Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2020/09/29

Andoaingo Udalak kultura segurua dela berretsi eta udazkenerako Basteroko programazioa aurkezten du

Udaran zehar gauzatu den KALEGIROAN programazioan 700 ikuslek gozatu dute musika, dantza edo antzerkiaz. Datorren ostiralean, urriak 2an, irekiko da Ondarreta ikastetxearen 50. urtemuga dela eta prestaturiko erakusketa
Andoaingo Udalak kultura segurua dela berretsi eta udazkenerako Basteroko programazioa aurkezten du

COVID19ak ezinbestean baldintzatu du egunerokotasuna eta baita kultura ere. Osasun alerta egoera martxan ipini zenean, herriko kultur ekipamendu eta jarduerak eten egin behar izan ziren, eta ekainetik hona etengabeko lana izan da berriro ere kultura programazioa martxan ipintzea, eta besteak beste, erabiltzaileek kulturaz segurtasun berme guztiekin gozatzeko aukera eskaintzea.

Hala, uztaila-iraila bitartean KALEGIROAN programazioa aurrera eramateko erabakia hartu zen, Txitxu Ruiz kultura zinegotziaren azaldu duenez “pertsonen arteko aldentze neurriak eta kalean ekitaldiak egiteko zailtasunak gaindituz”. Horretarako, Ondarretako patio estalia erabili da uda osoan zehar burutu diren antzerki, musika edo dantza saioak gauzatu ahal izateko. Guztira 700 pertsonek hartu dute parte 2020ko programazioan. Horietatik  interes eta jarraipen gehiena sortu dutenak: Anari-ren kontzertua 162 ikuslerekin (gonbidapen guztiak agortu zirelarik), HAATIK dantza konpainia 102 ikuslerekin eta Xabi Banbidi-ren kontzertua 90 ikuslerekin.

Ruizen iritziz “aurrekaririk gabeko egoera bat kudeatzea tokatu zaigu, osasun eta higiene irizpide zorrotzak ezarri behar izan ditugu, COVID19arekin elkarbizitzen ikasi behar izan dugu” eta honakoa nabarmendu du “beti izan dugu argi kultura agenda bizirik mantentzea lehentasuna zela”. Honenbestez, udako esperientzia positiboarekin eta Bastero Kulturgunea erabili ahal izateko protokoloak prestatu ondoren, udazkeneko programazioa martxan ipiniko da.

Iyuya Urrutia kultura teknikariak azaldu duenez “udaberrian bertan behera utzitako ekitaldiak birprogramatu dira, eta eskaintza berria ere gehitu da”. Kultura sailak oreka bilatu nahi izan du, helduentzako zein haurrentzako ekimenak eskaintzerakoan. Esfortzu berezi bat egin da Santa Zezilia musika zikloa indartzeko eta baita punta puntako musikariak Basteroko taulara ekarri ahal izateko, tartean, programazioari azala ematen dio Izaro abeslariaren emanaldia, bere “limones en invierno” lana aurkeztera etorriko delarik.

Sarrerak urriak 10etik aurrera egongo dira eskuragarri Internet bidez Kutxabank-en. Sarrerak modu elektronikoan erostea gomendatzen da, sarrerak imprimatu behar ez izateko. Hala ere, aurrez aurreko salmenta egiteko aukera izango da, Basteroko leihatila ostegunetan goizean 10:00etatik 13:00etara eta arratsalden 16:30- 19:30.

COVID19ak eragindako etenaldiak Basteroko bazkideengan izandako eragina konpentsatu nahirik, Kultura Sailak neurri ezberdinak hartu ditu. Orain arte, bazkide bakoitzak urte osoan zehar 2 emanalditarako sarrera doan eskura zezakeen, eta zinerako beste horrenbeste. Hemendik aurrera, bazkideek beste hirugarren sarrera bat eskuratu ahalko dute, bai emanaldietarako eta bai zinemarako ere. 2020ko abendura bitartean erabili ahal izango da. Modu honetan, kultur ekitaldietan parte hartzera animatu nahi da.

Gogoratzen da bazkide izateagatik, Udaleko Kultura Sailak antolatutako ikuskizun guztietan %25eko beherapena dutela, eta baita bestelako erraztasun batzuk ere. Besteak beste, sarrerak aurrez erreserbatzeko aukera eskaintzen da: urriaren 2tik aurrera.

Ondarreta ikastetxearen 50 urteak erakusketan

Aurkezpen ekitaldian parte hartu du ere Ondarreta ikastetxeko zuzendariak, Maite Petricorenak. Datorren ostirala, urriak 2tik aurrera, Ondarreta ikastetxe publikoaren 50. urteurrena deituriko erakusketa izango da ikusgai. Erakusketaren ordutegia astelehenetik ostiralera 18:30 – 20:00 bitartean izango da (asteartetan itxita).  Larunbatetan berriz, goizez 10:30 – 13:30 eta arratsaldez 18:00 – 20:30.

Andoaindar askorentzat bai bere heziketan, eta, noski, bere bizitzan hain garrantzitsua izan den eskola publikoaren memoria ekarriko da erakusketa gelara. Argazkiak, altzariak, liburuak, hitzak eta ikus-entzunezkoen eskutik azken bost hamarkaden ibilbidea izango da ikusgai.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube