Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
EAJ-PNV herri borondateak bultzatzen duen motorra da, gizarte orekatuago eta aurreratuagoa eraikitzeko
Legaldi honetan Gipuzkoan eta herriz herri bizikidetzaren arloan eman den aldaketa nabarmendu du Markel Olanok, duela lau urterekin alderatutaEAJ-PNVren Gipuzko Buru Batzarreko presidente den Joseba Egibarrek esan du gaur EAJ-PNV “herri borondateak bultzatzen duen motorra” dela, eta bere helburua “gizarte orekatuago, aurreratuago eta progresistagoa” eraikitzea dela. “Herriz herriz, eskualdez eskualde, motor horrek aurrera egiten jarraitu behar dugu”, esan du arduradun jeltzaleak. Era berean, adierazi du EAJ-PNVk “eredu propioa” duela, alde sozioekonomikoa eta politikoa dituenak. Lehen alorrean, azaldu du ordezkatzen duen alderdiak erakundetatik gizarte babeserako sistema eraiki duela, “Europan zehar harrotasunez erakutsi daitekeena”. Arlo politikoan, berriz, Estatutu berri baten alde egin du, “ezinbestekoa” baita Euskadi hazten jarraitu dezan sozialki, politikoki eta instituzionalki.
Egibar Tolosan izan da gaur, EAJ-PNVk maiatzaren 26ko hauteskundeetarako Tolosaldeko hautagaien aurkezpen ekitaldian. Aurkezpenean hitza hartu dute baita diputatu nagusirako hautagaia den Markel Olanok, eta Tolosako alkategaia den Olatz Peonek. Beraiekin batera izan dira eskualdeko hainbat alkategai: Ibarrako Itziar Jauregi, Villabonako Maite Izagirre, Zizurkilgo Trini Altimas, Irurako Ana Leunda, Anoetako Rafa Uribarren, Ikaztegietako Anton Elosegi, eta Asteasuko Joseba Gomez.
Egibarrek, bere hitzaldian, EAJ-PNVren ibilbide historikoa aldarrikatu du, alderdiak erakundetatik egin duen lana nabarmenduz. Esan duenez, honela eraiki da Euskadik duen “babes sozialeko sistema”, berdintasuna eta justizia oinarri dituena. “Sistema propioa da, babestu eta hobetu behar duguna, Estatutuaren arabera gurea behar lukeen pentsio sistema gehituz. Elementu hau behar dugu sistema osoa osatzeko”, esan du. Honela, azaldu du gaur gaurkoz inork ez duela eredu honentzako alternatibarik proposatzen Euskadin: “Proposatu dezakete hemen edo hor diru gehiago jartzea, baina ez dago beste batzuek iraultza egiten ari zirela EAJ-PNVk eraiki zuen ereduarentzako alternatibarik”.
Esparru politikoan, “nahitaezkotzat” jo du Estatutu berria adostea, Euskadik “sozialki, politikoki eta instituzionalki” hazteko beharra baitauka. Horretarako, esan duenez, “ezin dugu Herri honen interesetatik urrun dauden estrategien menpean egon, eta hori da Espainiarekin gertatzen zaiguna”. Horrela, gehitu duenez, Estatu espainiarrak azken hauteskundetan gertatutakoa aztertuko beharko luke, Kataluniak eta Euskadik “ezberdin bozkatu baitute”, eta kontu honi irtenbide politikoa eman behar zaio harremanetarako marko berria adostuta. “Bizikidetza ez da inposatzen, adostu egin behar da. Guk Espainiako errealitatea errespetatzen dugu, orain falta dena da beraiek Euskadiko eta Kataluniako errealitateak errespetatzea”, aldeztu du.
Jarrera aldaketa
Olanok, bere aldetik, esan du datozen foru eta udal hauteskundetan herritarrek politika egiteko “bi estiloren” artean aukeratu behar dutela, “ezker abertzalearena edo gurea”. Hautagai jeltzaleak Tolosa jarri du adibide bezala, lurraldean duela lau urte bizi zen giroa eta gaur egungo egoera alderatuz: “Nola aldatu den herriko giroa, nola aldatu den Udalaren papera, nola aldatu den bizikidetza… Tolosa Gipuzkoan gertatu denaren adibidea da”, esan du Olanok. “Herritarrek orain aukeratu beharra daukate, edo iraganera itzuli, edo etorkizuna jo. Eta oso argi daukat etorkizuna EAJ-PNV dela”, esan du.
Hala ere, Olanok adierazi du lan asko dagoela egiteko maiatzaren 26aren aurretik, “gure mezua herritar guztiengana iristeko”. “Azken hauteskundeetan, Senatu eta Kongresukoetan, herritarrak mobilizatzeko modua egon zen, eta orain berriro ere mobilizazio maila bera lortu behar dugu. Hori lortzen badugu, herritarrek ezagutzarekin eta ziur daudelako bozkatzea lortzen badugu, gure lana ondo egin dugunaren adierazle izango da”, esan du. Olanok azaldu duenez, kanpainan zehar argudioak ematen jarraituko dugu, gogoratuz “jokoan dagoena Tolosa, Tolosaldea edota Gipuzkoa osoak aukeratu behar dutena dela edo iraganera itzuli edo aurrea egin, etorkizunera”.
Elkarlana eta akordioak erdiesteko gaitasuna
Azkenik, Tolosako alkategaia den Olatz Peonek azpimarratu du EAJ-PNVn beti egin duela elkarlanaren aldeko apustua eta “gainerako erakundeekin batera lanean aritu gara herritarren interesen defentsan”, horregatik dio: “elkarlana eta adostasuna ezinbestekoak dira, are gehiago, gurea bezalako bailara batean, neurri, tamaina eta izaera ezberdinetako 28 herriz osatuta dagoen eskualdean”.
Maiatzaren 26ko hauteskundeetara “herri honen alde lan egiteko prest dauden gizon emakumeak” aurkezten direla adierazi du Peonek, “konpromiso, etiko, politiko eta demokratikoa hartzen duen lantaldea”. Tolosako alkategaiak gehitu du, “bi indar politiko nagusi” daudela Tolosaldean, eta EAJ-PNVk “konfrontaziorik gabe eta adostasunak bilatuz” egin duela lan, “zer garen ahaztu gabe baina aurrera begira, gizarte ongizatea eta ekonomiaren garapena uztartuz, pertsona erdigunean jarriz, gizarte inklusibo baten alde eta herritarrekin leial jokatuz”. EAJ-PNVren oinarria “herritarrekiko gertutasuna” dela gehitu du.
Nabarmenak...
GBB
2024/11/21
Berria
2024/11/11
DONOSTIA
2024/11/05
Gipuzkoa
2024/10/31
DONOSTIA
2024/10/28
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2018/08/31