Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2020/07/21

Covid-19ari elkarlanean egin diogu aurre eta ondo baloratzen dugu, nahiz eta EH Bilduk krisi-mahaia etendakoan izan duen jarrerak balorazio positibo hori lausotu duen”

Gure helburua egungo eta etorkizuneko oñatiarren bizi-kalitate egokia bermatzea da; horretarako, pertsonak ardatz dituzten politikak dira beharrezkoak, lanpostuak eskainiko dituen eta ingurumenarekiko abegikorra den ekonomia jasangarria sustatzeko, adin guztietako pertsonontzat egokitutako herri-eredua indartzeko eta gure hizkuntza eta kultura balioan jartzeko
Covid-19ari elkarlanean egin diogu aurre eta ondo baloratzen dugu, nahiz eta EH Bilduk krisi-mahaia etendakoan izan duen jarrerak balorazio positibo hori lausotu duen”

Behin hauteskundeak eginda, Oñatiko EAJ udal-taldeak legealdi honen lehenengo urtearen balantzea egin du, eta prentsaurrekoa deitu du gaur eguerdian. Jeltzaleek adierazi dutenez, osasun-krisiak eraginda, lehen urte honetan bi garai nabarmentzen dira: bata COVID-19aren aurrekoa eta bestea ondorengoa. Hala ere, jeltzaleen iritziz, osasun-krisia dela eta gauza batzuk aldatu badira ere, zenbait jarrerek berdin jarraitzen dute, bai aurretik eta bai ondoren.

EAJ udal-taldeak azaldu du aurreko legealdietan izan duen jarrera eraikitzailearekin jarraitu duela, udalean bere ekarpenak egiten, bai ordenantza fiskaletan, bai aurrekontuetan, bai udalean lantzeko aukera izan duen gaietan  "herri ordezkari garen heinean, oñatiarrei entzutea eta erantzutea da gure betebeharra, horretan saiatu gara beti eta horretan jarraituko dugu”, azaldu du Ainhoa Galdos bozeramaile jeltzaleak. Hala, jeltzaleek ingurumena zaintzera bideratutako proposamenak eta ekonomia-jarduera bultzatzera bideratutakoak proposatu zituzten ordenantza fiskaletan. Bide beretik egin zituzten aurrekontuetarako ekarpenak ere; horrez gain, ostalaritzan eta etxez etxeko laguntzan euskararen erabilera sustatzeko ekimenenak edota gizarte politiketan eta berdintasunean ere hainbat ekarpen egin zituzten, besteak beste. “Gure helburua egungo eta etorkizuneko oñatiarren bizi-kalitate egokia bermatzea da eta, horretarako, pertsonak ardatz dituzten politikak dira beharrezkoak, lanpostuak eskainiko dituen eta ingurumenarekiko abegikorra izango den ekonomia jasangarria sustatzeko, adin guztietako pertsonontzat egokitutako herri eredua indartzeko eta gure hizkuntza eta kultura balioan jartzeko”.

Ekarpen horiek direla eta, jeltzaleek nabarmendu dituzte azken urtean landutako gaiak; hain zuen, klima-aldaketari aurre egiteko lehen sektoreak duen garrantzia eta benetako gizarte berdinzale baten beharra. “Gure agendan dauden bi gai garrantzitsuenetakoak dira, hausnarketa eta lanketa sakonak egin ditugu horien inguruan eta proposamen zehatzak lantzen jarraituko dugu bi arlo horietan; baita Oñatiren etorkizuna definitzeko oinarrizkoa den HAPOaren lanketan ere”. Legealdi honetako erronka nagusia COVID 19aren ondorioei aurre egitea izango bada ere, “herri bezala aurretik ere genituen erronkak ezin ditugu ahaztu”, diote jeltzaleek.

Jeltzaleek egindako ekarpenen aurrean udal-gobernuak izan duen jarrera ez da izan, azaldu dutenez, nahi bezain positiboa “gure ekarpenak maiz ez dira aintzat hartu eta, udal-gobernuak duen gehiengoa kontuan hartuta hori zilegia bada ere, jarrera ez da egokiena izan”, EAJ udal-taldeak azaldu duenez. Izan ere, ekarpenak ez onartzeaz harago, gutxietsi ere egin dituzte eta “egindako ekarpenak gutxiestea ez da zilegia, ez direlako soilik talde politiko batek egindako ekarpenak, herritar askok EAJren bidez egindakoak baizik”. Udal-gobernuaren jokaerari begira, beraz, EAJk ez du, oro har, elkarlanerako borondate handirik ikusi eta “gai askoren inguruan, batzordeetan ez da nahikoa informazio eman eta, eman denean, dagoeneko hartutako erabakiak jakinarazteko izan da, ekarpenak egiteko tarterik eman gabe” , azaldu du Galdosek. Horren harira, legealdiaren lehenengo urtean hartu diren erabaki gehienak alkate-dekretu bidez hartu direla azpimarratu du bozeramaile jeltzaleak. Ekarpenak egiteaz gain, beharrezkoa ikusi duten momentuetan kritikoak izan direla ere azaldu du Galdosek; izan ere, jeltzaleen ustez “eraikitzailea izateak ez du esan nahi ados ez gauden kontuetan kontrako jarrera azaldu behar ez dugunik, baina egin ditugun kritikak beti izan dira arrazoituak eta beti saiatu gara alternatibak eskaintzen”.

2019ko aurrekontuen betetze-maila nahiko bajua izan dela ere adierazi dute jeltzaleek, aurrekontuetan sartu ziren 14 milioi eta erdi inguruko inbertsioetatik 4 milioi eta erdi inguru baino ez zirelako gauzatu. Datozen urteei begira, exekuzioetan eraginkorragoak izateko beharra azpimarratu dute.

Jeltzaleek udalaren zorpetze maila eta egoera ekonomikoa ere aipatu dituzte. Gogoratu nahi dute plan finantzario baten beharra jarri zutela mahai gainean krisiaren aurretik, eta, horixe eskatu zuten abenduko osoko bilkuran; COVID 19aren krisiaren eraginez, plan horri are beharrezkoagoa irizten diote.  "Uste dugu plan finantzario zehatza egin beharra dagoela hurrengo hiru urteei aurre egiteko eta udalak duen egoera ekonomikoa ondo kudeatzeko. Hala eskatu genuen osasun-krisiaren aurretik eta egungo egoeran behar-beharrezkoa da”, esan du Ainhoa Galdosek.

COVID-19aren krisiak eztanda egin berritan, konfinamendu bete-betean, 2019ko aurrekontuaren gerakinaren inguruan hartutako erabakiarekin desadostasuna azaldu zuen EAJk martxoko osoko bilkuran. Jeltzaleen esanetan, pandemiari aurre egiteko modua ez zen izan egokiena, “zetorkigun egoera ikusirik, konprometitu gabe zegoen gerakinaren zati handi bat zertara bideratu erabaki zuelako udal-gobernuak, bakar-bakarrik eta zetorren krisia kontuan hartu gabe”.

Hala ere, krisiari aurre egiteko mahai bat sortzea eta elkarlanerako bideari heltzea proposatu zuten jeltzaleek eta neurri horiek elkarlanean adosteko aukera izan dute azken hilabeteetan bi udal-taldeek. Kultura-alorrean osasun krisia dela eta hartu beharreko neurriak eragileekin adosteko mahaia sortzeko eskaera, ordea, ez zuen onartu EH Bilduren udal-gobernuak eta ez dute jeltzaleek lanketa horretan parte hartzeko aukerarik izan. Edozein kasutan, krisiari aurre egiteko lanketa ondo baloratzen du EAJ udal-taldeak “ezinbestekoa zen guztiok elkarrekin lan egitea, herritarrek eta momentuak merezi zuelako eta gustura gaude egin dugun lanarekin”, azaldu du Galdosek. Dena den, Galdosek aitortu du, behin neurriak onartu eta krisi-mahaia eten da, balorazio positibo hori lausotu egin duela udal-gobernuak EAJren ekarpenarekiko kaleratu duen iritziak: “astez aste gure udal-taldeak krisi-mahaian egindako lana gutxietsi zuen publikoki alkateak eta jarrera negatibo horrek zapore gazi-gozoa utzi digu”.

Hemendik aurrerako ibilbidean dauzkate jarrita begiak orain jeltzaleek; batetik, arduratuta daude, garai zailak datozelako baina, bestetik, giro politikoa lasaituko den esperantzaz daude. “Azken hilabeteetan hauteskundez hauteskunde, giro politikoa asko nahastu da”, esan du Galdosek. “Konfrontazioa nagusitu da eta, bereziki, EH Bilduren jarrera asko gogortu dela iruditu zaigu”, diote jeltzaleek; eta konfrontazio-egoera horri egotzi nahi izan diote Oñatiko udal-gobernuak udal-talde jeltzalearekiko izan duen jarrera oldarkorra. “Ia 3 urte egongo gara hauteskunderik gabe eta uste dugu giroa lasaitu daitekeela; espero dugu udal-gobernua konturatuko dela EAJ udal-taldea oñatiarren alde lan egiteko dagoela eta ez etengabeko konfrontazioetan aritzeko”.

Amaitzeko, adierazpen-askatasuna eta errespetua ere izan ditu hizpide Galdosek. “Gure elkartasun osoa azaldu nahi diogu Jose Mari Agirreri, komunikabideetan bere iritzia emateagatik jasan behar izan duen egoerarengatik. Adierazpen-askatasuna eta errespetua ezinbestekoak dira gure gizartean, beti-beti. Errespetuz egiten den adierazpen orok merezi du errespetu eta, ondorioz, adierazpenok egiten dituen pertsona orok. Ez da zilegi inor seinalatzea edo erasotzea bere iritzia publiko egiteagatik eta horixe jasan du Jose Marik”. Ez direla kikilduko eta EAJ osatzen duten gizon eta emakumeek beren adierazpen-askatasuna errespetuz erabiltzen jarraituko dutela esanez amaitu du Ainhoa Galdosek.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube