Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2020/01/10

Adinberrik beste 16 proiektu berritzaile bultzatu ditu, gizartearen zahartzeari aurre egiteko

Adinberrik beste 16 proiektu berritzaile bultzatu ditu, gizartearen zahartzeari aurre egiteko
Adinberrik beste 16 proiektu berritzaile bultzatu ditu, gizartearen zahartzeari aurre egiteko

Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak, gaur, funtsezko bi elementu aipatu ditu Gipuzkoak biztanleriaren zahartzeak dakarren erronkari eman beharreko erantzuna eraikitzeko: komunitatea eta berrikuntza. "Lehen mailako erronka da gure lurraldearentzat, eta erronka horri aurre egiten ari gara jada, Adinberri zahartze osasuntsuaren estrategiaren bidez», nabarmendu du diputatu nagusiak.  Azpimarratu duenez, proiektu hori "eraldatzen" ari da Gipuzkoak erronka horri aurre egiteko modua: "Lurraldea aktibatu du, hirugarren sektoreari lotutako eragileetatik hasi eta ezagutzaren eta berrikuntzaren esparrukoetaraino, guztiok konponbideak bilatzeko konpromisoa hartuz. Guztion artean pertsona adinduak eta mendekotasun egoeran daudenei ematen diogun arreta eraldatzen ari gara eta, aldi berean, sektore ekonomiko berria eta kalitatezko enplegua bultzatzen".

Diputatu nagusiak topaketa batean parte hartu du gaur; bertan, Adinberri dirulaguntzen bigarren deialdiaren esparruan, datorren urtean zahartze osasungarrian, sistema soziosanitarioaren bikaintasunean eta arlo horretako industriaren lehiakortasunean eragina izan dezaketen proiektu berritzaileak garatuko dituzten eragileekin bildu da. Ekitaldia Etorkizuna Eraikiz Gunean egin da, eta ekimen horien atzean dauden enpresen eta elkarteen ordezkariak bildu dira bertan. Maite Peña Gizarte Politiketako foru diputatua, Ainhoa Aizpuru Proiektu Estrategikoetako foru diputatua eta Rakel San Sebastian Adinberriko zuzendaria ere bertan izan dira.

Adinberriren dirulaguntza lerro horrek milioi bat euro ditu, eta, hari esker, 2020an 16 proiektu finantzatuko dira. Proiektu horien guztien ezaugarri komuna da, diputatu nagusiak azpimarratu duenez, esperimentazioa eta izaera pilotua. Olanok gogorarazi duenez, Gipuzkoa erreferentziazko lurraldea da berrikuntzaren alorrean; izan ere, azken datuen arabera (2018), I+G arloko inbertsioa, BPGarekiko, autonomia erkidegoaren batez bestekoaren gainetik dago, baita Europako batez bestekoaren gainetik ere. "Gipuzkoako potentzial berritzailea zahartze osasuntsuaren zerbitzura jartzeko helburuarekin abiatu zen Adinberri, eta hori da, hain zuzen ere, laguntza lerro honen helburua", defendatu du diputatu nagusiak.

Dirulaguntza lerro honen bigarren edizioa da; izan ere, aurrekoa 2018ko ekainetik 2019ko urrira bitartean garatu zen, eta aukera eman zuen 15 proiektu garatzeko, bizi-luzetasunerako, zaintzarako eta arretarako etxe eremuetan zentratuta. Olanok oso balorazio positiboa egin du esperientzia hartaz, "esperimentazioaren alde egiteak zahartze osasuntsuari lotutako ezagutza aurreratua lortzeko aukera ematen baitigu". "Horregatik, 2020an formula horren aldeko apustua egingo dugu berriro, eragile gehiago inplikatuz biztanleriaren zahartzearen erronkari konponbideak bilatzen", adierazi du diputatu nagusiak.

Lehen mailako erronka

Foru arduradunak zahartze demografikoak dakarren erronkaren garrantzia gogorarazi du. Eustaten prospekzioen arabera, 2024tik aurrera 65 urtetik gorako pertsonak 25 urtetik beherakoak baino gehiago izango dira Gipuzkoako lurraldean, eta, 2031n, Gipuzkoako herritarren ia erdiak 55 urtetik gora izango ditu.  Adineko pertsona gehienek beren zahartzaroa autonomia funtzionaleko eta harreman autonomiako egoeran biziko duten arren, mendekotasun mailaren bat duen biztanleria egungo 29.000 pertsonetatik 39.000 pertsonetara igaroko da 2031n.

Aldaketa hori, diputatu nagusiaren esanetan, «lehen mailako erronka bat izango da, oso konplexua», bai asistentziaren ikuspegitik, zaintzen kalitatea bermatzeko, bai ikuspegi sozialetik. Izan ere, eskatuko digu «egitura sozial eta ekonomikoak aldaketa demografikora eta zahartzearen erronkara egokitzea». Hala ere, esan du «aukera paregabea» ere badela, herritarren osasuna eta bizi kalitatea handitzeko, "pertsonak erdigunean jartzen dituen arreta eredu berrietarantz aurrera egiteko", asistentzia eta osasun sistema hobetzeko, eta "hazkunde ekonomikoa eta produktibitatea areagotzeko".

Hala, Adinberri estrategiaren bidez, "maximizatu" egin nahi dugu Gipuzkoako potentzial berritzailea, "batez ere bere hirugarren sektorearen talentua eta egiten jakitea", helburu komun honekin: "bizitza osasuntsuaren aldia luzatzen laguntzea" eta "Gipuzkoa esparru horretan mugarri izaten jarraitzea", esan du Olanok. Orobat, ziur agertu da Adinberri ere «erreferente» izango dela esperimentazio aurreratuaren eremuan. "Adinberriren esparru horren pean garatuko diren proiektuek bizi-ohitura osasungarrien prebentzioa eta sustapena jorratzen dituzte, etxean arreta emateko eredu integral batean sakontzen dute, egoitza arretaren eredua hobetzen dute, negozio modu berrien aldeko apustua egiten dute (silver economy) eta zahartze balioduna lantzen dute. Beraz, gizarte inklusiboagoa eta kohesionatuagoa eraikitzen laguntzen dute, eta lurralde gisa indartzen gaituzte ", defendatu du Olanok.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube