Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Gipuzkoa Encounter birtuala gaur hasiko da, 456 partaiderekin
Tolosako Usabal kiroldegian egitea aurreikusita zegoen topaketa bertan behera utzi eta gero, Gipuzkoa Encounterreko antolatzaileak gai izan dira egun gutxitan edizio birtuala abian jartzeko. Ohikoa den moduan, partyak trebakuntza-jarduera, bideo-joko lehiaketa eta txapelketa ugari hartuko ditu barne; azken horiek,arte digital, hardware eta segurtasun informatikoa bezalako arloen inguruan izango diraGipuzkoa Encounterrek, beste behin ere, zale mordoa erakartzeko gaitasuna duela erakutsi du, baita egoera korapilatsuenetan ere. Gaur hasiko den online bilkurak eskainitako 456 lekuak berehala agortu dira, eta antolatzaileak oso pozik daude teknologia-zaleen erantzunarekin. Izan ere, aurrekaririk ez duen esperientzia birtualean parte hartzera animatu dira.
Gaurtik aurrera, 18:00etan hasi eta larunbat gauerdira arte, gauzatuko da ekimena, Covid-19 pandemiak eragin duen konfinamenduari aurre egiteko helburuarekin. Teknologia berrien alorrean prestakuntza, dibulgazioa eta dibertsioa uztartzeko bokazioa ere mantenduko du hitzorduak. Hain zuzen ere, topaketa birtualak beste edozein lanpartyren jarduera berak eskainiko ditu, egoitza fisikorik ez izan arren. Bai parte-hartzaileak bai antolatzaileak beren etxeetan egongo dira.
Gipuzkoa Encounterren 14. edizioan izena eman dutenen jatorriari dagokionez, % 35 Bizkaian daude, % 22 Gipuzkoan, % 12 Nafarroan, % 9 Araban, % 7 Madrilen, % 4 Kantabrian, eta gainerako % 11a Coruñan, Burgosen, Bartzelonan, Palentzian, Asturiasen, Errioxan, Zaragozan, Pontevedran, Leonen, Guadalajaran, Valladoliden, Albaceten, Valentzian, Gironan, Cádizen, Ávilan, Toledon, Santa Cruz de Tenerifen, Lleidan eta Tarragonan.
Gipuzkoa Encounter Euskaltel Fundazioak antolatu du, Euskaltelen, Tolosako Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Ingurunedepartamentuaren etaEusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailaren (SPRI-ren bitartez) laguntzarekin.
“Mundu mailako erreferentzia”
Gipuzkoa Encounterren elkartutako lagunek arlo anitzetan parte hartu ahal izango dute, etxetik mugitu gabe,Discord izeneko tresnaren bidez. Bertan, gaika bereizitako “areto birtualak” topatuko dituzte, eta arte digitaleko, software libreko, hardwareko eta jokoetako lehiaketetan izen emateko aukera izango dute. Orain, antolatzaileek lanparty presentzialetako ekimenak kudeatzeko erabiltzen duten sistema propioa, partyNet izenekoa, egokitzen ari dira,bere osotasunean Internet bidez erabili ahal izateko.
Era berean, festatik kanpo gelditu direnek ere parte hartzeko aukera izango dute, eduki batzuk irekiak izango baitira. Online emango diren prestakuntza-hitzaldiak eta topaketa birtualaren programa doan entzun ahal izango dira Euskal Encounterreko Twitch kanalaren bitartez: https://www.twitch.tv/euskalencounter/
Gaur arratsaldeko 18:00etan burutuko den inaugurazio-ekitaldian, José Miguel García Fernández Euskalteleko kontseilari delegatuak hartuko du hitza. Berarentzat, Gipuzkoa Encounter birtual hau “mundu mailako erreferentzia izango da”. Grabatutako adierazpenean, antolakuntza-taldeari eskerrak eman nahi dizkio: “Bereziki harro sentiarazten gaitu ekimen honek”.
Bestalde, Aitor Urzelaik, Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetza, Berrikuntza eta Informazioaren Gizarte saileko zuzendariak, SPRIk abian jarri duen Inplantalariak izeneko zerbitzu berriaz mintzatuko da, telelana errazteko helburu duen proiektuaz, hain zuzen.
Inaugurazio birtualean ere parte hartuko du Izarne Iglesias García de Iturrospek, Tolosako Udaleko Kultura, Festak eta Gazteria arloko zinegotziak.Koarentena egoerak dakartzan oztopoak oztopo, topaketa teknologikoari eusteko egin diren ahaleginakeskertuko ditu.Bere esanetan, horrelako ekimenek erakusten digute “ikasteko eta hazteko aukerak aurkitzeko gai garela, baita horrelako une zailetan ere”.
Imanol Lasa Gipuzkoako Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko diputatuak ere hartuko du hitza. Edizio hau “desberdina eta oso berezia” izango dela uste du, “ikasteko eta ekintzailetzarako aukera” ugari izango baititu, eta “guztiok konektatuta gaudela eta elkarrekin indartsuagoak garela” baieztatzeko balioko baitu.
Nabarmenak...
EBB
2024/11/24
GBB
2024/11/21
Berria
2024/11/11
DONOSTIA
2024/11/05
Gipuzkoa
2024/10/31
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2018/08/31