Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Kreditu aldaketak COVID-19ak sortutako gastuei aurre egin eta hartutako konpromisoak betetzeko
Atzoko Osoko Bilkuran, besteak beste, 2019ko Likidazioaren berri eman zen; eta hainbat kreditu gehigarri eta kreditu aldaketa onartu ziren COVID19ak sortutako gastuei aurre egiteko eta 2020 urterako aurreikusiak zeuden proiektuak mantendu eta gauzatzeko.Larrialdi egoera ezarri zenetik, atzokoa izan zen ospatzen zen lehen Ohiko Osoko Bilkura. Covid-19ak gogor astindu ditu hainbat sektore, baita udal jarduna ere eta herritarren egunerokoa.
Gauzak horrela, atzoko ia gai guztiek izan zuten lotura zuzena larrialdi egoerarekin. Alkateak eskertza mezu batekin eman zion hasiera Osoko Bilkurari, balioan jarriz denbora honetan udal langileek zein korporazioko kideek egindako lan eta ahalegina, egoerari aurre egin eta herritarren beharrei erantzuteko.
Adierazi zuen hasiera hasieratik herritarren beharrei erantzutea eta bereziki zaurgarritasun egoeran dauden tolosarren beharrei erantzutea izan dela lehentasun nagusia. Aurrera begira, gizarte babesa bermatzearekin batera, hiri ekonomia babestu eta suspertzea eta herri izaera mantentzea izango direla lehentasunak ere azpimarratu zuen.
Udalak egoerara egokitzeko eta egoerari erantzuteko ahalegin berezia eta ariketa konplexua egin behar izan duela jakinarazi zuen alkateak. Udal aurrekontuei dagokienez, jada onartuta zegoen dokumentu bat berraztertzen ari da udala, diru sarrerak nabarmen jaitsiko direla jakinda. 2019ko likidazioa ere egin da eta guzti hori kontuan izanik, udal gobernuak aurreikuspenak egin ditu, 2020 urteari zein datorrenari begira, udalak epe motz, ertain eta luzera begira herritarren beharrei erantzuteko gaitasuna izan dezan.
13 milioi euroko gerakina, krisiaren ondorioak leuntzeko
Iazko likidazioa eginda, 13 milioi euroko gerakina du udalak. Gerakina bideratuko da, besteak beste, Foru Funtsaren beherakadari aurre egitera, baita Covid19ak denbora honetan sortu dituen eta sortuko dituen gastu berriei aurre eragitera, SUSPERTUTOLOSA Tolosa babestu eta suspertzeko planera eta baita aurreikusiak zeuden aurtengo proiektuak mantentzera ere. Izan ere, udal gobernuak inbertsio publikoa mantentzearen aldeko apustua egin du jarduera ekonomikoa sustatzeko neurri modura, eta datorren urteko egoera are eta konplexuagoa izan daitekeelakoan, aurtengo proiektuak mantendu ditu, betiere, pertsonak beren ongizatea, eta hiri ekonomiaren suspertzea helburu dituztenak.
Covid19ak sortutako gastu gehigarriak:
Larrialdi egoeran udalak hainbat zerbitzu areagotu behar izan ditu herritarren beharrei erantzuteko, gauzak horrela, gastu horiek onartu ziren atzoko Osoko Bilkuran. Momentuz, orotara, 405.000 euro bideratu dira aipatu gastuetara:
- Familiei bideratutako laguntzak handitu dira.
- Elikagai bankuko elikagai banaketa osatzeko baliabide gehiago bideratu dira.
- Azoka Ezohiko egoeran gauzatzeko baliabide gehiago jarri dira.
- Babeserako materiala erosi eta banatu da, saltokietan eta azokan, besteak beste.
- Telelana udalean ezartzeko informatika egokitzapenak egin dira.
- Ekipo informatikoak eskuratu eta banatu dira arrakala digital akademiko eta soziala bizi duten ikasleen artean.
- Bedaioko wifi instalazioetarako gastuak.
- Peñaskal Fundazioak larrialdi egoeran Abegin kalean bizi diren pertsonak artatzeko egindako proiektua eta eskainitako zerbitzuagatiko gastuak.
Egoera honen ondorioz, hainbat diru laguntza ere areagotu egin dira esaterako, Zutani elkartearena, Tolosa&Co merkataritza elkartearena, Lanbide Heziketarekin sinatutakoa... eta udalak Tolosako gainerako elkarte, talde eta eragileei ematen dizkien diru laguntza guztiak mantentzeko erabakia ere hartu da, beren jarduna babesteko helburuarekin.
Txertatzen diren proiektuak:
Osoko Bilkuran beste zenbait kreditu gehigarri eta kreditu aldaketa ere azaldu eta onartu ziren, guztira ia 5.400.000 euroko aurrekontuarekin.
Udal gobernuaren apustua izan da, egoerak baldintzatuta ere, ahal den neurrian udalaren ohiko jarduna mantentzea eta hartutako konpromisoak berrestea, aurreikusitako proiektuak mantenduz eta proiektu berriak gehituz
Haurren parte hartzea plenoan:
Halaber, atzokoan, aurrekontua gauzatzeko arauaren aldaketari hasierako onarpena eman zitzaion administrazio prozedurak eta tramitazioak arintzeko helburuarekin eta besteak beste, udalak Finantzatzeko Foru Funtsari buruzko bi mozio ere aurkeztu ziren, bata, EH Bildu alderdi politikoak aurkeztutakoa eta bestea, EAJ-PNV eta PSE-PSOEk aurkeztutakoa; azken honek egin zuen aurrera.
Baina atzokoan guztiak ez ziren diru kontuak eta COVID19ari lotutako gaiak izan, Osoko Bilkurari hasiera eman aurretik, Haurren Hiria egitasmoan parte hartu duten haurren izenean Samaniego Ikastetxeko ikasle batek 2019-2020 ikasturtean egindako lanketaren berri eman baitzuen. Urtero proiektuaren baitan ospatzen den Mintza Txokoa aurten ezin izan da egin, egoerak baldintzatuta, eta beraz, bideo bat egin dute haur guztien artean.
Aurten Tolosa denon hiria bihurtzeko lanketa egin dute haurrek, guztion beharrak kontuan izanik Tolosa hobetzeko asmoz, eta ildo horretatik, jolastokiei, kirol espazioei, hirigintza lanei, berdintasunari eta liburutegiari lotutako proposamenak egin zituzten.
Alkateak horiek guztiak kontuan izateko konpromisoa adierazi zuen eta jada aurten aurreikusiak dauden jolastokien hobekuntzetan eta udararako eskaintzan beren proposamenak kontuan izango direla jakinarazi zuen.
Nabarmenak...
EBB
2024/11/24
GBB
2024/11/21
Berria
2024/11/11
DONOSTIA
2024/11/05
Gipuzkoa
2024/10/31
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2018/08/31