Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2019/11/14

EAJ-PNVk berdintasuna haurtzarotik sustatu behar dela adierazi du

2018an Irungo Indarkeria Matxistaren txostenean adierazten denez, iaz indarkeria matxistako 185 kasu izan ziren hirian. EAJ-PNVk berdintasunaren gizarte sentsibilizazio kulturan aurrera pausoak eman behar direla adierazi du
EAJ-PNVk berdintasuna haurtzarotik sustatu behar dela adierazi du

Datorren azaroaren 25ean, Emakumeen kontrako indarkeriaren Nazioarteko Eguna ospatuko da munduan, eta baita Irunen ere. Horren harira, hiriko berdintasunaren aldeko hainbat elkartek antolatu dituzten, eta EAJ-PNVk parte hartuko duen, ekitaldiak izango dira hirian zehar. Mota askotako jarduerak; hitzaldiak, ikastaroak, sentsibilizazio kanpainak... Premiazko jarduera positiboak guztiak, baina Irungo EAJ-PNVren ustetan ez dira nahikoak. "Beharrezkoa da egun honen inguruko ekitaldiak antolatzea, oraindik, tamalez, egunero baititugu indarkeria kasuak gure inguruan. Esaterako Irunen, lehengo urtean, indarkeria matxistako 185 kasu izan ziren, eta horietatik 125 genero indarkeriakoak, ikaragarria. Gure ustetan udalak egun egiten duena ez da nahikoa, haratago joan beharko luke. Horregatik, Irungo EAJ-PNVtik, berdintasuna txikitatik sustatzen lagundu dezaken eta hezkidetza kontuan duen, jostailu gida ez sexista lantzea proposatzen dugu" adierazi dute Xabier Iridoyk eta Josune Gomezek, Irungo EAJ-PNVko bozeramaile eta zinegotziak.

Duela gutxira arte esparru publikoan “ikusezina” zen errealitateaz jabetuta, Xabier Iridoyk eta Josune Gomezek argi eta garbi helarazi dute, beraien taldeak berdintasunaren aldeko politika gehiago eta hobeak garatzearen aldeko, eta indarkeria matxistaren aurkako, konpromiso argia dutela. Emakumeen aurkako indarkeria, gaur egungo giza eskubideen urraketa hedatuenetako bat da, iraunkorrena eta suntsitzaileena. Horregatik, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun printzipioaren inguruko jarrera publikoa ezinbestekoa da. "Pertsona guztion oinarrizko eskubidea dena, eta baita demokraziarako funtsezko balioa dena ere, izaera publikoko kontua da. Eta horretan aritu gara gu beti, berdintasunaren alde lanean. Horregatik, egoera hauek, tokian tokiko administrazioak modu zentzudunean eta elkarlanaren bitartez, urte osoan zehar, kudeatu beharko lituzkeela uste dugu" adierazi du Gomezek. "Besteak beste, gure ustetan, berdintasun mota oro sustatzeak eta bermatzeak izan behar du Udalaren eguneroko jarduna" jarraitu du esaten, "eta bide horretan, ezinbestekoa ikusten dugu etorkizuna begietan izatea. Datozen belaunaldietako haur eta gaztetxoei eredu hekidetzaile-parekidea ahalik eta gehien gerturatu behar diegu".

Horretan ere, besteak beste, jendarteak, familiak eta hezkuntza komunitateak ere badu zer eginik, noski, baina udalak bide lagun izan beharko luke. "Gabonak bertan ditugunez, lehen aipatu bezala, jostailu ez sexisten inguruko gida bat lantzea proposatzen dugu, ez bada aurten, datozen urteetarako. Berdintasuna txiki txikitatik landu beharreko kontua da, eta inguruan ditugun udalerri askok jada horrelakoak badituzte. Euskara arloak, euskarazko jokoak sustatzeko gida bat lantzen du bai, baina honek ez du hezkidetza kontuan eta merkatuan dauden jostailu desberdinak ere ez dira begiesten. Irunen berriro ere, berandu gabiltza".

Gida hau gainera, publiko desberdineko multzoei bideratu beharko litzaieke; alde batetik, umeen eta gazteen gurasoei, bestetik hirian ditugun jostailu dendei, eta nola ez baita eskola eta ikastolei ere. Gidak aipatutako erabiltzaile guzti horientzako neurri edo aholku desberdinak jaso beharko lituzke. "Haurrek oso gustuko izaten dituzte jostailu aldizkari edo gida hauek, baina sarri sexu estereotipoz osatuak egoten dira, eta honek haurren ikuspuntuan eta nahietan eragiten du, hezkidetza eta berdintasuna guztiz ekiditen. Horregatik, berdintasuna sustatzearen bidean, horrelako gida bat sortzea garrantzitsua iruditzen zaigu". Haur eta gaztetxo hauen gurasoak, jostailuak erosterakoan ikuspegi hezkidetzailea kontuan izatea garrantzitsua da, baita dendariak sentsibilizatuta egotea ere, eta nola ez, ikastolak eta eskolak ere gida horren babesle izan beharko lirateke. "Egindako lanari esker, gizarte sentsibilizazio kulturan aurrera pausoak ematea lortuko genuke".

Era berean, Iridoyk gida hirian ditugun elkarteekin elkarlanean osatu beharko litzatekeela azpimarratu du, "berdintasunaren inguruan ditugun gizarte-eragileekin eta herritarrekin lankidetzan lankidetzan aritu behar du Udalak, baita beste erakundeekin eta udaletxeko oposizioko taldeekin ere. Halaber, udaletxeko arlo desberdinek ere gida honen eratzean parte hartu beharko luketela uste dugu. Gure taldeak, gure hiriarentzat onuragarriak diren jarduerak, adostasunaren bitartez sustatu eta garatu behar direla uste du. Eta hiriarentzat eta bertako pertsonentzat baikorrak diren proposamenak, guztion artean, sustatu beharko genituzkeela defendatzen dugu. Berdin dio gobernu zein oposizio izan".

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube