Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2019/10/08

Maite Peñak oraingo hau “legealdi soziala” izango dela azpimarratu du

Gizarte Politikako diputatuak legealdirako departamentuaren helburuak azaldu ditu Batzar Nagusietan, Elkar-EKIN planaren garapena eta gizartearen zahartzearen abordatze integrala nabarmenduz
Maite Peñak oraingo hau “legealdi soziala” izango dela azpimarratu du

Maite Peña, Gizarte Politikako foru diputatua, gaur goizean agertu da Gipuzkoako Batzar Nagusietan, egungo legealdiko helburuak eta lan-ildoak azaltzeko, Elkarrekin Gipuzkoa batzarkide-taldeak eskatuta. Bertan, diputatuak azpimarratu du oraingo hau “legealdi soziala” izango dela, eta pertsonetan zentratutako arreta, komunitatearen garapena, berrikuntza soziala eta hirugarren sektorearekin elkarlana, “Elkar-EKIN gizarteratzeko plana garatzeko eta gizartearen zahartzearen erronkari heltzen jarraitzeko oinarriak” izango direla azaldu du.

Foru diputatuak azaldu du gizarte politikek “leku nabarmena” izango dutela Gipuzkoako Foru Aldundiaren Plan Estrategikoaren barruan. Eta zehazki, departamentuko bost helburu estrategikoak aurkeztu ditu, honela laburbiltzen direnak: foru-konpetentzia diren prestazioen eta zerbitzuen horniketa eraginkorra garatzea; zerbitzu guztietan pertsonen bizi kalitatea hobetuko duen arreta ematea; gizarteko beharren bilakaeraren araberako sare publikoaren eskaintza egokitzea; zaintza formula berriak sustatzea; eta Gipuzkoako gizarte zerbitzuen sistemaren antolaketa, gestioa, eraginkortasuna eta bideragarritasuna hobetzea.

Horretarako, Maite Peñak ekintza-lerro nagusienak nabarmendu ditu: “Legealdiko giltzarriak izango dira gizarte zerbitzuen mapa zabaltzea, Elkar-EKIN estrategiaren bidez gizarteratzea garatzea eta bide horretan sakontzea, eta gizartearen zahartzearen erronkari modu integralean heltzea -Adinberri estrategiaren bidez, besteak beste-. Helburu bakar batekin, geroz eta desberdintasun gutxiago izango dituen eta geroz eta kohesionatuagoa izango den Gipuzkoa bat eraikitzea”.

Elkar-EKIN Gipuzkoako gizarteratzerako

Maite Peñak azpimarratu du: “Ahalegin guztiak egin behar ditugu sustapen ekonomikoa bultzatzeko eta kohesio soziala lortzeko, inklusioa hobetuz eta ahultasun eta bazterketa sozialean dauden pertsonen bizi kalitatea hobetuz. Horretarako, kalitatezko enpleguaren sarbidean eta mantentze-lanetan sakondu behar dugu, eragile publiko, pribatu eta gizarte zibilekoen inplikazio handiena lortuz”. Helburu horrekin, legealdi honetan Elkar-EKIN enplegagarritasunaren eta aktibazio inklusiboaren estrategia zabalduko da, eta diputatuaren hitzetan, “Gipuzkoan gizarteratzeko agenda finkatuko dugu: gizarte bazterketa egoeran dauden pertsonen arreta hobetuz, kohesioa eta inklusioa aktibatzeko proiektuak sustatuz, gizarte babeserako beste sistema batzuekin koordinazioa sendotuz eta komunikazioan eta sentsibilizazioan sakonduz”. 

“Beharrezkoa da gizarte sendo bat izatea herri aurreratu bat izaten jarraitu nahi badugu. Horrek esan nahi du gizarte kohesioa behar dugula, desberdintasun gutxi, babeserako sistema justu bat eta gizarte integratzailea”, adierazi du Peñak. Horregatik azpimarratu du “funtsezkoa” dela gizarte zerbitzuen eraginkortasuna eta jasangarritasuna bermatzea, gizarteko beharrei erantzuteko gai izango den gizarte babeserako sistema egokituz, “errespetuz, justiziaz eta erantzukizunez, etorkizuneko bideragarritasuna eta ongizatea bermatuz”.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube