Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Erenterian lehen sektorea sustatzea eta indartzea aukera bezala ikusten dugu
EAJ udal taldeak Errenterian lehen sektorea bultzatzeko eta indartzeko udalean proposatu duen ekimena aurkeztu du “COVID 19ak sortutako krisiaren aurretik ere bertako produktuak kontsumitzearen eta ekoiztearen garrantziaz kontziente ginen, baina krisi honek begi-bistakoagoa egin du behar hori”.Errenteriako EAJ udal taldeak prentsaurrekoa deitu du gaur, udalean aurkeztu berri duen proposamen baten inguruko argibideak emateko asmoz. Aipatu proposamena udal taldeak bere hauteskunde programan jaso zuen jada eta COVID 19ari aurre egiteko talka planaren lanketaren testuinguruan mahai gainean jarri zuen. Izan ere, talka plan horren baitan jasotako neurrietako batek gure herrian bertako produktuen kontsumoa sustatzea du helburu eta jeltzaleen iritziz “kontsumoa sustatzea ez ezik ekoizpena sustatzea ere beharrezkoa da sektoreari benetako bultzada eman nahi badiogu”.
EAJ udal taldeak lehen sektorea aukera bezala ikusten du, bai osasun, jasangarritasun eta lan aukera aldetik. Elixabete Murua zinegotzi jeltzaleak azaldu duenez “Euskal Herrian, oro har, eta baita Errenterian ere, lehen sektorea pisua galtzen joan da azken hamarkadatan. Errenteriaren kasuan, aspaldian galdu da Xenpelarrek aipatzen zuen baserritar lege hura. Lehenik industriari utzi zion bere tokia, 19. mendean industriak gure herrian izandako bilakaerarengatik eta egun zerbitzuen sektorea da nagusi. Lehen sektoreak, beraz, gure herrian pisua galdu du azken mende, hamarkada eta urteetan, baina neurri txiki batean bada ere mantendu da, gure herriko nekazari eta abeltzainen eguneroko esfortzuari esker. Guztiona den ondare hori mantentzeko baldintza zailetan lanean aritu direnek eta lanean ari direnek gure aitortza merezi dute zalantzarik gabe”.
Jeltzaleek azpimarratu dute sarri bertako elikagaien ekoizleek, ekoizpen kostuak direla eta, ezin dutela prezioetan lehiatu inportatutako produktuekin baina balio erantsi izugarria dutela, batez ere gizarte, osasun eta ingurumen-iraunkortasunari dagokionez. Muruaren esanetan “erakunde eta ekimen askok indar horiek nabarmentzeko ahaleginak egiten dituzte, baina asko dago egiteko oraindik eta udal bezala ahalegin horren parte izatea ezinbestekoa da”. Jeltzaleen ustez “badira arrazoiak gure lehen sektorea sustatzen ahalegin berezia egiteko eta gure ustez etorkizuneko erronkatako bat hortxe dago”. EAJren iritziz, aldaketa klimatikoaren aurkako borrokan oso garrantzitsua da lehen sektorea: nekazaritza, abeltzaintza, arrantza eta baita basogintza ere. “CO2 isurketak murrizteko eta gure karbono arrastoa mugatzeko bertako produktuen kontsumoa sustatu behar dugu, baina bertako produktuak kontsumitzeko, ekoiztea ere ezinbestekoa da”.
Beraz, lehen sektorea gure udalerriarentzako aukera bezala ikusten du Errenteriko EAJk, lan-postuak sortzeko beste aukera bat izan daitekeelako, bai lehengaien produkzioan eta baita transformazioan ere, elikadura burujabetza lortzeko bidean ezinbestekoa delako eta aldaketa klimatikoari aurre egiteko aliatu garrantzitsua izan daitekeelako, “benetan sinesten dugu lehen sektorea indartzea herri bezala dugun etorkizuneko erronkatako bat dela, horregatik behar beste indar bideratuko dugu horretara” azaldu du Muruak.
Errenteriak duen potentziala
Errenteriako EAJ udal taldearen iritziz, ukaezina da egun Errenterian lehen sektoreak duen pisua oso txikia dela, “baina gure udalerriak potentziala baduela uste dugu eta potentzial horri etekina ateratzekotan, udalaren inplikazioa behar beharrezkoa dela uste dugu, gainerako erakundeekin elkarlanean, noski”.
Datuei begira, Errenterian lehen sektoreak potentzial handia duela ondorioztatzen dute jeltzaleek. “Biztanleriari dagokionez Gipuzkoako 3. herririk handiena gara, horrek produktuen zati bat herrian bertan merkaturatzeko pontentziala badugula erakusten du” azaldu du Muruak. Langabezia tasari begiratuta (10,8), “badugu nahikoa arrazoi lan-postuen sorrera sustatzeko sektore guztietan ahalegina egiteko, baita lehen sektorean ere”. Lehen sektorean enplegua sustatzeko ekintzailetza eta formazioa sustatzea ezinbestekoa izango dela eta horretarako udalaren, garapen agentziaren eta gainerako erakundeen inplikazioa eta elkarlana beharrezkoak izango direla ere azaldu dute jeltzaleek. “Erremintak jarri beharko ditugu lehen sektorean lan egiteko aukera baliatu nahi duten pertsonen eskura”. Errenteriak 3.194 Ha-ko azalera du eta ehuneko handi bat (%76,61) urbaniza ezina da. Jeltzaleek datu horretan ere potentziala ikusten dute “urbaniza ezina den azalera guzti hori ez da izango, noski, lehen sektoreko jarduerak aurrera eramateko egokia, baina argi dago badagoela potentziala”. Errenterian jarduera ekonomikoak duen banaketari ere begiratu dio EAJk “%72a hartzen du zerbitzuen sektoreak, %21,8 industriak eta %0,2 soilik lehen sektoreak. Datu horietatik abiatuta argi dago badagoela hobekuntzarako tartea”.
Proposamena
EAJ udal taldeak aurkeztutako proposamenak helburu du Errenterian lehen sektorea indartuz eta bertako produktuen ekoizpena eta kontsumoa sustatuz, lanpostuak sortzea eta ingurumena zaintzea. Horretarako, ekintza zehatz batzuk jarri ditu EAJk mahai gainean eta ekintza horiek eta egokiak izan daitezken beste hainbat ekintza lantzeko erakunde arteko mahai bat sortzea proposatu du. “Udalaren inplikazioa ezinbestekoa dela uste dugu, baita Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzarena ere, baina mahai horretan zer esanik izango luketen hainbat agente ere identifikatu ditugu: Behemendi, Oarsoaldeko Garapen Agentzia, Fraisoro, Etorlur, Hazi, Neiker edo Tknika besteak beste”. Errenterian lehen sektorea ogibide dutenen esperientzia, nahi eta beharrak entzutea ere beharrezkotzat jotzen du EAJk.
Garbiñe Oyarbide zinegotzi jeltzaleak azaldu duenez, Errenterian lehen sektoreak duen potentzial hori garatzeko mahai gainean jarritako ekintza konkretuak honakoak dira:
- Errenteriako landa eremuaren azterketa eta jarduera desberdinetarako egokiak izan daitezkeen eremuen identifikazioa.
- Lehen sektorera bideratzeko egokiak izan daitezkeen eremu horien erabilera eta jabetzaren inguruko azterketa.
- Eremuen inbentarioa.
- Jabe pribatuekin lankidetza hitzarmena.
- Errenterian lehen sektorera bidera daitezken lurren katalogoa.
- Lehen sektorean lan egiteko interesa duten pertsonen identifikazioa.
- Formakuntza.
- Dirulaguntza lerroak.
- Bertako produktuen kontsumoa sustatzeko eta merkatua zabaltzeko neurriak.
- Landa eremuak dituen zerbitzuen hobekuntza (komunikazioa, hornidurak…)
Lehen sektorean jarduera sustatzeko beharrezkoa da EAJren iritziz sektorea bera bisibilizatzea “beharrezko ikusten dugu sektorea bera ezagutzera ematea eta balioan jartzea, ezagutu eta baloratu ezean ezin sortuko baitugu bertan aritzeko grina” azaldu du Oyarbidek. Lan eta bizi baldintzen hobekuntza ere giltzarri dira sektorea indartzeko EAJren ustez “ukaezina baita sektore honetan aritzen direnek oztopo ugari gainditu behar izaten dituztela eta beste sektore batzuetan dabiltzanen aldean baldintza gogorragoetan aritzen direla, nahiz eta jarduerak bere alde onak ere badituen”. Bide horretan garrantzitsua iruditzen zaio udal talde jeltzaleari Gipuzkoako Foru Aldundia zuntz optikoa landa eremura zabaltzeko lantzen ari den proiektura atxiki izana Errenteriako Udala, “aisiarako ez ezik jarduerarako ere beharrezkoa baita teknologia berriak aplikatzeko, salmentarako… egun bizi dugun osasun krisiak are nabarmenago egin du behar hori”. Jeltzaleek formakuntza eta bertako produktuen kontsumoa sustatzeko sentsibilizazioan ere jarri nahi izan dute azpimarra.
“Proposamenean aipatzen ditugun ekintza zehatz horietako batzuk, informazioari eta identifikazioari dagozkionak, erakunde desberdinetan eta maila desberdinetan landu direla kontziente gara, hau da, mahai gainean jarri beharreko informazio horren zati bat dagoeneko bilduta dago, baina informazio guztia mahai bakar baten gainean jartzea, bateratzea eta aztertzea beharrezkoa dela uste dugu”. Horregatik uste dute jeltzaleek proposamena lantzeko erakunde arteko mahai politiko-tekniko bat osatzea ezinbestekoa dela, informazio trukaketa egin eta proposamena elkarlanean lantzeko eskumen eta alor desberdinetatik baina era koordinatuan. “Gainera, lehen sektorearen sustapena udal mailatik harago doala argi dago, lurralde edo herri ikuspegi batetik landu beharko dugulako elikadura burujabetza, Berangon ekoitzitako haragia Errenterian kontsumitzea edota Errenterian egindako gaztak Aramaion kontsumitzea 0 km produktuak kontsumitzea baita. Errenteriako esperientzia, gainera, beste udalerri batzuetara estrapolagarria izan daiteke” dio Garbiñe Oyarbidek.
Horiek horrela, EAJ udal taldeak proposamena lantzeko lehen pauso bezala Udala Gipuzkoako Foru Aldundiarekin harremanetan jartzeko eskatu du, proposamenaren berri eman eta mahaia osatzen hasteko. Jeltzaleek, halaber, Errenteriako EAJ udal taldeko ordezkaritza mahai horretan egoteko eskaera egin dute “proiektuan sinesten dugulako eta lanketa horretan aktiboki parte hartu nahi dugulako”. “Gaiak erpin asko ditu eta kontziente gara sakon landu beharra dagoela, baina lehen bai lehen lanketa horrekin hastea komeni dela uste dugu, lehendik ere bertako produktuak kontsumitzearen garrantzia agerian bazegoen ere, osasun krisiak are nabarmenago egin duelako behar hori” amaitu du zinegotzi jeltzaleak.
Nabarmenak...
EBB
2024/11/24
GBB
2024/11/21
Berria
2024/11/11
DONOSTIA
2024/11/05
Gipuzkoa
2024/10/31
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2018/08/31