Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Olatz Peon: “Tolosa egoerari aurre egiten ari da eta jada konfinamenduaren ondorengo fasean murgilduta gaude”
Tolosan gaur egun, ez dago koronabirusagatik ospitaleratutako pertsonarik klinikan, Uzturre egoitzan ez dago kasu positiborik eta positibo emandako bi pertsona daude Iurreamendin. Apirilaren hasieran datuak oso bestelakoak ziren, 39 ospitaleratu eta 33 positiborekin Iurreamendin.Tolosan koronabirusak hedapen handia izan badu ere, neurri haundi batean Iurreamendi egoitzan izandako kasu kopuruagatik, egoera normaltasunera itzultzen hasia da eta positibo kopuruak nabarmen egin dute behera eta sendatu diren pertsonen kopuruak aldiz gora.
Olatz Peon Ormazabal alkateak azaldu duenez, “egun, Asuncion klinikan ez dago koronabirusagatik ospitaleratutako pertsonarik, Uzturre egoitzak ez dago kasu positiborik eta Iurreamendi egoitzan aldiz, 2 kasu positibo daude; apirileko lehen egunetan, herriko argazkia, oso desberdina zen, Iurreamendin 33 positibo zeuden eta Asuncion klinikan 39 pertsona koronabirusaren gaitzarekin ospitaleratuta; Uzturre egoitzan aldiz ez da kasurik izan larrialdi egoera guztian”. “Egunak aurrera egin ahala egoerari buelta eman dio herriak, positibo kopuruek behera egin dute nabarmen, pertsona asko sendatu dira dagoeneko eta egin diren ia test guztiek negatibo eman dute; beraz, egoera berri baten aurrean gaude, eta poztekoak dira esku artean ditugun datuak” gaineratu du.
Gauzak horrela, alkateak adierazi du Tolosak etapa berri bati ekin diola “baina ezin gara lasaitu, garrantzitsua da arduraz jokatzen jarraitzea” esan du.
Konfinamenduaren ondorengo fasean lanean ari da dagoeneko udala, alkateak jakitera eman duenez, “jada konfinamenduaren ondorengo fasean kokatuta gaude, krisi honek utziko dituen ondorioei aurre egiteko plana garatzen ari gara herriko eragile ekonomiko ezberdinekin eta era berean, herritarren kaleratzea, udal langileen lanerako itzulera eta merkataritzaren eta establezimenduen irekiera beharrezkoak diren prebentzio eta segurtasun neurri guztiekin gauzatu dadin protokoloak lantzen ari gara”.
Konfinamendua leuntzera doan honetan, eskertza mezua eta arduratsu jokatzen jarraitzeko eskaera tolosarrei:
Egoera pixkanaka pixkana normaltasunera itzultzen hasiko denez datozen egun eta asteetan, alkateak eskerrak eman nahi izan dizkie herritarrei denbora guzti honetan izan duten pazientziagatik, arauak errespetatzeagatik eta bereziki, modu eredugarrian erantzun izanagatik. “Larrialdi egoera honetan guztiok egin behar izan dugu sekulako ahalegina egoerara egokitzeko, une zailak izan dira eta izaten ari dira, baina poliki poliki eta elkarrekin ari gara egoerari aurre egiten, arduraz jokatu dugulako, erantzukizunez eta elkartasunez”.
Gaurkoan, etxeko txikienak ekarri ditu gogora alkateak, “haurrek inoiz bizi ez dugun osasun larrialdi egoera batean murgilduta ikusi dute beren burua; eta ez da makala egin duten esfortzua, etxean jarraitu dute ikasten eta etxeko lanak egiten eta beren jolasak etxeko eremura mugatu behar izan dituzte; eta hori horrela izanik ere, modu eredugarrian jokatu dute eta modu eredugarrian erantzuten ari dira; horregatik zorionak eta eskerrik asko; eta eskerrik asko baita ere tolosar guzti guztiei elkarrekin ari garelako egoera honi aurre egiten”.
“Joan den igandean izan zuten haurrek kalera ateratzeko aukera, bihartik aurrera ere helduok kalera atera ahal izango dugu, paseatzera edota kirola egitera, pixkanaka-pixkana merkatariek eta ostalariek ere ateak zabaldu ahal izango dituzte, guztia pausoz pausoz eta prebentzio neurri guztiak errespetatuta; horregatik, leuntze fase berri honetan ere zuen elkarkartasuna eta elkarlana ezinbestekoak izango dira, ez ditzagun egun batetik bestera bizitakoak atzean utzi, ez gaitezen lasaitu, zorrotzak izaten eta arduraz jokatzen jarraitu behar dugu, indarrak batuta, aurrera egiten jarrai dezagun”.
Nabarmenak...
EBB
2024/11/24
GBB
2024/11/21
Berria
2024/11/11
DONOSTIA
2024/11/05
Gipuzkoa
2024/10/31
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2018/08/31