Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2020/04/21

Gipuzkoako foru Ogasunak 70 milioitik gora itzuli ditu jada 2019ko Errenta kanpainan

Lehen bi asteen balorazio positiboa egin du foru erakundeak. Aurkeztu diren aitorpenen kopurua %24 igo da aurreko urteko egun berdinarekiko
Gipuzkoako foru Ogasunak 70 milioitik gora  itzuli ditu jada 2019ko Errenta kanpainan

Gipuzkoako foru Ogasunak 70 milioi euro baino gehiago itzuli dizkie jada gipuzkoarrei, 2019ko Errenta kanpaina martxan jarri zenetik bi aste bete direnean. Eider Mendoza foru bozeramaileak azaldu duenez, itzulketak ahalik eta azkarren egitea “inoiz baino garrantzitsuagoa da”, Gipuzkoako herritarrei likidezia injekzio inportantea egitea suposatzen baitu. Gaineratu duenez, eta nahiz eta Covid-19aren pandemiak sortu duen ezohizko egoera kanpainan zuzenean eragiten ari den, “aurretik egindako lanari esker, gure teknologia garapenak Errenta kanpaina honetan ere kalitatezko zerbitzua eskaini ahal izatea ahalbidetu digu. Orain artekoaz egiten dugun balorazioa, beraz, positiboa da”.   

Mendoz hedabideen aurrean agertu da gaur bideokonferentzia bidez, aste honetan Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien berri emateko. Bertan, 2019ko Errenta kanpainak orain arte eman duenaren errepasoa egin da. Lehen bi astetan, zenbatekoak positiboak dira. Foru bozeramaileak azaldu duenez, aurkeztu diren aitorpenen kopurua 123.000 baino gehiago dira jada, pasa den urteko kanpainako egun berean baino %24,5 gehiago. Etxeetara bidaltzen diren autolikidazio proposamenei dagokionean, pasa den urteko kanpainako egun berdinean baino 21.000 gehiago onartu dira, hau da, %23ko hazkundea. 

Errenta aitorpenaren online modalitatea izaten ari den zifra onetan ere jarri du azpimarra foru bozeramaileak, modalitate presentzialaren ordezko gisa egonkortzen ari baita. “Sei egun bakarrik daramatzagu modalitate hau martxan jarri zenetik eta aurkeztu diren aitorpenak 10.000 baino gehiago dira jada, pasa den urteko kanpainaren epe berean aurkeztu zirenak baina hiru aldiz gehiago”, nabarmendu du. Puntu honetan, “herritar guztiek etxetik mugitu gabe aitorpena aurkezteko” martxan jarritako erremintak izaten ari diren harrera ona nabarmendu du. Zehazki, azaldu du 4.730 aitortzailek erabili dutela BAK kodea eskuratzeko prozedura telematikoa, aitorpena jartzeko beharrezkoa dena; eta beste 535 lagunek erabili dutela aitorpenaren aurkezpena ordezkari bati emateko prozedura. 

Hau guztiagatik, Errenta kanpainako lan taldea zoriondu nahi izan du Mendozak, egiten ari diren lana “txalotzekoa” baita. “Krisia hasi zenetik esan dugu Aldundiaren helburua zergadunei malgutasuna eskaini eta gure esku dauden kontuetan likidezia ematea dela; Errenta kanpainaren itzulketen bidez likidezia hori ematen diegu. Aldundia eta Ogasuna laguntzeko daude eta, gure esku dagoen guztia egiten ari gara krisialdi honetan gure herritarrei eta enpresei laguntzeko”, aldeztu du. Amaitzeko, eskerrak eman dizkie baita ere Gipuzkoako herritar guztiei, urtean zehar egiten dituzten ekarpenak egiten baitute posible gure ongizatea sostengatzen duten zerbitzu publikoak finantzatzea.

Osakidetzari dohaintzak

Bestalde, Ogasunaren arloan baita ere, Aldundiak Foru Agindua onartu du (Agindua izaki, ez da Kontseiluan onartu), Covid-19 gaitzaren aurkako borrokan laguntzeko Osakidetzaren alde egiten diren emari, dohaintza, ekarpen eta doako zerbitzu prestazioen aldeko zerga hobaria onartzeko. Honela, mezenasgoaren aldeko zerga pizgarriak aplikatuko zaizkie, hau da, pertsona fisikoen kasuen %20ko kenkaria PFEZan; eta pertsona juridikoen kasuan, Sozietateen gaineko zergaren zerga oinarria zehazteko garaian, dohaintza hauen zenbatekoa partida kengarritzat hartuko da.

“Ondorioz, erabaki honekin Covid-19 gaitzari aurre egiteko ahaleginean, Osakidetzari ekarpenak eta dohaintzak egiten ari diren herritar, elkarte eta enpresak egiten ari direna aitortu nahi dugu. Ez da hainbeste hobari hauen bitartez jendea ekarpenak egitera animatzea, baizik eta egin dutenen keinua saritzea”, esan du Mendozak. “Euskal Herrian, Osakidetza osatzen duten gizon eta emakumeak ari dira lehen lerroan Covid-19 gaitzaren aurkako borrokan eta, hau honela izanda, Gipuzkoako Foru Aldundiak ere bere ekarpen txikia egin nahi izan die, zerga hobari hauen bitartez”, gehitu du.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube