Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2019/11/06

Ortuzarrek Pedro Sánchezi ohartarazi dio EAJ “oso urrun” izango duela Aznarren politiketara itzultzen bada

Kongresurako Gipuzkoako EAJ-PNVren hautagaiak, Joseba Agirretxeak, Beasainen naziotasunaren aldeko aldarria egin du. “Batzuek nahiko lukete nazio eskubide gabeko nazio bagina, plastikozko nazio bat”, salatu du.
Ortuzarrek Pedro Sánchezi ohartarazi dio EAJ “oso urrun” izango duela Aznarren politiketara itzultzen bada

Andoni Ortuzarrek, Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak, ohartarazpen serioa egin dio gaur Espainiako jarduneko presidente Pedro Sánchezi. “Aznarren politiketara itzultzen bada, termino demokratikoetan halako atzerakada ematen badu, Sánchezek oso urrun izango du EAJ-PNV”. Beasaingo udal pilotalekuan egin den ekitaldi politikoan, Ortuzar oso kritiko agertu da Pedro Sánchezek Zigor Kodea aldarazteko adierazi duen asmoarekin, legez kontrako erreferendumak zigortzeko. “Zigor Kodera jotzeko formulazio horrekin, PSOE Aznarren bidera itzultzen da”, baieztatu du jeltzaleen buruak. “Elkarrizketa zigortzea bilatzen duenak, herriaren borondatea adierazteko aukera demonizatu nahi duenak, ateak itxiko dizkio EAJrekin lankidetzan aritzeko aukerari. Elkarrizketaren bidera itzuli nahi badu eta hitzez eta eginez aniztasunaren eta erreformen diskurtsoari heltzen badio, aukerak irekiko dizkio elkar ulertzeari eta gobernagarritasunari. Bere esku dago, Pedro Sánchezen esku. Berak aukeratu beharko du”, amaitu du Ortuzarrek. Ekitaldi politiko berean hitz egin dute Gipuzkoatik Kongresurako zerrendako buru Joseba Agirretxeak eta Senaturako hautagai Maribel Vaquerok.

Ortuzarrek gogora ekarri duenez “Sánchez presidente izatera iritsi zen askotariko alderdien arteko akordioagatik, horien artean geunden gu, EAJ-PNV”. Baina, jeltzaleen buruaren aburuz, Sánchezek “apurka-apurka xahutu du batzuek eta besteek eman genion konfiantza guztia, zentsura mozioaren ondoren boterera eraman zuena. ‘Lagun berriak’ egin beharrean, lankideak galduz joan da. Eta berdin jarraituko du oraingo bideari eusten badio”, ohartarazi dio. “Moncloara iristea ahalbidetu ziotenekin kolaboratzeko formula berriak arakatu beharrean, posizio berrietara iristen saiatu da botoak inoren saskitik atera nahian”, deitoratu du Ortuzarrek, hautagai sozialistak azken aldi honetan Partido Popular eta Ciudadanos alderdiei egin dizkien keinuak gogoratuz.

Ortuzarrek albiste bat atera du argitara “ia inor ohartu gabe igaro da baina niretzat oso esanguratsua izan da”: Edinburgoko kontsulak, Miguel Ángel Vecinok, eskutitz batean azaldu ditu Borrellek egin dion jazarpena eta eman zizkion agindu inkonstituzionalak, hauen artean EAJ “zelatatzea eskatuz” Eskoziako alderdi eta erakundeekin izan dituen harremanetan. EBBko presidenteak argi baino argiago adierazi duenez “Borrell eta Abascalen artean distantzia politiko nabarmena dago eta konparazioak beti dira arbuiagarriak” baina baieztatu du gauza bat bai partekatzen dutela ministro sozialistak eta Vox-eko buruak: “Espainia nazio bakarra denaren ustea, beste nazioen ukatzailea, hauen artean Euskadi eta Katalunia. Eta biei deseroso egiten gatzaizkie. Min egiten diegu, demokraziaren bidetik, legetik irten gabe baina makurtu gabe, argi eta garbi aldarrikatzen dugulako Euskadi Nazio dela eta bere etorkizuna askatasunez erabakitzeko eskubidea duela. Euskadi Nazio Europan, hori da gure proiektua. Hori da Abascal eta Borrell urduri jartzen dituena. Horregatik, batak ilegalizatu nahi gaitu eta besteak gu zelatatzea eskatzen du. Ez ilegalizaziorik ez bigilantziarik ere. Guk ez dugu beldurrik, beraiei ez behintzat. Gu geurera eta gure jendearekin, euskal gizartearekin. Gure bidetik, gelditu gabe, despistatu gabe. Ondo goaz, bide onetik goaz Alderdi gisa eta Herri gisa”, baieztatu du.

Kongresurako Gipuzkoako EAJ-PNVren hautagaiak, Joseba Agirretxeak, Beasainen naziotasunaren aldeko aldarria egin du. “Batzuek nahiko lukete nazio eskubide gabeko nazio bagina, plastikozko nazio bat”, salatu du. “Guk ezin dugu horien proiektua gailentzen utzi, Euskadin horrelako politikek ez dute lekurik eta nazionaniztasuna onartzeaz gain, nazio izaerak duen nazio eskubideak ere onartu behar dira”. Gure izaeren eta naziotasun horren ukapena “harrokeriaz” aldarrikatzen dutenei, gizarteak erantzun demokratikoa ematea eskatu du. “Demokrazia gaixo dago, baina ez nago arduratuta Abascalek esaten duenarekin, aldiz, protestatzen ez duten horiek edo astakeriak onartzen dituztenak dira gehien arduratzen nautenak”, esan du. “Ekintzen bidez demostratzen dugu zer garen, ez hitzen bidez beste batzuek bezala. Orain arte urteetan zehar hemen eta han egin dugun lana da EAJ-PNVren bermea”, hautagai jeltzalearen hitzetan.

Bestalde, Pedro Sanchezek aurreratu dituen neurrien artean “hiru behintzat oso grabeak” direla esan du Agirretxeak: erreferenduma berriro delitu bihurtzea, gure hezkuntza esparru konpetentzialean buru belarri sartuz Valores Constitucionales deituriko ikasgai berri bat eratzea, eta telebista autonomikoen administrazio kontseiluak nola izan behar diren Madriletik erabakitzea. “Hori da espainiar sozialismoak proposatzen duena, eta hortik eskuinera edozer”, kritikatu du.

Gipuzkoatik EAJ-PNVren zerrendan Senaturako aurkeztuko den hautagai Maribel Vaquerok bere aldetik gogoratu du kanpainako azken egun hauetan Pedro Sánchez, berriro ere, Vox-enganako beldurra sartu nahian aritu dela “Estatuko gehiengo zuhurraren botoak eskatzeko, horrenbesteko ‘fatxeriori’ aurre egiteko errezeta beren jokoan sartzea izan den arren”. Sánchezek “neurri legalak iragarri ditu, zorroztasun handiagoa, Zigor Kodea” arazo politiko bat konpontzeko “bihar politiko izaten jarraituko duen arazoa”. “Hauxe da gaur egun daukagun panorama: faxistak Gorteetan eta demokrazia epaitegietan”, esan du. Egoera horren aurrean, hautagai jeltzaleak ñabardura modura gaineratu duenez Estatuak arazo hau demokratikoki konpondu nahi badu, legearen bidez eta elkarrizketa, akordio eta hitzarmen ariketa bidez bideratu beharko du Estatua osatzen duten nazio ezberdinen nahiei erantzuna emateko. “Estaturik gabeko nazioak, bai, baina nazio dira, Sánchez jauna”, azpimarratu du. Egoera honi aurre egiteko, Vaquerok Euskadik erabakiko duena errespetatzea exijitu du eta erantzun aktiboa ematea aldarrikatu du. “Igandean, gure botoen bidez, ‘ez’ esango diogu inboluzio demokratikoari eta ‘bai’ esango diogu demokraziari, gure erakundeak eta gure eskubide historikoak errespetatuak izan daitezen”, amaitu du.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube