arteko zati batzuk erabiltzeagatik ordainduko den kanona arautzen duten Foru Arau proiektuaren eztabaida ostean. “Gainera, kontuan izan behar dugu – jarraitu du – bidesariaren kontzeptuan bildutakoa, A-15 edo N-1 errepideen zati jakin batzuetan egiten den bezala, bide-azpiegitura hori konpontzeko eta hobetzeko baino ez dela erabiliko. Beraz, sarearen koherentziagatik eta uniformitateagatik, uste dugu neurririk eraginkorrena, bidezkoena eta koherenteena A-636 autobian sistema ireki baten araberako erabileragatiko ordainketa-erregimen bat ezartzea dela, beste bide batzuetan jada ezarrita dagoen "Free flow" teknologiarekin, Aintzane Oiarbide diputatuak adierazi duenez”.

Eric Gálvez EAJ-PNVko batzarkidearen esanetan, kanona ezartzeak aukera emango du eraikuntzak, mantentzeak, kontserbazioak eta ustiapenak sortutako kostuak agerian jartzeko, azpiegiturak erabiltzen dituztenei helarazteko, barne-orekako faktoreak ezartzeko eta gure errepideek behar dituzten kontserbazio- eta kudeaketa-kostu handiak berreskuratzeko. Kanonaren zenbatekoak azpiegitura-kostuak berreskuratzeko printzipioaren arabera zehazten dira. Hau da, kanonaren zenbatekoa zuzenean lotuta dago bide-sarea mantentzeko eta hobetzeko kostuekin.

Elkarrekin Gipuzkoak aurkeztutako zuzenketari dagokioez, Gálvezek esan du 2010ean Batzar Nagusietan aztertu eta eztabaidatu genuen ponentzian zentratu behar dugula eztabaida. "Ponentzia horren ondorioak indarrean daude oraindik, eta eraikuntza berriko edukiera handiko errepideek ibilgailu guztientzako bidesaria izan behar dutela ezartzen du. Une hartan ulertu genuen, baita orain ere – nabarmendu du –, tokiko trafikoez gain, beharrezkoa zela igarobideak ere inplikatzea gidarien zerbitzura jartzen den azpiegituraren finantzaketan. Eta uste dut ponentziak lortu zuen adostasun zabala dela Foru Araua proposamen honen oinarria". "Bestalde, kontraesana da garraio publikoa sustatzeaz hitz egiten aritzea bere zuzenketan Elkarrekin Gipuzkoa taldea, A-636 edukiera handiko bidea doakoa izatea nahi baitute. Horrekin, sustatzen den gauza bakarra ibilgailu pribatuaren erabilera baita" azpimarratu du EAJ-PNVko batzarkideak.

Amaitzeko, Gálvez batzarkideak azpimarratu duenez, "Elkarrekin Gipuzkoak aurkeztutako zuzenketari ezezko botoa eman diogu, kanon bat ezartzearen aldekoak garelako, erabileragatiko ordainketa-sistema baten aldekoak, bidesarien sistemak gure errepideen mantentze lan garestiaren zama kentzen baitio Gipuzkoako Foru Aldundiari, eta, horrela, baliabide horiek beste arlo batzuetara bideratzea ahalbidetu. Gipuzkoako gizartearen interes orokorrarekin bat datorrelako".

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube