Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2020/06/08

Zuhurtzia eta prebentzioa inoiz baino garrantzitsuagoak izango dira aurrerantzean

Sartu-irtenak kontrolatzeko eta monitorizatzeko teknologia berritzailea ezarri dute Txara II zaharren egoitzan, esperientzia pilotu gisa; diputatu nagusiak bertatik bertara ezagutu du gaur berrikuntza hori
Zuhurtzia eta prebentzioa inoiz baino garrantzitsuagoak izango dira aurrerantzean

Gipuzkoako diputatu nagusia, Markel Olano, eta Gizarte Politikako diputatua, Maite Peña, Txara II egoitzaren sarreran izan dira gaur, bertan ezarri den eta sartu-irtenak monitorizatzen dituen teknologia berritzailea ezagutu asmoz. Berrikuntza hori Gertek enpresak sortua da eta Biharkok kudeatzen du, bere helburua kutsatzeak saihestu eta  prebenitzea izanik. Sistema honen bitartez, egoitzara sartzen direnen tenperatura neurtzeaz gain, pertsonen sarrera eta irteerak adimen artifizial eta Big Data bidez kontrolatzen ditu, kudeaketa egokirako hainbat parametro eskainiz. Horrela, une oro ekintza planak edo protokoloak eguneratu eta neurriak hartzeko parametro zehatzak eskaintzen ditu.

Deseskalatze prozesuko 3. fasean sartu berritan egin dute bisita Txarara. Gaurtik aurrera, gizarte politikak Errealitate Berrira Egokitzeko Plangintzari jarraituz, egoitzetan senitartekoen lehen bisitak jasoko dituzte. Egoiliar bakoitzeko pertsona bat sartu ahalko da bisitan, protokolo eta segurtasun neurri zorrotzak jarraituz. Hain zuzen ere, neurri horiek ziurtatu beharko dituzte zaharren egoitza guztiek, senide eta gertukoen sartu-irtenak baimendu aurretik.

Gertek eta Biharko enpresetako arduradunekin elkartu osatean, Olanok hiru kontzeptutan jarri du arreta: “prebentzioa, aurrea hartzea eta erantzun azkarra”. Egungo “ziklo berri” honetan “inoiz baino garrantzia handiagoa” izango dute eta Gizarte Politikako departamentuaren lana gidatuko dute. Berretsi duenez, “adineko pertsonak eta egoitzak” izango dira Foru Aldundiaren “lehentasun nagusia” datozen aste eta hilabeteetan. “Oso egoera gogorra bizi izan dugu. Hori gogoan hartuz, prebentzioak eta zuhurtziak gidatu behar dute guztion jarduna”, lehenetsi du.

Diputatu nagusiak gogoan izan ditu, bere hitzen hasieran, hildako pertsonak eta haien senitartekoak, bere dolumina azalduz. Gainera, eskerrak eman nahi izan dizkie zaharren egoitzetako egoiliarren gertukoei. “Giza ikuspegitik benetan zailak izan dira azken hilabete hauek pertsona askorentzat, bereziki egoitzetan bizi direnentzat eta haien senideentzat, gertuko kontaktu hori mantendu ezinagatik, bereziki. Eta, hala ere,  pazientziaz jokatu dute, elkarlanerako jarrera arduratsuz”, aitortu du.

“Jarrera horri esker”, Olanoren iritziz, nahiz egoitzetako lan taldeen konpromisoari esker, Gipuzkoako egoitza sarean pandemiaren eraginari muga jarri ahal izan zaio. “Aurrerantzean ere ezinbestekoa izango da lankidetza hori, zuhurtziaz jokatuz eta segurtasun neurriak zorrotz betez”, dei egin du.

Kutsatzeen itzulera saihesteko eta, egongo balira, azkartasunez erreakzionatu eta gaitzari eusteko ahaleginean, teknologia ere “oso lagungarria” gerta liteke, diputatu nagusiak azaldu duenez. Horregatik erabaki dute Txara II egoitzan esperientzia pilotu bat martxan jartzea, Gertek enpresaren sarrera eta irteeren kontrolerako sistema ezarriz. Datozen hilabeteotan frogaren emaitzak aztertuko dira eta, positiboak balira, egoitza gehiagotara zabaltzeko aukera aztertuko da.

Sistema honekin, kamera baten bitartez eraikinean sartzera doan pertsona identifikatzen da eta, aldi berean, bere gorputzeko tenperatura neurtzen da. Oinarri duen plataforma digitalak informazioa jaso eta testuinguruan kokatzen du; esate baterako, pertsona hori zenbat aldiz sartu den, norekin egon den eta aldi berean zeinekin partekatu duen espazioa kokatuz. Informazio horrek guztiak lagunduko luke erantzun azkarra ematea pertsona batek sintomak izango balitu edo COVID-19an positibo emango balu.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube