Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Estatuarekin harreman eredu berri bat behar dugu, lurralde gisa garatzen jarraitzeko
Ikasturte politikoari ekiteko egindako Gobernu Kontseiluaren ondoren, erabakitzeko eskubidea erakundetzearen aldeko jarrera azaldu du Markel Olano diputatu nagusiakLurralde gisa “garatzen jarraitzeko eta ongizate sozial eta ekonomikoaren ikuspegitik salto bat emateko Estatuarekin harreman eredu berri bat” finkatzearen alde azaldu da gaur Gipuzkoako diputatu nagusia, Markel Olano, eta horretarako “erabakitzeko eskubidea erakundetzeko premia” azpimarratu du. Ikasturte politikoari ekiteko egindako Gobernu Kontseiluaren ondoren, komunikabideen aurrean egindako agerraldian, Euskadiko autogobernua eguneratzeko Eusko Legebiltzarreko ponentziak onartutako oinarriak babestu ditu Olanok eta, adierazi duenez, ponentziaren garapenak baldintzatuko du datorren hilabeteetako giro politikoa.
“Lurralde gisa garatzen jarraitzeko, Euskadik bere osotasunean bezala, erabakitzeko eskubidea erakundetuko duen estatus berri bat behar du Gipuzkoak. Estatus berri hori behar dugu, Estatuarekin daukagun harreman ereduan salto bat eman eta, gisa horretan, autogobernu maila handiago baterantz aurrera egiteko”, adierazi du diputatu nagusiak. Imanol Lasa foru bozeramailea eta Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuarekin batera, autogobernuaren inguruko eztabaidan gizartearen partaidetza bultzatzearen egokitasuna azpimarratu du Olanok, eta horretarako “gizarteko gehiengoaren borondateari bidea eman eta errespetatzeko” aldarria egin du.
Diputatu nagusiak berretsi du Foru Aldundiaren determinazioa gizarte eredu “integratzaile, kohesionatu eta aurreratu bat” bultzatzen jarraitzeko. Gaineratu duenez, EAEko estatus berriak “aukera paregabea” eskaintzen du horretarako.
Aurrekontuak
Diputatu nagusiak jakinarazi duenez, foru gobernuak dagoeneko onartu ditu 2019ko aurrekontuak egiteko irizpideak. Aurrekontu proiektua urriaren amaieran aurkeztuko dute, helburu nagusia “Gipuzkoaren etorkizuneko desafioei aurre egitea” izango da. Gipuzkoako foru gobernuaren helburu nagusia, hain zuzen ere, etorkizuneko desafio horietan sakontzea izango da, lurraldeko ordezkari nagusiak finkatu zuenez. Izan ere, hasi berria den ikasturte politikoan “erreferentziazko zentroen lana abiatuko da, eta etorkizuneko desafioei bete-betean ekitea izango dute xede”.
“Ekonomiaren egungo testuingurua probesten jarraitu behar dugu, bereziki gure industria ehuna sendotzen jarraitzeko –lehiakortasun eta berrikuntza maila hauspotuz– enplegua sortzen jarraitzeko eta lanpostuen kalitatea gero eta hobeagoa izan dadin”, baieztatu du. Olanok gogogarazi du, gainera, Foru Aldundiak estrategia bat duela indarrean, “pertsona ahulenek, pobrezia egoera denbora luzez pairatzeko arriskua duten horiek, lanpostu bat aurkitu dezaten eta gisa horretan gizarteratu daitezen”.
Nabarmenak...
EBB
2024/11/24
GBB
2024/11/21
Berria
2024/11/11
DONOSTIA
2024/11/05
Gipuzkoa
2024/10/31
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2018/08/31