Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2020/10/09

Euskararen aldeko apustuak ez luke hitz hutsetan geratu behar

Irungo talde jeltzaleak Euskaraldiaren edizio berrian arigune gisa parte hartuko du eta euskararen aldeko apustu irmoa gailendu du. Aurten hiriko haurrek eta gazteek izango duten ez-ohiko ikasturtearen harira, aisialdian arnas guneak sortu eta euskarari lekua egiteko premia dagoela adierazi dute
Euskararen aldeko apustuak ez luke hitz hutsetan geratu behar

Duela bi urteko Euskaraldiari jarraipena emateko asmoarekin, aurten ere 2020an Euskaraldiak Irunen leku izango du. Urrats berria dakarren edizioa izango da hau gainera, norbanakoek ez ezik entitateen parte hartzea sustatuko duena, hizkuntza praktika berriak bultzatzen jarraitzeko asmoz. Honen harira, esan nahiko genuke hitzez gain ekintzek ere zer esan handia dutela euskaran zein edozein alorretan. Euskara sustatzen dugula esaten badugu, hau bultzatzen duten ekimenetan parte hartzeak beharrezkoa izan beharko luke. Horregatik, gu, Irungo EAJ-PNV, arigune izango gara datorren azaroak 20an hasiera izango duen Euskaraldian. 

Pixkanaka bada ere, aurrera pausoak eman behar ditugu Irunen. Euskarak gero eta erabilpen maila handiagoa du gure inguruan, baina oraindik asko da egiteko, eta zoritxarrez, gobernuarengan ez dugu euskara sustatzeko interes errealik ikusten. Euskara sustatzea ez da orain arte aurrera eraman diren ekimenak behin eta berriro martxan jartzea, euskara sustatzea ekimen berriak hiriaren beharretara egokitzean datza. Berritzearen aldeko apustua da euskarak behar duena.

Askok oinarriak etxean ditugu, beste askok ordea ez. Horregatik da garrantzitsua Udaletik eskaintzen diren laguntza eta aukerak behar bezala helaraztea, hiritar guztiengana iristea. Bide horretan, Euskaraldiak eskaintzen duen aukeraz baliatzeko dei egin nahi diegu irundar guztiei. Euskarak hizkuntza-aniztasunari egiten dion ekarpena berezia baita. Egin dezagun benetan euskara babestearen eta sustatzearen alde, euskal ohitura linguistikoa indartu dezagun eta utz dezagun alde batera hanka sartzeko beldurra. Euskara gizarte osoarentzako elementu onuragarria eta aberasgarria da.

Halaber, eta honen harira, haur eta gazteei dagokienean, hauen aisialdian arnas guneak sortu eta euskarari lekua egiteko premia dagoela ere uste dugu, hauek euskararekin duten harremana askotan akademikoa baita soilik. Euskararen erabilera, eskolaz kanpoko ekintzetan indartu eta hirian ditugun auzo desberdinetan egitasmo berriak antolatu daitezkeela uste dugu. Esaterako; auzo elkarteekin eta haurtxokoekin elkarlanean, eremu egoki batean, euskararen erabilpena sustatzeko egitasmo bat antolatu liteke. Egungo egoerara egokituta eta behar diren prebentzio neurriak hartuz; haurrei tenperatura hartzen, jolastu aurretik eskuak garbiarazten, bederatzi haurreko taldeak osatzen, taldeak ez nahasten, distantzia soziala mantentzen, etab.

Nahiz eta egoera ez den erraza, aukera desberdin berri asko garatu daitezke, leku egokietan edota online. Euskararen aldeko apustuak ez luke hitz hutsetan geratu behar. Udala, euskararen hilabetearen harira, ikastetxeekin elkarlanean aritzen bada ere, euskara behar bezala sustatzeko, bi arlo hauen arteko elkarlanak iraunkorragoa beharko lukeela uste dugu, are gehiago berrogeialdiaren ostean. Hala adierazi genuen gainera Euskara Batzorde Informatiboan. Azken finean, euskara erabiltzeko guneak eskaintzea da garrantzitsuena. Euskara guztion kulturazko ondasuna da.     

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube