Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2019/12/10

26.000 euro gehiago soldatetan Getariako alkatea eta EH Bilduko zinegotzi liberatuarentzat 2020ko aurrekontuetan

EH Bilduren aldeko botoekin bakarrik onarturiko aurrekontuetan liberatuen soldaten partidak 46.302,87€tik 72.533,74€tara pasa dira. EH Bilduren aurrekontu proposamena hobetzeko proiektu sorta lantzen ari dira jeltzaleak eta datozen egunetan aurkeztuko diote udal gobernuari.
26.000 euro gehiago soldatetan Getariako alkatea eta EH Bilduko zinegotzi liberatuarentzat 2020ko aurrekontuetan

Azaroaren 27an Getariako Udalak 2020ko aurrekontua onartu zuen behin-behinekoz. Bozketak EH Bilduren aldeko botoak eta EAJren aurkakoak izan zituen. Aitor Urresti Martinez bozeramale jeltzaleak azaldu du zergatia: “EH Bilduk EAJren ekarpenak barneratzen ez zituen proposamena eraman zuen Osoko Bilkurara. Aurretik adostu genuena ez zuten Bilkurara eramandako proposamenean barneratu. Ez zuten adostua eta emandako hitza bete”.

2020ko Aurrekontuak ez onartzeko 7 arrazoi azaldu ditu Urrestik:  

Herritarrei zergak igo dizkie EH Bilduk

Urriaren 21ean onarturiko udal batzarrean EH Bilduk zerga eta tasa guztiak %1,5 igo zituen eta Etxebizitza hutsetan %50-ekoa ezarri. Aurrekontuetan ordea, hauek ez barneratzeaz gain, sarrera horiek zertan inbertituko diren ere ez da zehazten. Aitor Urrestik azaldu duenez, “EAJko udal taldean uste dugu beharrak gehitzen edo herritarrei ematen zaizkien zerbitzuak hobetzeko neurririk hartzen ez bada zergak ez direla igo behar”.

Aurreikuspen falta

“Egin diren aurrekuspenak  gaizki daude bai sarreretan baita gastuetan ere” adierazi du bozeramale jeltzaleak. EAJren kalkuluen arabera saerreretan gutxienez 30.000€ inguru falta dira aurrekontutan sartzeko eta justifikatzeko. Gastuetan berriz, 65.000€ gehitu beharko lirateke, kontuak zuzenak izan daitezen.

Alkatearen eta EH bilduren liberatuaren soldata igo eta langileena izoztu

EH Bilduren aldeko botoekin bakarrik oinarrituriko aurrekontuetan udal-liberatuen soldaten partida, alkatea eta zinegotzi liberatua, 46.302,87€tik 72.533,74€tara pasa da. 26.000 euro gehiago 2020an”.

Hainbat gastu aldaketa inolako justifikaziorik gabe

“Udalaren inbertsio ahalmena 37.000 eurotan murriztu du EH Bilduk, hori da Gastuen partidan zehaztu dutena” xehetu du Urrestik. “Tartean dira, kale garbitasunerako egungo 15.000€ euroak hurrengo urtean 0€ izatera pasako direla, zerbitzu hori dirurik gabe nola emango den zehaztu gabe. Horrez gain, sorosle zerbitzuaren inbertsioa 25.000 eurotan areagotu dute inolako justifikaziorik eskaini gabe. Zergatik handitu da? Zertan gastatuko da? Udalak zerbait bideratu du hau ez igotzeko?  Eskatu arren, oraindik EH Bilduren erantzunik ez dugu jaso”.

Eskaturiko dokumentazioa  eman gabe

“Ikusirik aurtengo inbertsioetan proiektu sendo batzuk daudela, batzordean eskatu zitzaion Udal Gobernuari horien inguruko informazioa helarazteko Udal Batzarra baino lehen, hauek ikusi, aztertu, kuantifikatu eta proposamenak egiteko asmoarekin. Oraindik zain gaude” berretsi du Urrestik.

Aurrekontuetako akatsak zuzentzeko borondate falta

“Dokumentuan ikusiriko akats guztiak, batzordean azaldu zituen EAJak. Kontuan izanda akats potoloak zirela, batzordean bertan zuzendu beharko litzatezke akats horiek eta  zuzendutako testua eraman Osoko Bilkurara. Alkatearen erantzuna: berdin dute akats horiek, aldatzen joango gara”.

Proiektu batzuk kolokan

“Gure ustez inbertsioetan sartu beharreko proiektu asko kanpoan geratu dira, tartean Surfeko lokala, Turismo plana, memoria historikoa eta herribideen inguruko proiektua. Behin eta berriz eskatu dugu partida hauek sartzeko inbertsioen atalean. Hori egingo bagenu, atal honetan 51.000 euro txertatu beharko lirateke. Baina EH Bilduk onartutako aurrekontuetan kanpoan utzi dituzte hauek, beraz, aurreko urtean bezala EAJk emendakinen bidez barneratzeko eskatuko du”.

 “Borobilduz, beraz, ezezkoa emateko arrazoia hori izan da: aurrekontu oso eskasak garatu dituela EH Bilduk, ez diela getariarren beharrei aurre egiten, ez duela aurrerapausurik suposatzen herriarentzat, eta gainera, elkarlanean egin dugun lana, predisposizio osoarekin jeltzaleon aldetik, ez dutela barneratu Osoko Bilkurara eramandako proposamenean”. Berretsi du bozeramale jeltzaleak “lehen, orain eta etorkizunean alboan izango dituela EH Bilduk elkarlanerako, zintzoa eta benetakoa den lana gauzatzeko, beti Getaria eta getariarren alde”.

EH Bilduren aurrekontu proposamena hobetzeko proiektu sorta lantzen ari dira jeltzaleak

Aitor Urresti bozeramale jeltzaleak nabarmendu du hainbat eta hainbat proposamen jada egin dizkietela EH Bilduren udal gobernuari eta lantzen ari direla beste hainbat datozen egunetan aurkeztu, EH Bildurekin adostu eta behin betiko aurrekontuan txertatzeko.

Urrestik zehaztu duenez, jomugan dute, beste hainbaten artean, Erruerako kurba, parke estaliaren proiektua, kale garbiketa eta Gaztediarako partidak. “Ondo laduta eraman nahi diogu EH Bilduren udal gobernuari; partidak, zereginak, denborak… dena zehaztuta. Amaitzear dugu eta bilera bat eskatu diogu jada EH Bilduri berau elkarlanean lantzeko”.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube