Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
“Osasun larrialdiak dakarren krisiari aurre egiteko momentua da eta horretara bideratu behar ditugu gure baliabideak
Krisi honek ez du Oñatiko Udala egoera ekonomikorik onenean harrapatu, 11,3 milioiko zor bizia du eta zorpetze maila %6,58koa da, Oñatiren antzeko Gipuzkoako udalen batezbestekoa baino 2,27 handiagoa eta “erabateko zuhurtziaz jokatzea eta lehentasunak markatzea ezinbestekoa da egoera honetan” .Mundu mailako pandemia dela eta garai zailak eta ezohikoak bizi ditugu eta horrek bere isla du baita Oñatiko Udalaren jardunean ere. 2019ko aurrekontu orokorraren likidazioa izan zen aztergai joan den astean ogasun batzordean eta osoko bilkuran eta biak ere baliabide telematikoen bidez egin ziren koronabirusaren hedapena geldiarazteko irizpideetan oinarrituta.
Udalaren egoera ekonomikoa
Bistan da osasun larrialdi honek ondorioak utziko dituela gure ekonomian, autonomo eta enpresa txikiak hasi dira dagoeneko larrialdian hartutako neurrien ondorioak pairatzen eta udal ekonomian ere izango du eragina jeltzaleek azaldu dutenez. “Koronabirusak sortutako krisialdiari aurre egiteko udalak duen egoera, zoritxarrez, ez da egokiena” dio Galdosek, “behin eta berriz eskatu izan dugu azken urteotan kiroldegiko obrei aurre egin ahal izateko aurreikuspenak egitea, tamalez, ordea, ez dira gure eskaerak aintzat hartu eta krisiak bete betean harrapatu gaitu“. Kontu-hartzaileak egindako txostenak jasotzen du, Oñatiko Udalak 11,3 milioiko zor bizia duela eta udalaren zorpetze maila %6,58koa dela, Oñatiren antzeko Gipuzkoako udalen batezbesteko zorpetze maila baino 2,27 handiagoa. Jeltzaleek azaldu dutenez, “krisi honen eraginez, aurreikus daiteke diru-bilketa jaitsiko dela eta udalak bere diru-sarrerak murriztuak ikusiko dituela, bai diru-bilketa propioetatik eta baita foru funtsetik ere”. Beraz “beharrezkoa da hori aintzat hartzea eta zuhurtziarik handienarekin jokatzea” azaldu du EAJ udal taldearen bozeramaileak.
Likidazioa eta gerakina
“2019ko aurrekontuaren likidazioak 13.021.803,20 euroko diruzaintza gerakina utzi digu” azaldu dute jeltzaleek, “gastuen gauzatze maila baxu horren arrazoi nagusia da, 2019ko aurrekontuetan jaso ziren 14.655.895, 91 milioiko inbertsioetatik 4.474.171,13 euro baino ez direlako gauzatu. Gerakina 13 milioi ingurukoa bada ere, horietatik ia 8 milioi eta erdi konprometituta daude eta horien txertaketa alkatearen dekretu bidez egin da, 2 milioi inguruko kreditu gehigarriak, aldiz, osoko bilkuran onartu behar zituen udal batzak eta Ainhoa Galdos bozeramaile jeltzaleak azaldu duenez, “udal gobernuak proposamen itxia eraman zuen bai ogasun batzordera eta baita osoko bilkurara ere. Ez zaigu ekarpenik egiteko aukerarik eman eta prentsari eta oposizioari aldi berean helarazi zaigu”.
Jeltzaleak arduratuta daude, bereziki, gerakina zertara bideratu erabakitzeko prezipitazioarekin. Azaldu dutenez, dokumentua martxoaren erdialdean idatzi zen eta geroztik egoera erabat irauli da. “Oñatiko autonomoen, negozio txikien, merkatarien, ostalarien langileen… egoerak okerrera egin du nabarmen eta aurreikus daiteke hemendik aurrerako egoera ere ez dela hobea izango, beraz, arduragabea iruditzen zaigu egungo egoera aintzat hartzen ez duen proposamen bat onartzea”. “Bizi dugun egoera honetan lehentasunak beste batzuk dira eta gure ustez egokiagoa zen gaia mahai gainean uztea eta likidazioa aurrerago onartzea, krisiak nola eragingo digun hobeto jakin ondoren eta horri aurre egiteko baliabideak ezarrita”. Kreditu gehigarrian egoera berriari aurre egiteko proposamenik txertatu ez zenez, jeltzaleek proposamenaren aurka bozkatu zuten.
Koronabirusari aurre egiteko proposamenak
Gauzak horrela, gerakineko 2,5 milioi geratuko dira erabilgarri 2020rako eta horiek elkarlanean eta zuhurtziarik handienarekin kudeatzea eskatzen du EAJk, egungo egoera aintzat hartuta eta krisiari aurre egiteko neurriak hartuz. Osoko bilkuran egin zituzten jeltzaleek proposamen horietako batzuk, hain zuzen. Jon Kepa Gerrikagoitia zinegotzi jeltzaleak azaldu zuen, “Covid-19ak sortutako osasun larrialdiak Oñatiko sektore ekonomikoetan eragin handia” izango duela, “bereziki merkatari, ostalari, autonomo eta enpresa txikietan”. “Udalak baditu tresnak eragin ekonomiko hori arintzeko, eta horiek aktibatzea proposatzen du gure udal taldeak”. Bi motatako neurriak proposatu zituen EAJk:
Neurri fiskalak, zerga-karga arintzeko:
- Itxita dauden bitartean saltoki, taberna, kafetegi, jatetxe eta gainerako jarduera profesionalei hondakinak biltzeko tasaren kobrantza etetea.
- Osasun krisiak irauten duen bitartean terrazak jartzeari dagokion tasa ere ez kobratzea.
- 75%eko hobariak zergetan (OHZ eta JEZ) osasun-larrialdiak eragiten dien negozioentzat, egoera honek irauten duen bitartean.
Dirulaguntzak:
- Gastu bonoen bitartez kontsumoa aktibatzeko 75.000 euroko dirulaguntza lerroa. Udalak %10 bere gain hartuta, 750.000 euro mobilizatuko lituzke horrela eta Lanbidek eskainiko dituen dirulaguntzekin osagarriak izango lirateke.
Bukatzeko, jeltzaleek elkarlanaren garrantzia azpimarratu nahi izan dute “elkarlanean sinisten dugu eta udal gobernuak ere elkarlanerako borondatea azaltzea nahiko genuke, oñatiarren alde lan egitea dagokigulako bai gobernuari eta baita oposizioari ere” . “Herri ordezkariak gara, zuhur jokatu behar dugu herritarren diruarekin eta gizarte bezala, elkarrekin eta inor atzean utzi gabe krisi honi aurre egitea da benetako lehentasuna. Bide horretatik ziur gaude guztion artean krisia gaindituko dugula”.
Nabarmenak...
EBB
2024/11/24
GBB
2024/11/21
Berria
2024/11/11
DONOSTIA
2024/11/05
Gipuzkoa
2024/10/31
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2018/08/31