Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Gobernu taldeak normaltasuna berreskuratzera zuzendutako aurrekontuak aurkeztu ditu
Inor atzean utzi gabe, egoera ahulenean daudenengandik gertuago egonez gizarte zerbitzuak eta laguntzak indartuko diraHerritarren kezka nagusiei erantzuteko asmo sendoarekin jarraituz, gobernu taldeak bereziki Covid 19ak eragindako krisiari aurre egiteko aurrekontu-proposamena landu du. Datorren urteko aurrekontuaren kopurua 16.351.000 eurokoa izatea aurreikusi da.
2020an hainbat egitasmo pandemiaren eraginez moteldu badira ere hauek berraktibatzea izango da udal agintarientzako lehentasunetako bat. Honezaz gain, herritarrak jomugan izanik, gastu soziala indartu, behar gehien dutenei erantzun inor bazterrean utzi gabe eta udalerriko elkartegintza sareari laguntzak mantentzeko asmoari eusteko helburuarekin ondu ditu datorren urteko aurrekontuak gobernu taldeak.
Halaber, 2021a, onartutako aurrekontuekin hasteko konpromisoa bete nahi du gobernu taldeak. Besteak beste, Udalak eskuzabaltasunez eta malgutasunez jokatzeko joera mantenduko du bizi dugun egoera sozio-ekonomikoak baldintzatuta, bazterketarik gabe, enplegua, ekonomia eta ongizateari dagozkion alorretan begia jarriz.
Udal gobernuaren 2021ko aurrekontu proposamena, legegintzaldi honetarako bost helburu estrategiko nagusietan oinarritzen diren aurrekontuak izango dira; hala nola, gobernu onaren kudeaketa eredua, jarduera ekonomikoa eta tokiko enplegua, herritarren ongizatea eta bizi kalitatea bermatzea, herri nortasuna eta jasangarritasunaren baitan ingurune zaindua eta herritarrei egokitzen den udalerri atsegin, eroso eta irisgarri bat eraikitzeko.
Jarduera ekonomikoa eta enplegua
Herritarren etorkizuna hobetuko duten proiektuei heldu nahi die udal gobernuak. Pertsonen ongizatea eta bizi kalitatea bermatzea helburu duena eta enpleguaren sustapena eta tokiko ekonomia bultzatzea lehenesten duena.
Osasun krisiaren eraginez, otsaileko datuekin alderatuz, 220 herritar gehiago daude langabezian. Abuztuan langabezi tasak %10eko langa gainditu du. Honen aurrean, Udal gobernuak enplegugarritasuna suspertzeko langabetuen perfilari erreparatuz formazioaz gain ikasleen kontratazioa bermatzeko konpromisoa hartu du datorren urterako.
Enplegu planari lotuta, formazio espezifikoa bultzatzeko ikasketak dituzten beasaindar langabetuentzako Goierri Eskolan ikastaroak sustatuz jarraituko du Udalak lan duina eta egonkorra bermatzeko.
Garapen ekonomikoan lagunduko duen BERBIARAZI programa burutuko da 2021eko apirilerako (Aldundiari aurkeztu zaiona); honen bidez, eskualdeko enpresa guztien egoerari buruzko diagnosia egingo da ondorioak abiapuntutzat hartuz beharrezkoak diren ekimenak abian jartzeko.
Merkataritzan, jarduera ekonomikoa suspertzeko ekimen berriei dagokionez, lokal hutsak betetzeko helburuarekin alokairurako diru laguntzak bideratuko dira; eremu degradatuak biziberritzeko, lanbide berriak erakartzeko edota belaunaldien aldaketa gertatzean laguntza izateko. Halaber, paisaia linguistikoa euskalduntzeko egitasmoa, salmentarako on line plataforma eta erosketa sustatzeko bonoak jarriko dira eskuragarri.
Iñor bazterrean utzi gabe
Herritarren ongizatea udal gobernuarentzako ildo estrategiko garrantzitsua eta lehentasunezkoa izaten jarraitzen du, are gehiago pandemiak astindu gaituen garai honetan. Ongizate sailaren egitura egonkorra eta balekoa dela frogatuta geratu bada ere, udal gobernuak indartu egin du egoerak eskatutakoaren arabera. Horregatik udal gobernuak ez du inor atzean bazterturik utzi nahi eta egoera berrira egokitzeko laguntza eskainiko du.
Gizarte ongizatean hainbat zerbitzuetan gastua igoko da; etxez etxeko laguntzarako %12, pertsona helduen konpainia zerbitzurako %32, eguneko zentrorako %5, mendekotasunari aurre egiteko tailerretarako %10. Ahulezia egoeran dauden herritarrei erantzuna emango dien baliabideak eta gizarte larrialdietarako laguntzak beharren arabera egokituko dira. Iñor atzean, baztertuta edo laguntzarik gabe geratu ez dadin beharrezko baliabideak bideratuko dira.
Zahartze aktibo atseginerako ekimenek pisu handia izaten jarraituko dute, honela helduentzako garapen fisiko eta kognitiboa lantzeko saioetarako baliabideak bideratuko dira. Udal gobernuak adineko beasaindarren ongizatearekin duen konpromisoari lotuta, 80 urtetik gorako herritarrei euren beharrei buruzko diagnosiak utzitako emaitzen arabera, hainbat egitasmo burutuko ditu.
Hiri-mantenua eta hobekuntzak
Dagoena hobetu eta konpontzea lehentasuna da udal gobernuarentzat. Mantenu lanen garrantziaz jabetuta lorategiak, espaloiak, hiri-altzariak, argiteria, asfaltaketa kanpainak eta abar dira arlo honetako ekimenak. Era berean etengabeko hobekuntzaren bidean, herritarrek tokian tokiko kalteen berri eman ahala, eraginkortasunez konponbidea ematea da udalaren konpromisoa.
Herriko gune ezberdinetan eta auzoetan hobekuntzak egiten jarraituko da, herritarren beharrei egokitutako Beasain atseginago, erosoago, irisgarriago eta finean bizigarriagoa eraikitzen jarraitzeko.
Esku-hartze urbanistikoei dagokionez, Covid 19aren eraginez 2020ko aurrekontuak berregokitu ondoren, aurreikusitako erreforma-proiektu batzuk 2021ean gauzatuko dira.
Herriaren hobekuntzan aurreikusitako inbertsioak Oriamendi kalearen konponketa, Nafarroa etorbidea eta Oriamendiren arteko irisgarritasuna hobetzeko igogailua, erakusketa areto berriaren erosketa, edo Urbi-etxean egingo den Aranealde erretiratu elkartearen egoitza berria izango dira. Hauez gain beste egitasmo hauek burutuko dira:
. Dolarea parkea birgaitzeko proiektua eta Igartza Oleta kalean norabide bikoitza jartzeko lanak.
. Espaloietan egingo diren beheraguneak edo hozkadurak irisgarritasuna hobetzeko.
. San Inazio kaleko eraberritzearen azterketa.
. Bonberia eraikinaren proiektua dantza tradizionalari lotuta.
. Porteria eremuko berurbanizazioak bere bidea egiten jarraituko du. Uholdegarritasun arriskuari amaiera emango dioten lanen hurrengo urratsak emango dira.
. Landa ingurunean mantenu eta inbertsio lanekin jarraituko da.
. Tokiko elkarte eta eragileekin egindako Mugikortasunaren mahaiaren proposamenak gauzatzeko Mugikortasun plana egin eta gauzatzea.
. Ingurumenari lotuta, Oria ibaia balioan jartzeko helburuz ertzetik igarotzen den natur bidea edo ibilbide berdea egiteko azterlana egingo da.
Euskara eta parekidetasuna
Sail guztietan zehar lerro gisa hedatzen diren arloak dira gobernu taldearentzat hizkuntza politika eta berdintasuna. Hizkuntza politikaren alorrean Aittu Beasaingo euskara taldearekin elkarlanean jarraituz sentsibilizazio ekimenak landuko dira euskararen erabileraren sustapenerako. Abian diren proiektuak indartuz jarraituko da (hizkuntza errefortzurako zerbitzua euskararen erabilera indartzeko, Euskara Oinarritik Kirolean ezagutza eta erabilera sustatzeko … ).
Gizarte parekideagoa eraikitzeko aurrera pausoak etengabe emanez jarraituko du udal gobernuak. Berdintasun arloan, Herrilab proiektuarn hurrengo fasean ekintza plana abian jarriko dela Foru Aldundiarekin elkarlanean Beasain kontziliazio erantzunkidearen eredu izateko Gipuzkoan. Horretaz gain, zaintzarako diru laguntzen lanketa, jabetza eskola, berdintasun foro edo kontseilua eta sentsibilizazio kanpainak abian jarriko dira.
Herritar dinamika suspertzea
Elkartegintza eta herritar zein eragileek herria bizirik mantentzeko egiten duten lana berraktibatzea eginkizun hartuta, tokiko elkarteekin sinatutako hitzarmenei esker diru laguntza kopuruak mantendu egingo dira. Ikuskizunak eta ekitaldiak egungo osasun egoerak eskatzen dituen neurri eta baldintzei egokituta burutuko dira. Kulturan, Igartza Musika Beka, Igartza Musika Programa zikloak jarraipena izango dute eta dantza tradizionalari dagokionez, dantzan.eus elkartearekin elkarlanean jarraituko da hitzarmena berrituz. Antzerkia indarrean jarriko da programa bereziei leku eginez nahiz eta egoeraren baitan kale antzerkia ezin izango den eskaini.
Kirolean ere elkarteei zuzendutako diru laguntzak mantenduko dira. Kasu batzuetan igoko dira, igeriketa taldea edo arku tiroketa elkarteei dagokionean adibidez. Kiroldegian egingo diren inbertsio berriek ere jarraipena izango dute etengabeko hobekuntzan erabiltzaile onuradunek kalitatezko zerbitzua jasotzen jarrai dezaten. Aireztapen instalazioa eta taberna berriaren proiektua gauzatuko dira.
Finantza egoera orekatua
Orotara, 2021 ekitaldirako aurrekontua 16.351.000 eurokoa izango da, iazkoaren parekoa. Gobernu onaren kudeaketa eredua jarraituz, Beasaingo Udalak 11 milioi euroko aurrezkia du gastuan egindako kontrol zuhurrari esker. Kopuru horrek aukera ematen du gobernu-taldeak aurreikusita egitasmoei aurre egiteko, zorpetu edo banku-kredituak eskatu beharrik gabe.
Funtsean, herritarrei begira, udalerri atsegin eta erosoagoa eraikiz, pertsonak eta hauen bizi kalitatea bermatzen jarraitzeko helburua duen aurrekontu proposamena da gobernu taldeak aurkeztutakoa. Dagoeneko udal oposizioaren esku dago aurrekontuen proposamena eta hauen ekarpenen zai, urriaren 29ko osoko bilkuran bozkatuko da 2021rako aurrekontu proposamena onartua izan dadin.
Nabarmenak...
EBB
2024/11/24
GBB
2024/11/21
Berria
2024/11/11
DONOSTIA
2024/11/05
Gipuzkoa
2024/10/31
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2018/08/31