Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Markel Olano “Gipuzkoa indartsu bat eraikitzea da lehentasuna”
Azpimarratu duenez, jokoan dago bermatzea “lurralde sendo bat ekonomikoki eta instituzionalki, kohesionatua sozialki, eta gizartearekin elkarlanean, etorkizunari aurre egingo diona”. Joseba Egibar: “Etorkizuna irabazteko erabakiak gaurdanik hartu behar dira. Nagusiki, eredu sozioekonomikoari lotuta”Markel Olanok, Gipuzkoako diputatu nagusi eta maiatzeko foru hauteskundeetarako EAJ-PNVren hautagaiak, eta Joseba Egibarrek, Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak, hauteskunde aurrekanpainako laneko dinamikaren berri eman dute gaur. ‘Eman Bidea Gipuzkoari – Una Gipuzkoa Fuerte’ lelopean, Olanok lehentasun gisa ezarri du “lanean jarraitzea gure etorkizuna bermatzea ahalbidetuko duen lurralde indartsu bat eraikitzeko”, ezaugarri hauekin: “sendotasun ekonomikoa, gizarte kohesioa, eta gizartearekiko lankidetza dauzkagun erronkei aurre egiteko”. Ekitaldian izan dira ere alderdi jeltzalearen beste hautagaiak: Eider Mendoza -Bidasoa-Oiartzun-, Maria Eugenia Arrizabalaga -Deba-Urola- eta Xabier Ezeizabarrena –Donostialdea-.
Olanok elkarlanaren aldeko apustua berretsi du, Gipuzkoa eraikitzeko honako indarguneekin: “lurralde ekonomikoki aurreratu bat, kalitatezko enplegua sortuko duten enpresekin”; “gizarte zerbitzuak” bermatuko dituena, eta “gizarte bazterkeriari aurre egiteko egitasmo aurreratuak martxan jarriko dituena”; “erakunde sendoak edukiko dituena, erabakitzeko eta eragiteko ahalmenarekin”, modu partekatuan lan egingo dutenak “gizartearekin eta lurralde guztiko eskualdeetako eragileekin”; eta etorkizunari helduko diona “datorrenaren zain gelditu gabe, gure burua prestatuz industriaren eraldaketari, gizartearen zahatzeari, ingurugiroaren zaintzari, edo kultur aniztasunaren kudeaketari aurre egiteko”.
Hautagai jeltzalearen esaneta, “gipuzkoar guztioi” luzatutako proposamena da ‘Eman Bidea’, “garai politiko berri honetan, nahi dugun Gipuzkoa indartsu hori eraikitzen parte hartzen jarrai dezaten”. Espainiako egoera politikoarekin kontrajarri du eredu hori. “Ziurgabetasuna, konfiantzarik eza, elkarrizketarik eza, extremismoen gorakadak elikatutako zarata politikoa eta, batez ere, norabide falta, etorkizuna bideratzeko proiektu baten falta dira egoera horren erakusle nagusiak".
Horren aurrean, nabarmendu du Gipuzkoako eta Euskadik “eztabaida antzu eta zaratatsuetatik” ihes egin nahi dutela, eta lanean jarraitu nahi dutela “benetako arazoak arduraz, seriotasunez eta errespetuz kudeatzeko. Hau ez da politikarion egitekoa soilik; guztioi eragiten digu. Kalitatezko enplegua sortzeko, edo gizarte babeserako sistema bermatzeko eta indartzeko, gai izan beharko dugu, elkarlanean, gure ondorengoentzako etorkizuna eraikitzeko proiektu sendo bat sortzeko. Eta instituzioetan gaudenok, gai izan beharko dugu ere erabakiak hartzeko, eta Gipuzkoako eta Euskadiko gizartearen garapena babesteko”, azaldu du. Horretarako, ziurtatu du EAJ-PNVk “jarrera eraikitzailea” edukiko duela “estatuko erradikalizazio horretatik ihes egiteko”: “Herritarren benetako beharrei eta nahiei lotutako beste eztabaida batzuk jarri nahi ditugu mahai gainean”.
Foru Aldundiari dagokionez, legealdiko balantze baikorra egin du Olanok, azpimarratuz, EAJ-PNVk duela lau urte emandako “hitza eta konpromisoak” bete dituela, oinarri hauekin: “kudeaketa eraginkorra, elkarrizketa, eta etorkizuna prestatzeko proiektu ekonomiko eta sozialekin, gizartearen eskakizunei erantzuten dietenak”. Gogorarazi duenez, duela lau urte, Gipuzkoarren gehiengoak EAJ-PNVko “emakume eta gizonak aukeratu zituzten geldialdia, gatazka eta inposaketak markaturiko aroa atzean uzteko”, eta kudeaketa “eraginkor eta kolaboratibo baten eskutik”, konpondu gabeko hainbat proiektu gauzatu dituztela, hala nola hondakinen kudeaketa, Deskargako obrak bukatzea, ekonomia sustatzea eta enpresak babestea, edota gizarte zerbitzuak handitzea.
Gaineratu duenez, “elkarrizketa eta gizartearekiko elkarlana” daude lorpen horien erdigunean. “Gobernu hau ez da bulegoetan ateak itxita gelditu: proiektu eta egitasmo partekatuak adostu eta bultzatu ditugu gizartearekin, elkartearekin, enpresekin, giza entitateekin, udalekin, eta proiektu komun honi ekarpena egin nahi izan dioten persona guztiekin. Zer egin dugun bezain garrantzitsua da nola egin dugun. Tresnak ezarri ditugu beste erakundeekin eta gizartearekin entzute aktiboa eta elkarrizketa egituratu ahal izateko”, amaitu du.
“Belaunaldi artekotasuna etorkizuna irabazteko”
GBBko presidente Joseba Egibarrek, berriz, ‘Eman bidea’ mezuan sakondu du. “Etorkizuna irabazteko erabakiak gaurdanik hartu behar dira. Nagusiki, eredu sozioekonomikoari lotuta. Euskal erakunde guztion eta herritarron eskutik eredu bat osatzen ari gara eta eredu horrek kontuan hartu behar du etorkizuna. Belaunaldi bakoitzak aurrekoaren beharra izaten du, baina etorkizunari begira datoztenei zor die begirada, azterketa eta erabakiak hartzea. Ez erakundeek bakarrik, baita langileek, enpresek edo eragileek”. Haren esanetan, “guztiok egin behar dugu bultza bide hori irekitzeko eta zabaltzeko. Bidea egin, bere etorkizuna irabaziko duen Gipuzkoa bat eraikitzeko”.
Etorkizun horrek zutabe hauek eduki behar ditu, Egibarren esanetan. “Ekonomikoki indartsuak izan behar dugu. Garapen ekonomikoa eta enplegu duina bultzatu behar ditugu, baina aldi berean justizia soziala aplikatuz. Gizarte justuek izaten dute etorkizunik onena eta gu horretan saiatzen gara eta saiatuko gara lanean”. Halaber, “politikoki erabakitasuna” behar dela eazpimarratu du. “Herri honek behar duen hazkunde politikoa garatu ahal izateko eta ubide hori zabaltzeko, bidea eman behar zaie herritarren hitzari eta erabakiari”.
GBBko presidentearen arabera, hitza bete du EAJ-PNVk, eta “ekarpena” egin du “giro politikoa lasaitzeko”, eta “hausnarketan eta akordioa” bultzatzeko, “eredu sozioekonomikoaren inguruan”. Argi utzi du “etorkizun hori irabaztea helburu duten erabakiek, akordio sendoak eta kontsentsu zabalak” eskatuko dituztela. “Hori da, gure alderdiaren ikuspegitik, politikari baten egitekoa. Ondorengo belaunaldiei nolako etorkizuna uzten diegun, ardura saihestezina da. Bidea ireki behar diogu etorkizun horri. Bultzatu, aurrera egin, konprometitu. Konpromiso sozial eta politikoa eskatzen ditugu. Hori izango da gure mezua, herriz herri eta auzoz auzo”.
Nabarmenak...
GBB
2024/11/21
Berria
2024/11/11
DONOSTIA
2024/11/05
Gipuzkoa
2024/10/31
DONOSTIA
2024/10/28
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2018/08/31