Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2019/02/18

Aitor Estebanek “Euskadirentzat oso positibo” jo ditu Legealdi honetan EAJ-PNVk Gorteetan lortu dituen akordioak

Onda Vasca irratian egin dioten elkarrizketan, Kongresuko bozeramaile jeltzaleak Sánchezen Exekutiboari ohartarazi dio apirilaren 28ra arte denbora badagoela adostutako konpromisoak betetzen jarraitzeko

Aitor Estebanek, EAJren Taldeko bozeramaileak, “Euskadirentzat oso positibo” jo ditu bukatzear dagoen legealdian ordezkari jeltzaleek Gorteetan lortutako akordioak, eta Sánchezen Gobernuari ohartarazi dio hauteskundeak aurreratzea erabaki den arren “astia egon badagoela” apirilaren 28ra arte, EAJ-PNVren aburuz “balio osoa” daukaten akordioak betetzeko.

Onda Vascari eskainitako elkarrizketan, Estebanek adierazi du Pedro Sánchezek “aukera bazuela” Aurrekontuak luzatuta jarraitu ahal izateko, baina “antzeman zitekeen” hauteskundeak deituko zituztela Aurrekontu Proiektua ez onartzekotan. Estebanek adierazi du Pedro Sánchezek hauteskundeak aurreratzeko erabakia “bere interesen arabera” hartu duela, baina berretsi du hauteskundeak aurreratu diren arren EAJ-PNV “prest eta zerrendak eginda” harrapatu duela.

Ildo beretik, Aitor Esteban itxaropentsu agertu da, bere aburuz apirilaren 28an euskal gizarteak jakingo duelako ordezkari jeltzaleek Madrilen egin duten lan eskerga baloratzen, aditzera eman duenez “oso positiboa delako EAJ-PNVk legealdi honetan lortu dituen akordioen zerrenda”. “Lehenengo eta behin, akordio onak lortu genituen Rajoyren Gobernuarekin, eta ondoren lortu genuen Sánchezen Exekutiboak akordio horiek errespetatzea”, esan du. Beste batzuen artean aipatu ditu EAJ-PNVk pentsioak oro har igotzeko akordioa, aurten gauzatu dena; Euskadiko hainbat teknologia zentrotan eta unibertsitatetan egin diren I+G inbertsioak; azpiegiturei eman zaien bultzada, besteak beste Irungo trenbide zabalgunea edo Ordizia-Beasain saihesbidea; Euskadiko Y trena 2023an abian jartzeko konpromisoa, edo Espainiako gobernu batek, administrazio batek, EAEri transferitu gabe dauden eskuduntzen zerrenda lehen aldiz onartu izana.

Amaitzeko, Arnaldo Otegik Euskadiko indar politiko guztiek hauteskunde orokorretan elkarrekin aurkezteko egin duen proposamenaz galdetuta, Estebanek auzitan jarri proposamen horren sinesgarritasuna eta esan du hori ez duela inork ere sinetsiko. “Betikoa da, Arnaldo Otegik orain dio koalizioa nahi duela eta ez dira Euskadiko Aurrekontuak adosteko edo hiritarrentzako lege garrantzitsuak adosteko gai izan, berrikitan ikusi dugun moduan . Hori ez du inork ere sinetsiko”, esan du.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube