Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2018/08/31

Ortuzar: “Bilduk ez digu emango ‘hartz besarkada‘, eta PSEk eta Podemosek ezin dute pentsatu beraien iritziak, euskal gizartean gutxiengoenak direnak, aurrera aterako direnik”

EBBren presidenteak berriz ere berretsi du EAJ hitz egiteko, negoziatzeko eta euskal espektro politikoa Estatus Berriaren akordiora irekitzeko prest dagoela. PDeCATeko presidentea, David Bonvehí, Zarautzen izan da jeltzaleen aldi politikoaren hasiera ekitaldian

“Orain mahai gainean dagoena ez da aldaezina den fede dogma, eta inork ezin du nahi izan bere konstituzio interpretazioaren kortse estuak gizarteari pentsatzea eta bere etorkizuna erabakitzea galaraztea. Horregatik, Ezker Abertzaleak ez digu ‘hartz besarkadarik’ emango, eta sozialistek eta Podemosek ezin dute pentsatu beraien iritziak, Euskadin gutxiengoenak direnak, aurrera aterako direnik. Hitz egin behar da, paperak eta proposamenak trukatu behar dira, negoziatu egin behar da, guztiok mugitu behar gara. Eta EAJk egin egingo du”.

Horixe izan da Andoni Ortuzarren, Euzkadi Buru Batzarreko presidentearen, mezu nagusia gaur Zarautzeko Malekoian egon diren 500 bertaratuei helarazi diena EAJ-PNVren aldi politikoarekin hasteko ohiko ekitaldi politikoan. Mitin horretan parte hartu dute baita ere Joseba Egibarrek, Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak; Xabier Txurrukak, kostaldeko udalerri horretako alkateak, eta Jokin Landak, Zarautzko Uri Erakundeko presidenteak. EBBa osatzen duten burukide guztiak izan dira bertan; hau da, Mireia Zarate, Joseba Aurrekoetxea, Koldo Mediavilla, Kepa Aldama, María Eugenia Arrizabalaga, Mikel Burzako, Ana Esther Furundarena, Iñaki Txueka, eta herrialdeetako ordezkari gorenak, José Antonio Suso (ABB), Itxaso Atutxa (BBB), Paco Arizmendi (IBB) y Unai Uhalde (NBB). Hauetaz gain, Bizkaia eta Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Unai Rementeria eta Markel Olano; Kongresuko bozeramaile jeltzalea, Aitor Esteban; Senatuko euskal taldeko bozeramailea, Jokin Bildarratz; Eusko Legebiltzarreko presidentea, Bakartxo Tejeria; Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea, Eider Mendoza; Izaskun Bilbao, eurolegebiltzarkidea, eta Arantxa Tapia, Bingen Zupiria, Beatriz Artolazabal, Jon Darpón, Cristina Uriarte eta Estefanía Beltrán de Heredia sailburuak, baita EAJ-PNVren hainbat kargu publiko eta barneko karguak dituztenak ere. Ekimenean egon dira baita ere PDeCATeko presidentea, David Bonvehí, eta alderdi kataluniarraren presidenteordea, Miriam Nogueras, zeintzuei Ortuzarrek ongi etorri adeitsua egin dien. “Benvinguts a casa vostra. Ongi etorri zuen etxera. Aurreko urtean hemen, Zarautzen, egon zen gurekin Jordi Turull, gaur egun preso dagoena. Berari, eta ‘procés’-aren preso guztiei gure besarkadarik beroena eta solidarioena eman nahi diegu. Eta berriz ere eskatzen dugu berehala libre uzteko. Guztiak”, baieztatu du jeltzaleen buruak.

Hasiera batean barneko hizkeran, Ortuzarrek ekainean udal eta foru aldundi berriak eta Europako Parlamentu berria eratzean bukatuko den aldi politikoa aztertu du. “Nahiz eta hauteskunde aurreko aldiak gauzak garestitzen dituen, gure lehentasunak argiak dira: guk gobernatu egingo dugu. Lau urte hauetako lana ondo bukatu behar da. Alderdiak inoiz baino erantzukizun handiagoa izan du erakunde askotan, eta guztien kudeaketaren nota oso ongi altua izan da. Gehienbat nabaria izan da gobernuak beste alderdi batzuetatik jaso ditugun kasuetan. Gipuzkoaren eta Donostiaren kasua da, edo Gasteizkoa… eta Nafarroaz zer esanik ez! Hemen, Zarautzen baita ere. Lehen gatazkak eta arazoak zeuden lekuan orain egonkortasuna eta emaitzak daude; lehen geldituta zeuden gauzetan orain proiektuak daude; lehen inposizioa zegoen lekuan orain akordioak daude. EAJren eredua da. Eta ziur nago herritarrek saritu egingo dutela gure emakume eta gizonak erakundeetan egiten ari diren lana. Baina lana ondo bukatu behar da. Eta indarra jarriz egin behar da, indar abertzalea. Hartzen dugun erabaki bakoitza garrantzitsua da, erakundeetako kudeaketa guztiak, txikienak eta handienak, euskal herritarrentzat egiten dira, eta herrialdea eraikitzen dute egunero. Berrogei urte daramatzagu herrialde hau eraikitzen, eta aurrera egiten jarraituko dugu. Egingo dugu, ziur nago”, baieztatu du.

Ortuzarren hitzaldiaren gai nagusia, berak esan bezala “pil-pilean dagoen” kontu bati buruzkoa izan da, “oso garrantzitsua delako”. Autogobernuari buruz hitz egiten ari zen. Lehendabizi, jeltzaleen buruak hauxe deitoratu egin du: “Nahiz eta gezurra dirudien, Estatutua onetsi eta 38 urte geroago oraindik ere gure esku ez dauden gaiak eta transferentziak daude. Horrek ezin du gehiago iraun. Gernikako Estatutuaren ez-betetzea behin betiko bukatu behar da. Eta fideltasunez egin behar da, bere edukiarekin eta izpirituarekin bat eginez. Eusko Jaurlaritzak, eta guk, alderdi bezala, Madrilgo Gobernuari adierazi diogu hori egitea lehentasunezkoa dela, justizia ekimena, baina baita arretarako deia ere, Pedro Sánchezen gobernuak maiz adierazten duen aldaketa politikoaren nahia egiaztatzen duen edo ez duen kontua”. Hala, Ortuzarrek aitortu du “badakiela Madrileko inguruabar politikoak konplexuak direla, gobernu berriak zailtasun eta oztopo asko gainditu beharko dituela, elkarren artean eskuinekoagoa zein den erabakitzeko borrokatzen ari den oposizioarekin”, eta horregatik guztiagatik bermatu egin du EAJk ekarpenak egingo dituela gobernu sozialista behar bezala egonkortzeko. Horren ordez, logikoa denez, EAJk “euskal autogobernuak aurrera egiteko inplikazio bera eta legea betetzeko inplikazioa” eskatuko ditu, “Gernikako Estatutua legea delako, eta bete egin behar da”.

Ondoren, presidente abertzaleak Autogobernu ponentziari buruzko lanak eta aurrerakuntzak aipatu ditu, “zenbait” komunikabideri mami asko ematen ari direnak EAJren iritzia epaitzeko hain zuzen ere. “Batzuetan burujabetza mendiaren tontorrean jartzen gaituzte, eta besteetan ziaboga posibilistak asmatzen dituzte.  Batzuetan alderdi espainolistei egindako mehatxu eta ohar larriak ikusten dituzte, besteetan biraketa negoziatzaileak. Batzuetan Ezker Abertzalearen bahituak gara eta besteetan Sánchezi bermatzen diogu ez dela ezer gertatuko”, esan du, berriz ere azaldu aurretik EAJk duen nahia, gogoa eta helburua, Urkullu Lehendakariaren jokaerarekin guztiz bat egiten duena.  “Guk gure ideiak eta proposamenak lehenetsiz hobeak iruditu zaizkigun planteamenduak egin ditugu. Horren aurrean, alderdi sozialistak albora begiratu du, ez du jarrera argirik adierazi, eta Podemosek esan duena baino gutxiago egin du. Biek ere guri eskatu digute eskubide sozialei dagokienez mugitzeko, eta horrela egin dugu, baina beraiek ez dute egin gauza bera euskaldunen nazio eskubideei dagokienez. Gure proposamenaren alderdi ona galarazteko jarrera erosoa hartu dute, eta ez dute hitz egin nahi izan eta ez dute bestelako proposamenik egin. Mugitu direnak Ezker Abertzaleko kideak izan dira, akordioarekin hastea ahalbidetuz; orain forma juridikoa eman behar zaio horri guztiari. Beraz, beste une batean gaude orain, non guztiok egin ditzakegun proposamenak eta planteamenduak. Horixe eskatzen ari gara: Beto gutxiago, “hau konstituzioaren aurkakoa da” gutxiago, edo “hau juridikoki bideratzea ezinezkoa da” gutxiago, eta alderantziz, positiboan egindako proposamen gehiago behar ditugu. Guk ahalik eta akordiorik zabalena nahi dugu. Gernikako Estatutuaren alde gaudenok batzen gaituena, eta garai hartan kanpoan geratu zirenak biltzen dituena. Eta gure esku dagoen guztia egingo dugu hori horrela izateko. Orain mahai gainean dagoena ez da aldaezina den fede dogma, eta inork ezin du nahi izan bere konstituzio interpretazioaren kortse estuak gizarteari pentsatzea eta bere etorkizuna erabakitzea galaraztea. Laburbilduz, Ezker Abertzaleak ez digu “hartz besarkadarik” emango, eta sozialistek eta Podemosek ezin dute pentsatu beraien iritziak, Euskadin gutxiengoenak direnak, aurrera aterako direnik. Hitz egin behar da, paperak eta proposamenak trukatu behar dira, negoziatu egin behar da, guztiok mugitu behar gara. Eta EAJk egin egingo du”.

Horixe da, Ortuzarren iritziz, EAJk Madrilen duen jarrera bera: mugitzea, Euskadirentzat onak diren akordioak sortzen saiatzeko, eta ez bakarrik Euskadirentzat. “Astearte honetako albiste baten arabera sekula baino gehiago gastatu da hilabete honetan Euskadin eta Estatuan pentsioetan. EAJri eta pentsioei buruz egindako akordio horri esker”, gogorarazi du. “Aste honetako beste berri bat: Bergarako korapiloa, ezinbesteko azpiegitura treneko ‘Y’ proiektuarentzat, jada martxan dago bost urtez blokeatuta egon ondoren. Hori ere Madrilen egindako lanaren emaitza da. Kartzela politika arloan pausoak ematen hasi dira, espero dugu laster egitea egiteko dauden lekualdatzeak… Gauza horiek guztiak mugitu garelako lortu dira, arriskatu egin dugulako Madrilen politika eginez”, esan du jeltzaleen buruak. Hala, Ezker Abertzaleari mezu bat helarazi nahi izan dio, beraien inkoherentzia politikoa bereziki agerikoa baita Madrilen. “Ezker Abertzaleak Madrilgo gaur egungo gobernuak irautea nahi du. Bada, izan daitezela koherenteak eta argi eta garbi azaldu daitezela. Orain Gastu Mugari buruzko negoziazioak izango dira, ondoren Aurrekontuenak. Bozkatu egin behar dira. Zer gertatzen zaie? Ikara ematen diela. Horixe baita EAJk egiten duena eta beraiek ez dutena egiten: Beraiek ‘pureta’ batzuk dira, ez dituzte eskuak zikindu nahi Madrilen negoziatzen. Bada, uste dut Ezker Abertzaleak jada agortu duela komodin hori. Ezin dena da Euskadi osoa “Presoak Euskal Herrira” dioten pankartekin betetzea eta orain, aldarrikapen horretan aurrerakuntzak egiteko aukera dagoenean, Eusko Jaurlaritza eta EAJ izatea bakartasunean ardura hori hartzen dugunak. Ezker Abertzaleak Madrilen bere ikuspuntua erakutsi behar du”, jakinarazi du Ortuzarrek. Baina ez bakarrik Madrilen: Baita etxean ere. “Oso polita da jendaurrean gobernagarritasunari buruzko eskaintzak egitea, hala, modu ukiezinean, nahiz eta gero Txiki Muñozek belarrietatik ten egiten dien EAJrengana gehiegi hurbiltzeagatik. Baina gero koherenteak izan behar dute, Eusko Legebiltzarraren egunerokotasunean egia dena baita gehiagotan bozkatzen dutela PPek bozkatzen duena guk bozkatzen duguna baino”, salatu du jeltzaleen buruak. “Aldi politiko berri honetan Ezker Abertzaleak aukera asko izango ditu -Eusko Legebiltzarrean, Batzar Nagusietan eta udaletan- bere jarrera aldaketa zintzoa den edo bakarrik taktika mugimendua den frogatzeko, ez dakitelako oso ongi zein norabide hartu, eta momentuz EAJren itzalean kokatu dira. Erne egongo gara”.

Joseba Egibarrek ere parte hartu du gaurko ekitaldian. GBBko presidentea Jordi Turulli erreferentzia eginez hasi da. "Iaz hemen izan zen gurekin Zarauzko mitinean eta, orain, kartzelan dago", adierazi du. PDCat alderdiko zenbait kide izan dira mitinean, David Bonvehí buru zutela, eta horiei begiratuz, kartzelan diren politikari kataluniarrak gogoan izan ditu: "Ez daude hemen eta, beste batzuk, Puigdemont eta bere sailburu batzuk, adibidez, kanpoan dira. Gure bihotza eta pentsamentua haiekin daude", jakinarazi du. "Zuen kausa gure kausa da", erantsi du. Egibarrek aipatu duenez, "duela 20 urte euskaldunak ginen gaiztoak eta kataluniarrak onak, eta, orain, alderantziz da". "Kalifikazio hori Estatuak egiten du, biek aurrean daukagun Estatu berberak", gehitu du. GBBko presidenteak azaldu du "garrantzitsuena ez dela nor doan azkarrago, baizik eta zer onartzen duen Estatuak". Ildo horretan, salatu du "guri ere jarri digula muga Estatuak, izan ere,155 artikuluak zuzenean eragiten digu. Hor dago mehatxu politikoa". "Batzuk diote ez dela komeni Estatua eta epaitegiak haserretzea, baina oinarri demokratikoak errespetatu behar dira eta bide eman behar zaie", esan du. Azpimarratu duenez, "herri honek bizi nahi du eta bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea dauka". Hori dela eta, "Autogobernu osoa" eskatu du, euskal erakundeei erabakiak hartzeko bide emango liekeena, alegia, “gure eskubide sozialak, kulturalak eta ekonomikoak defenditu ahal izateko”.  Alderdi Sozialistak eta Elkarrekin-Podemosek estatus berriaren inguruan hitz egiterakoan erabiltzen duten "aniztasunari" ere egin dio erreferentzia burukide jeltzaleak. Helburu hori lortzeko ahalegina egin behar dela eta EAJ-PNVk egingo duela esan du, ohartaraziz bi alderdi horiek estatus berriraren inguruan egindako proposamenak "oso deigarriak" direla. "Oinarri batzuen inguruan gutxieneko adostasuna lortzeko aukera zegoela ikustean zera proposatu dute: aldaketak egiteko Legebiltzarraren bi herenen babesa izan behar dela, hau da, 50 legebiltzarkiderena", jakinarazi du, gaur egun gehiengo absolutua (38 botorekin) lortzen dela azaldu ostean.. "Zergatik jartzen dute muga 50 legebiltzarkidetan eta ez 46tan? galdetu du. "Alderdi Sozialista ez dagoelako. Zergatik tematzen dira zenbaki horiekin, Espainiako konstituzioaren aldeko bozkak erroldaren %30,8 besterik izan ez zirenean”, galdetu du. "Hori da aniztasuna haientzat. Gutxiengo oztopatzailea bihurtzen ari dira", amaitu du.

 

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube