Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2018/11/16

«Estatus berriaren oinarriak erabat demokratikoak dira, eta herri honen etorkizuna irabazteko sortuak dira», nabarmendu du Joseba Egibarrek

“Oinarriak ondo ezagutzen dituzue, jakin badakizue demokratikoak direla eta herri honen etorkizuna irabazteko sortuak direla; ez alderdi politiko batena, herri honen etorkizuna irabazteko”. Halaxe erantzun dio bozeramaile jeltzaleak PPri, autogobernuari buruzko oinarrien akordioa “gelditzeko” egindako eskariaren aurrean. Hori dela eta, “aldez aurretiko aurreiritzi guzti horiek albora uzteko” eskatu die, “bestela ez baita akordioak zabaltzerik izango”.

Gogoratu du onartutako oinarriak ez direla ez EAJrenak, ez EH Bildurenak, Legebiltzarrarenak baizik. Joseba Egibar ziur agertu da Euskadik estatus berria behar duela. “Aldaketa kualitatiboa behar dugu, paradigma aldaketa, Espainian adostetik, Espainiarekin adostera; harreman subordinatu batean Espainiaren baitan adostetik, harreman- eta errespetu-parametro berri batera eta Espainiarekin adostera”, azaldu du.

Egibarrek ohartarazi du “herri honek bere etorkizuna idatzi eta irabazi nahi duela”, eta galdetu du ea nori egiten dion kalte autogobernu gehiagok: “inori”. “Baina oso agerian gelditzen da unionismoak edo konstituzionalismoak ez diola herri honi utzi nahi bere bide propioa egiten”.

Kontestu horretan, gogoratu du “40 urte beteko ditugula” eta Gernikako Estatutuak bete gabe jarraitzen duela -37 eskumen transferitzeke-. “Horrek gogoeta egitera garamatza, eta ondorioztatzen dugu jauzi kualitatibo bat eman beharra daukagula Estatuarekin dugun harreman-mailan”, esan du. “Aitortza, aldebikotasuna, errespetua; hori da gakoa”, gaineratu du. “Hain zaila al da bizikidetza politikorako sistema bat egituratzea? Hori da oinarri eta printzipio hauek proposatzen dutena”, amaitu du.

Eztabaidan zehar, bozeramaile jeltzaleak aipu egin die Juan Luis Ibarrak (Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko presidenteak) Legebiltzarrean onartutako oinarriei buruz esandako hitzei.  “Ez dira alferrikakoak eta txantxetan hartu beharrekoak, ez”, ohartarazi du, “Estatu arrazoia plaza erdian jartzen ari da”. “Hori ez da kasualitatez gertatu, ohartarazpena da, eta Estatu arrazoia tarteko denean, Espainiako bi alderdi politiko nagusiak gai dira ordu erdian adostasunera iristeko, nahiz eta akordio horiek konstituzioaren aurkakoak izan. Botere judizialak babesa eman behar badie, emango die”.  “Baina Estatu arrazoiak atetik sartzen direnean, printzipio demokratikoek leihotik egiten dute ihes. Eta, normalean, gero, legea egokitzen da egoera berrira”, amaitu du.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube