Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2018/11/07

Osoko bilkura Gipuzkoako Batzar Nagusietan

Bi foru arau berri onartu dira. Partaidetzarako Foru Araua eta Gipuzkoako A-15 eta N-1 gaitasun handiko errepideetan merkantzia garraioan arituko diren ibilgailu astunek zati jakin batzuk erabiltzeagatik ordainduko duten kanona arautuko duena. Gainera Bilkuran Donostia eta Irunen egin behar diren herri-galdeketak babestea bozketara eraman da.
Osoko bilkura Gipuzkoako Batzar Nagusietan

“EAJ-PNV, PSE, Podemos eta PP taldeen botoekin onartutako Foru Arauak, gipuzkoar herritarron partaidetza eskubidea sendotzen eta sustatzen lagunduko du, demokrazia ordezkagarria eta parlamentarioa osatuko dituen oinarrizko eskubide gisa” azpimarratu du Xabier Ezeizabarrena.

EAJ-PNV batzarkide taldeak, oso positibotzat jo du, “Herritarren Partaidetzari buruzko Foru Arauak” ordezkari politikoen onarpen zabala jaso izana. Xabier Ezeizabarrena  batzarkideak adierazi du, “Herritarren Partaidetzari buruzko Foru Arauaren garrantziaz jakitun, herritarron partaidetza eskubidea, pertsona juridiko eta fisikoena, zuzenbide subjektibo bezala sustatzearen garrantziaz jakitun – adierazi du – EAJ-PNV batzarkide taldean proiektuaren inguruan adostasun maila ahalik eta zabalena biltzen saiatu gara, eta saiakera horren emaitza, Foru Arauak jaso duen onarpen zabalean datza, EAJ-PNV, PSE, Podemos eta PPren aldeko botoaz eta EH Bilduren abestentzioaz onartua izan baita”.  “Foru Arau Proiektuak – azpimarratu du – gipuzkoar herritarron partaidetza eskubidea sendotzen eta sustatzen lagunduko du, demokrazia ordezkagarria eta parlamentarioa osatuko dituen oinarrizko eskubide gisa”.

 “Gaur onartutako Foru Arauak botere publikoen jardunean herritarren partaidetza ardatz nagusitzat hartzen du, ordezkaritzako partaidetzaren osagarri huts izateari utziaz. Ekimenak aurrera eramateko eskubidea modu zabalagoan jasotzen du, partaidetza prozesuak martxan jartzea erraztea helburu. Foru Arau honek – adierazi du EAJ-PNV batzarkideak – partaidetza programen edukiak, herritarrei, erakundeei eta Gizarte Kontseiluari zabaltzen dizkio eta berrikuntza bezala arau berriak jasotzen du aurrekontuen aurreproiektuaren prestakuntzan, herritarrek parte hartzeko prozesuak ezarriko dituela”. “Azken finean, Herritarren Partaidetzari buruzko Foru Araua, lanketa prozesu luze baten emaitza da. Eta prozesu horrek –jarraitu du– herritarren partaidetza sustatzea du xede, gipuzkoar gizartea, guztiona dugun proiektura erakarri, erakundeetatik agenda berri bati eta politika egiteko modu berriei ekinez”.

“Gure aburuz – amaitu du Ezeizabarrenak – gaur onartutako Herritarren Partaidetzari buruzko Foru Arauak, gipuzkoar herritarron partaidetza eskubidea sendotzen eta sustatzen lagunduko digu eta gipuzkoar herritarron interes orokorrari erantzuten dio”.

Ibilgailu astunen kanona

Foru Arauaren helburu nagusia da gurera ekartzea Europako “erabilerarengatik ordainketa” printzipioa, garraio astunak gure errepideetan sortzen duen kaltearen erantzule izan dadin hein batean” baieztatu du Maria Eugenia Arrizabalagak.

“Gaur onartutako Foru Arau berriak berme juridikoa eskainiko digu. Foru Arauaren hainbat arlotan berrikuntzak ezarri dira, ordainpeko tarteak aldatu dira,  ustezko “zeharkako diskriminazio” interpretazioak ekiditeko, apirilean emandako epaian jasotakoa bezalakoa”, adierazi du Maria Eugenia Arrizabalagak EAJ-PNV bozeramaile Gipuzkoako Batzar Nagusietan. “Urtarriletik hona sistemaren martxak, errealitatean gertatzen den trafikoaren informazio zehatza eskura jartzen digu, eta ondorioz, arau berriak zehatzago erantzungo dio, gure iritzian (eta iritzi hau Europar komisioarekin eta Aldundiko zerbitzu juridikoekin bat dator) irizpide okerretan oinarritutako interpretazioei”. 

EH Bilduk eta PPren argudioei dagokionez, Maria Eugenia Arrizabalagak esan du, “gure asmoa ez da inoiz izan bertako garraiolarien aurka jotzea, “zeharkako diskriminazio” interpretazioa ekiditea baizik. Ez da egia, Foru Arau berria “presaka eta korrika” egin denik – azpimarratu du Arrizabalagak – foru departamentuak egindako lan eraginkor eta azkarren emaitza da, sententziak sortutako arazoari irtenbide zehatz eta egokia ematea helburu”. “Dena den – jarraitu du – positibotzat jotzen dugu EH Bilduren iritzi aldaketa, aurreko hilean osoko zuzenketa aurkeztu bait zuten eta gaurko Osoko Bilkuran aldiz, abstentziora jo baitute”

 “Foru Arau berriaren helburu nagusia aurrekoaren berbera da: gurera ekarri dugu Europako legeriak gai honen inguruan ezartzen duen “erabilerarengatik ordainketa” printzipioa, garraio astunak gure errepideetan sortzen duen kaltearen erantzule izan dadin hein batean”. “Guztiok gara jakitun –jarraitu du bozeramaile abertzaleak– gipuzkoar gaitasun handiko errepide sarearen artapen lanek eragiten duten kostuaz. Gipuzkoar guztiok gure zergen bitartez ordaintzen duguna. Horregatik, aipatu gastua arindu asmoz, Foru Gobernuak hasiera hasieratik egin zuen garraio astunari ordainsaria ezartzearen alde”.

“Foru Gobernuarentzat, Foru Arau berria onartzea, ardura politiko ariketa da –azpimarratu du– Espainiako Auzitegi Gorenak errekurtsoari noiz erantzungo dion jakiterik ez dugunez, garraio astunari ordainsaria ezartzen jarraitzea ahalbidetuko duen Foru Arau berria onartzea ezinbestekoa da”.

Erabakitzeko eskubidea eta Gure Esku Dagoren ekimena ariketa demokratikoa den neurrian aldarrikatzen ditugu, era berean Donostia eta Irunen egingo diren herri-galdeketatan parte hartzeko deia luzatzen dugu.

“Ez da hau, Batzar Nagusietako gehiengo zabal bat erabakitzeko eskubidearen alde agertzen den lehen aldia. Duela bi urte EAJ-PNV eta EH Bildu taldeek ekarri genuen ekimen hauxe bera ganberara” gogora ekarri du Ianko Gamboa batzarkideak  aipatu bi talde politikoek azaroaren 18an Donostia eta Irunen egingo diren herri-galdeketak babesteko aurkeztutako proposamenaren inguruan. 

“Erabakitzeko eskubidea – jarraitu du Gamboak – autodeterminazio eskubide kontzeptuaren parekoa da, eta horregatik, subjektua du, euskal nazioa eta objektua, bere egitura politikoaren definizio demokratikoa. Aurreko lau urteetan bezala, EAJ-PNV eta EH Bildu taldeek erabakitzeko eskubidea aldarrikatu eta honako proposamena aurkeztu dugu, bertan, Gipuzkoako Batzar Nagusiek Euskal Herriko herritarrei etorkizunaz erabakitzeko, kontsultatuak izateko eta libre eta demokratikoki adierazten duten borondatea errespetatua izateko dagokien eskubidea eta gaitasuna babesten dutela aldarrikatzen dute. Bigarrenik, herritarron erabakia dela, eta, beraz, erabakitzeko eskubidea gauzatzea demokraziaren agerpen gorena dela aldarrikatzen dute. Horrexegatik, erabakitzeko eskubidearen aldarrikapenetik gauzatzera igarotzeko ekimenak balorean jarri eta babestu behar direla adierazten diete. Eta azkenik, azaroaren 18an Irunen eta Donostian herri-ekimenez burutuko den erabakitzeko eskubidearen gauzatze praktikoa babesten duela aldarrikatzen dute”.

Jarraian batzarkide abertzaleak, galdera bota du, “Ez litzateke desiragarriago izango gaur egungo  sozietate demokratikoek  identitateari buruzko gatazka politikoak, herriari hitza emanez konpontzea?. Nik baietz uste dut" azpimarratu du. Amaitzeko, Ianko Gamboak Gure Esku Dago herri ekimenak Donostia eta Irunen egingo duen ariketa praktikoari babesa eman nahi izan dio berriz ere, datorren azaroaren 18an herri-galdeketetan parte hartzeko deialdia zabalduz.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube