Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Bidegain enpresa, Gipuzkoako 2019ko enpresarik onena
Olatz Peon-ek nabarmendu du: “Tolosako enpresa batek horrelako sari bat jasotzeak bistako egiten du enpresa eta industria sare indartsua dugula, baita inplikatu eta konprometitua ere, Lanbide Heziketarekin hartu-eman estuan lan egiten dutelako, formazioa enpresen behar eta errealitatera egokitzeko eta enpresen etorkizuna bermatzeko”Aurten Confebask-ek, Bidegain, Gipuzkoako “Enpresa Onena” izendatu du enpresak Heziketarekin azaldutako konpromisoagatik eta bere ibilbideagatik. Zehazki joan den asteazkenean, abenduaren 4an, jaso zuen Koldo Morenok enpresako gerenteak saria Bilbon egindako ekitaldian.
Bidegain enpresa 1983an sortu zen Iruran, 5 langile zituela eta egun Artzabaltzan kokatuta dago eta 50 langile ditu. Koldo Morenok azaldu duenez “ohore bat da guretzat horrelako sari bat jasotzea; ez genuen espero eta pozarren jaso dugu saria; aipatu nahiko nuke, lan talde osoaren, hau da enpresa osatzen dugun langile guztien konpromiso eta profesionaltasunari esker jaso dugula eta beraz, guztien meritua dela. Horrelako aitorpenek indarra ematen digute, gure bideari heltzeko eta lanean jarraitzeko”.
Morenok adierazi du Lanbide Heziketak garrantzia handia duela enpresentzat, “joan den urtean talentua eta langile berriak erakartzeko genituen zailtasunak ikusita, Lanbide Heziketari lotuta, ekimen berriak antolatzea pentsatu genuen. Batetik ikasleei gure enpresa erakutsi eta azaldu genien (zein lanpostu ditugun, langile modura garatzeko zein aukera dauden...) eta bestetik, Lanbide Heziketa institutuetara joan ginen informazio saioak ematera zein gaitasun eta profileko langileak ditugun eta beharko genituzkeen azaltzeko”.
Tolosaldeko Lanbide Institutuko zuzendariak, Iñaki Pakeak, elkarlanaren eta elkar-ezagutzaren garrantzia azpimarratu du formazioa enpresen behar eta errealitatera egokitzeko. Horren harira, balioan jarri nahi izan du sistema duala, formazioa eta praktikak uztartzen dituena. “Modu honetara ikasleen lan aukerak areagotzen dira, praktikak egiten dituzten ikasle ia guztiak praktikak egindako enpresetan lanean jarraitzeko aukera izaten dute eta enpresei ere gazteak bertan formatzeko aukera ematen die” azaldu du. Halere, oraindik ere emakumeen presentzia ziklo profesionaletan areagotu beharra dagoela nabarmendu du.
Azkenik, alkateak, Tolosako enpresa batek horrelako sari bat jasotzeak bertan enpresa eta industria sare sendoa dugula erakusten duela azpimarratu du. “Industria eta enpresa sare indartsua dugu, konprometitua eta inplikatua, Lanbide Heziketarekin hartu-eman estuan diharduena. Enpresa txiki eta ertainak dira nagusi gurean baina oso enpresa lehiakorrak dira, puntakoak, berritzaileak eta potenteak asko, eta erakundeok bidelagun izan behar dugu, lehiakortasunean eta digitalizazioan lagundu, erronkei aurre hartu eta aurre egiteko” aipatu du alkateak.
Horretarako ezagutza, gertutasuna eta elkarlana ezinbestekoak direla nabarmendu du eta horren haritik, hezkuntzak, industriak eta erakundeek bat eginez, indarrak batuz, ekosisteman lan egitea gero eta garrantzitsuagoa eta beharrezkoagoa dela adierazi du.
Nabarmenak...
EBB
2024/11/24
GBB
2024/11/21
Berria
2024/11/11
DONOSTIA
2024/11/05
Gipuzkoa
2024/10/31
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2018/08/31