Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2020/03/26

Covid-19a gainditzera bideratutako Koronabonoak babestu ditu Izaskun Bilbaok Europako Gizarte eta Ekonomia Plan bat finantzatzera begira

Europako Parlamentuko diputatu jeltzale Izaskun Bilbao Barandicak herritarrei laguntzeko eta ekonomia suspertzeko Europako plana sortzea babestu du pandemia honek ekarriko dituen kostuak gainditzen laguntzeko
Covid-19a gainditzera bideratutako Koronabonoak babestu ditu Izaskun Bilbaok Europako Gizarte eta Ekonomia Plan bat finantzatzera begira

Europako Parlamentuan gaur egiten ari den Osoko Bilkuran, EAJ-PNVko eurodiputatuak iragarri du babesa emango diola 37.000 milioi euroko Europako funtsa sortzeari, estatuek hartu beharreko neurriei laguntzeko, bereziki osasun-arloan, bai eta larrialdietarako funtsaren araudietan eta garraio eta arrantzako arauetan aldaketak egiteko ere, sektore horiek gaurko egoerara egokitu ahal izateko. Ildo beretik berretsi du zorra denon artean partekatu beharko dela eta horrela eginez baino ezin izango dela aurrera eraman krisiaren kostu sozial eta produktiboei aurre egiteko Europako plana. Gaur egin behar diren hiru bozketen emaitzak 23:00etan emango dira ezagutzera.

Europako Parlamentuak osoko bilkura deitu du gaurko,krisi honen aurrean garraio eta arrantza sektoreen erantzuna erraztuko duten araudi eta zuzentarau batzuk aldatzeko. Era berean bozkatu da erantzuna emateko Europako funts berezia atibatzea, 37.000 milioi eurokoa, eta larrialdietarako Europako funtsaren arauen aldarazpena, estatu kideek bide honetatik jasoko dituzten laguntzak beharrizan egoeran daudenei arinago hel daitezen. Baina, aldi berean eta Europako lehen tresna berezia abian jarri dela aprobetxatuta, lehen laguntza planerako 37.000 milioi euro hauez gain, Izaskun Bilbao Barandicak erreklamatu du “egoera honek eragingo duen zorraren ordainketa denon artean partekatzea”.Diputatu jeltzalearen aburuz, horrela baino ez da lortuko “pertsonak txirotasunetik eta bazterkeria egoeratik erreskatatzeko Europako plana antolatzea eta finantzatzea, ekonomia produktiboari likidezia eskaintzea, espekulazio finantzarioari aurre egitea eta merkatu bakarrean lehiakortasunaren distortsioak saihestea.

Diputatu jeltzalea Osoko Bilkuran parte hartzen ari da Bermeotik. Hiru proposamen hauei baiezko botoa emango diela esan du eta berretsi du koronabirusak ez duela mugarik ezagutzen: “Gaur dakigu mehatxu hau hobeto gainditzeko moduan egongo ginatekeela Europa mailan tresna gehiago izango bagenitu”. Ordezkari jeltzaleak nabarmendu duenez “Estatuek onartu behar dute Batasunak derrigorrez bete beharreko neurriak zehaztu beharko dituela antzeko egoera epidemiologikoen aurrean erantzun bateratua emateko”. Halaber “garraio eta mugikortasun plan berezia” behar dela esan du “mugak alde bakar batetik ixtea saihesteko”. Era berean esan du "Osasun-material kritikoaren hornidurarik ezaren aurkako txertorik onena” dela Osasun arloko industria eta hornikuntza estrategikoen Europako erregistro bat izatea, ekoizpen, teknologia eta berrikuntzarako gaitasun nahikoa dugulako”. Europako neurri horiek eman behar diote bide aipatutako "suspertze sozial eta ekonomikorako Europako Planari, hori ere elkartasunaren adierazpena delako. Europa gehiago,amaitu du, krisi global honi aurre egiteko ere”.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube