Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2020/04/29

“Komunitate gisa, guztiok batera, aurre egiten ari gara 
COVID-19ari; guztiok batera atera behar gara krisialditik”

Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, pandemiak eragindako krisialdiari aurre egiteko neurriak partekatu ditu gaur Batzar Nagusietan egindako agerraldian
“Komunitate gisa, guztiok batera, aurre egiten ari gara 
COVID-19ari; guztiok batera atera behar gara krisialditik”

“Komunitate gisa, guztiok batera, aurre egiten ari gara COVID-19ari; hemendik aurrera ere krisialdi ekonomiko eta sozialetik guztiok batera atera behar gara. Hala izan dadin gure eskuetan dagoen guztia egingo dugu”. Hitz hauekin laburbildu du Markel Olano diputatu nagusiak, “trantze zail” honetan, “lurraldeko ekonomia, enplegua eta gizarte kohesioa babesteko” Aldundiak izango duen “determinazioa”. “Datozen hilabeteetan helburu horietan kokatuko dugu ahalegin guztia, industriatik hasi eta enpresa txiki eta autonomoetaraino. Gipuzkoak berezko dituen balioei eta gizarte ereduari eustea, elkarlana eta elkartasuna oinarri, funtsezkoa izango da egoerari aurre egiteko”, baieztatu du.

Olanok adierazpen hauek egin ditu gaur goizean Batzar Nagusietan, COVID-19ari aurre egiteko hartutako neurrien berri eman asmoz berak eskatuta eskainitako agerraldian. Batzarkideen arteko distantzia soziala bermatzeko berariaz antolatutako aretoan, joan den martxoaren 5ean lehen larrialdi neurriak hartu zirenetik hona osatutako ibilbidearen berri eman du diputatu nagusiak. Berekin izan ditu Maite Peña, Jose Ignacio Asensio, Imanol Lasa eta Jabier Larrañaga diputatuak. Bakoitzak bere alorrean egindako ahalegina azaldu du, diputatu nagusiaren ondoren. 

Gaitzak orain arte Gipuzkoan utzitako 247 hildakoen senitartekoei “gertutasun eta elkartasun” guztia eskainiz hasi ditu bere hitzak diputatu nagusiak. Aldi berean, COVID-19 pasatzen ari direnei “animoa” helarazi die eta gogoan izan ditu pandemiaren aurrean “buru-belarri” lanean ari diren pertsona guztiak, “aitortza berezia” eskainiz lurraldeko zaharren egoitzetako lan talde osoari.

Proaktibitatea, bizkortasuna, elkarlana eta gardentasuna

COVID-19ak ekarritako osasun, gizarte eta ekonomia krisialdi “hirukoitzaren” aurrean Aldundiaren jardunak “proaktibitatea, bizkortasuna, elkarlana eta gardentasuna” izan ditu oinarri, diputatu nagusiaren esanetan. Hortik abiatuta, foru erakundeak “larrialdi neurri sorta zabala eta zehatza” hartu ditu, “beharrizan sozio-sanitarioei erantzuteko, segurtasun baldintzak betez Aldundiaren zerbitzuak bermatzeko eta sektore ekonomiko ahulenei arreta azkarra bermatzeko”. 

Testuinguru horretan, diputatu nagusiak azpimarratu duenez, adineko pertsonak izan dira aste hauetan guztietan Aldundiaren “lehentasun nagusia”. Konpromiso horren lekuko, gaixorik edo arnasketa arazoekin zeuden agureentzako Gurutze-Gorriarekin elkarlanean egokitutako zentro sozio-sanitarioa eta gizarte zerbitzuetarako Txoke Plana, zeinak ezarri dituen 50 neurri eta 90 akzio zehatz kutsatzeak saihesteko, gaitzaren zabaltzea mugatzeko, larrialdiko baliabideak indartzeko eta gizarteari bideratutako informazioa transparentziaz igortzeko. Planaren ondorioz, esate baterako, egoitzen egoerari “etengabeko jarraipena” egin zaio, aholkularitza zerbitzua eskaini zaie, senitartekoekin bideokonferentzia segurtasunez egin ahal izateko baliabideak jarri dira, 250.000 maskara eta 42.000 EPI bideratu dira zentroetara, horrela osasun zerbitzuen eskaintza osatuz.

“Egoera oso gogorra izan da, 157 hildako izan ditugu orain arte, galera horiek guztiak gure sentitu ditugu. Baina desafioaren tamaina ikusita, esan dezakegu gure herriko sistema sozio-sanitarioak ongi eutsi diola erronkari. Erakundeon, egoitzen eta osasun zerbitzuen elkarlana erabatekoa izaten ari da. Gizarte Politikako departamentuaren lan izugarria txalotu eta zoriondu nahi dut. Sentitartekoen kolaborazioa erabatekoa izan da eta zentroetako lan-taldeen inplikazioa ere bai. Horri guztiari esker, azken datuetan hobekuntza nabaria da, baina ezin gara erlaxatu. Desafio hau luzerako etorri da eta”, aipatu du Olanok. “Gaur egun ere adineko pertsonen arreta da gure lehentasun nagusia”, osatu du.

Kolektibo ahulenei “arreta berezia”

“Larrialdi neurriek”, baita ere, izan dute isla ekonomia sustapenaren alorrean. Krisialdiarekin bat, ekonomiaren alorreko eragileekin koordinazio organoa ezarri du Foru Aldundiak eta turismoaren eta lehen sektoreko ordezkariekin hainbat bilera egin dituzte. Horren ondoren etorri dira hainbat talka-neurri, tartean telelanera egokitzeko bonu teknologikoak, zerbitzu turistikoetako autonomo eta enpresa txikiei emandako diru-laguntzak, nahiz autonomoei eta enpresei likidezia eskaini dieten neurri fiskalak.

Hasierako erabaki horiei jarraituz, krisialdi sozial eta ekonomikoari aurre egiteko Ekonomia Berreskuratzeko Plana aurkeztu berri du Foru Aldundiak. Plangintza honen helburuak izango dira aktibitatea eta enplegua “ahalik eta gehien” babestea, ekonomia “berreskuratzeko baliabideak” eskaintzea eta sektore guztien “etorkizuna” bermatzea. Egitasmo honek “kolektibo ahulenei” arreta berezia eskainiko die, hain justu ere lan erregulazio egoeran daudenei eta bazterkerian erortzeko arriskuan dauden pertsonei.

Diru-bilketan krisialdiak eduki dezakeen inpaktua %20-25 bitartekoa izatea aurreikusten bada ere, Foru Aldundiak Ekonomia Sustapenera eta Gizarte Politiketara bideratutako partidei eustea erabaki du, 2020ko aurrekontua doitu ondoren. “Horri esker jarri dezakegu abian Ekonomia Berreskuratzeko Plana. Hala ere, baliabide gehiago bideratu nahi genituzke ekonomiara eta gizarte beharretara. Horregatik, eskuduntzak dituzten erakundeei eskatzen diegu mugak berriz definitzeko. Zorpetzeko aukera izanez gero ehun ekonomikoari eta gizartegintzara laguntza gehiago bideratzeko moduan egongo ginateke”, azpimarratu du Olanok.

Amaitzeko, diputatu nagusiak dei egin dio gizarte osoari, “deseskalatzearen atarian” gauden honetan, “osasun arduradunen gomendioak zorroztasunez” jarraitzen segitzeko eta, baita ere, “tokiko produktuen eta zerbitzuen aldeko hautua” egiteko gure kontsumo ohituretan. “Ardura indibiduala eta elkartasunari eusteko unea da. Balkoietan erakutsi dugun elkartasuna kalera eramateko garaia”, azpimarratu du.

Diputatuen hitzaldiak

Ingurumeneko diputatu José Ignacio Asensiok hildakoei,  haien familiei eta gaixotasunarekin borrokan ari direnei elkartasuna eta maitasuna helarazi die. Bere hitzaldian, Asensiok azpimarratu du "une honetan lehentasuna pertsonen osasuna eta ongizatea" dela eta, beraz, Gipuzkoako Foru Aldundiak "ahaleginak bideratuko dituela gizarte zerbitzuak babesteko, suspertze ekonomikoa sustatzeko eta funtsezko zerbitzuak bermatzeko”. Asensioren arabera, hauek dira "gizarte babesa" zabaltzeko oinarriak, une honetan Gipuzkoak bere etorkizunari aurre egiteko behar duena, alegia.

Gizarte Politikako diputatuak, Maite Peñak, Txoke Planaren errepasoa egin du, orain arte hartutako neurri nagusiak xehetuz. “Oso aldakorra den eszenatoki baten aurrean gaude eta, horregatik, egokitzeko gaitasuna ezaugarritzen du planak bere osotasunean nahiz hartutako neurri guztiek”, adierazi du Peñak. Bere iritziz, egitasmorik garrantzitsuenetako bat izan da departamentuan ekipo berezi bat sortzea, batik bat medikuez osatua, egoitza sare osoari egunero-eguneroko jarraipena egin ahal izateko, “ezinbestekoa” baita momentuko egoeraren berri zehatza egitea “erabaki egokiak” hartu ahal izateko.

Bere aldetik, Ogasuneko foru diputatu Jabier Larrañagak azaldu du bere departamentua alarma egoera ezarri aurretik hasi zela lanean eta, bitarte honetan, hainbat neurri aipatu dituela, besteak beste, otsaileko eta martxoko zergen ordainketa epeak atzeratzea, autonomoen ordainketa zatikatuak atzeratzea, gerorapen automatikoak eskatzeko baldintzak hobetzea, ETEentzako Sozietateen kanpaina atzeratzea eta itzulketei emandako bultzada nabarmena, batez ere BEZ eta PFEZari dagokionean. Azkenik, Errenta kanpaina egoera berrira egokitzeko egindako ahaleginean ere jarri du azpimarra, herritarrei orain arte ematen zitzaien kalitatezko zerbitzua eskaintzeko.

Ekonomia Sustapena, Turismoa eta Landa Inguruneko diputatu Imanol Lasak jakinarazi duenez, Ekonomia Berreskuratzeko Planak bide-orria ezartzen du, “ziurgabetasun testuinguru” batean, neurriak eta programak “malgutasunez” abian jartzeko, beti ere eragile ekonomiko eta sozialekin nahiz erakunde guztiekin elkarlanean. Bide horrek “epe laburreko erantzuna” ezartzen du, batetik, COVID-19ak ekonomia ehunean izango duen eragin izugarria gutxitzeko. Bestetik, epe luzeko begirada aurreikusten du: “Ezin dugu etorkizunera begirako lana nahiz etorkizunera begirako apustu estrategikoak bertan behera utzi”.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube