Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2019/09/04

Gipuzkoako Foru Aldundiak 95,6 milioi eurotan murriztuko du bere zorra 2019 urtean

Eider Mendozak azpimarratu duenez Aldundia arduraz baina aldi berean ausardiaz ari da jokatzen arlo honetan, ekonomiak bizi duen momentu ona eta kudeaketa onaren fruituak baliatzen ari baita, alde batetik, etorkizuneko proiektuak bultzatzeko
Gipuzkoako Foru Aldundiak 95,6 milioi eurotan murriztuko du bere zorra 2019 urtean

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak aste honetan onartu du Foru Arau proiektua, 46,9 milioi euroko zorraren amortizazioa martxan jartzeko. Ezohizko ekarpen honi esker, 2019 urtean 95,6 milioi eurotan murriztuko du bere zorra foru erakundeak. Eider Mendoza bozeramailearen hitzetan, mugimendu hau azken urtetako kudeaketa onaren ondorio zuzena da: “Argi dago Aldundia ahalegin berezia ari dela egiten arlo honetan, erreferente bihurtzen ari dela. Finantza osasuntsuak izateak foru erakundea indartzen du, eta edozein egoeraren aurrean erreakzionatzeko prestatzen gaitu”, adierazi du.  

Mendoza hedabideen aurrean agertu da gaur, atzo Arantzazun elkartu zen Aldundiaren Diputatuen Kontseiluan hartu ziren erabakien berri emateko. Azaldu duenez, erakundeak urte bukaeran izango duen zorra 432 milioi eurokoa izango da eta, ondorioz, %23 murriztu da 2015tik hona, orduan 562 milioi eurokoa baitzen. “Askotan aritzen gara etorkizunaren inguruan, Foru Aldundiaren bide orrian funtsezko elementua baita. Eta etorkizunaz ari garenean, jasangarritasuna hartu behar dugu kontuan. Izan ere, administrazio publiko bezala, gaurko beharrei erantzuteko gai izan behar dugu, baina baita biharkoei ere”, esan du. 

Foru bozeramaileak azpimarratu duenez, Aldundia arduraz baina aldi berean ausardiaz ari da jokatzen arlo honetan, ekonomiak bizi duen momentu ona eta kudeaketa onaren fruituak baliatzen ari baita, alde batetik, etorkizuneko proiektuak bultzatzeko, hala nola zibersegurtasuna eta elektromugikortasuna bezalako sektoretan martxan jartzen ari den erreferentziazko zentroak; eta, aldi berean, erakundea indartzen ari delako finantzen ikuspegitik. “Gurea kudeaketa eredu arduratsua da, epe motz eta luzeak uztartzen dituena. Pixkanaka-pixkanaka, iraganeko motxilak deuseztatzen ari gara, eta horrek maniobra gaitasuna emango digu etorkizunean izan dezakegun edozein egoeraren aurrean”, aldeztu du. 

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube