Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Ekonomiaren sustapenak eta enpleguak etorkizunerako funtsezkoak izaten jarraitzen dute gipuzkoarrentzat
Ekaineko soziometroaren arabera, foru gobernuaren eta diputatu nagusiaren jarduna ontzat jotzen ditu Gipuzkoako gizarteak, eta lurraldearen ekonomia suspertzeko ekarpena aitortzen zaieGipuzkoako Foru Aldundiak gaur eman ditu jakitera Gipuzkoako soziometroaren azken inkestaren emaitzak. Horien arabera, ekonomia eta enplegua dira lurraldearen ongizaterako eta etorkizunerako lehentasunezko helburuak gizartearentzat, izan ere, %60,7arentzat lurraldeak oraindik ez du krisialditik guztiz irten. Egindako lana, ordea, positiboki baloratzen da, bai Markel Olano diputatu nagusiarena zein foru gobernuarena.
Lurraldearen egungo eta etorkizuneko egoerari buruz gipuzkoarrek dituzten iritzi eta usteen inguruko informazioa jasotzen jarraitzeko helburuarekin egiten du Aldundiak aldian behineko inkesta hau. Imanol Lasa, Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak aurkeztu ditu gaur goizean datuak. Aldundiarekin eta lurraldearekin lotutako ohiko gaiez aparte, interes orokorreko kontuak jaso dira galdeketan, hala nola: ekonomia eta enplegua, erakundeekiko konfiantza, hainbat gairi herritarrek ematen dieten babes maila –estatu mailako azken gertakizun politikoak gobernu aldaketarekin eta Kataluniako procèsdelakoarekin lotutakoak, bereziki–, Aldundiari buruzko balorazioa eta boto asmoa. Guztira, Gipuzkoa osoan zehar 1.500 elkarrizketa egin dira, ekainaren 11 eta 15a bitartean.
Emaitzek era argian erakutsi dute herritarrek ekonomia gaiei eta etorkizunerako apustuei ematen dieten garrantzia berezia. 2017 urteko urrian egin zen azken soziometroa eta ordutik nabarmen hobetu da gipuzkoarren pertzepzioa. Hain zuzen, %31tik %41,9ra igo da azken bi urteetan Gipuzkoak hoberako aldaketa egin duela uste duten herritarren ehunekoa. Ikuspegi baikor hau Aldundiaren jardunera ere hedatzen da, bereziki alor ekonomikoan egiten den lanera, galdetukoek uste baitute Aldundiak "nahiko" (%54,6) ala "asko" (%16) egiten duela lurraldearen ekonomiaren alde.
Etorkizuna Eraikiz, gero eta ezagunago
Foru bozeramailearen arabera, "emaitzek argi erakusten dute" herritarrek babestu egiten dituztela "Aldundiak etorkizunerako egin dituen apustu estrategikoak" eta, gauzak honela, emaitzetan jasotakoa "legealdi hasieratik heldutako bideari eusteko bermea" ere badela. Alor ekonomikoari eta enpleguari lotutakoak dira oraindik ardura nagusiak, %64,5ak pentsatzen baitu ekonomiaren eta enpleguaren sustapenak jarraitu behar duela Aldundiaren lehentasuna izaten. Lasaren arabera, "garapen hau bat dator hala lurraldearen hobekuntza ekonomikoarekin, nola Gipuzkoako Gobernuaren jardunaren ildo nagusiekin". Lasak azpimarra jarri nahi izan du inkestan parte hartu duten pertsonen eta Gobernuaren lehentasunen arteko sintonia horretan eta, batez ere, ekonomian eta etorkizuneko erronketan jarritako fokuan.
Honekin lotuta, azken Soziometroak arreta eskaini dio Etorkizuna Eraikiz-i. Etorkizuneko apustuei heltzeko Aldundiak abiarazi duen ekimen honen berri jada inkestatuen %25,4ak entzun du. Datu honek, foru bozeramailearentzat, "erakusten du ezaguna eta baloratua izaten hasi dela gobernantza eredu berria ezartzeko Aldundia egiten dabilen ahalegina" eta nabarmendu du Etorkizuna Eraikiz-en barruan lurraldearen etorkizuna lantzeko garatzen dabiltzan proiektu estrategikoek duten balorazio positiboa. Horrela, ekimen honi buruz entzun dutenek, berau 5,89ko batekin dute. Etorkizuna Eraikiz-en barruan abiarazitako erreferentziazko zentroen artean ezagunenak dira Pasaiako zahartzeari buruzko Adinberri zentroa (%26,2k entzun du hari buruz), zibersegurtasunerako Ziur zentroa (% 22,3) eta elektromugikortasunekoa (% 22).
Udal eta foru hauteskundeetarako urte bete geratzen den honetan, hortaz, foru gobernuaren irudiak errefortzu berria jaso du azken soziometro honekin, era nabarmenean gainera: iazko urritik aurtengo ekainera, %36,4tik %43,6ra igo da Gobernuaren eta haren jardunaren irudi ona duten herritarren ehunekoa. Bi aspektu hauek 6,15eko puntuazio orokorra jasotzen dute. Oniritzia ere jasotzen du Markel Olano diputatu nagusiak, haren kudeaketari emandako 5,9ko puntuazioarekin. Balorazio honek ere gainera, legealdian zehar izan duen goranzko joerari eusten dio eta diputatu nagusiari buruzko balorazio pertsonalak 6koaren bueltakoak dira guztiak; zintzotasuna, Gipuzkoako interesen defentsa, komunikazio-gaitasuna ala herritarrekiko gertutasuna bezalako aspektuei buruz galde egiterakoan.
Politika orokorra eta subiranotasuna
Soziometro berri honek arreta eskaini dio ere Estatuko azken gertakizun politikoek Gipuzkoako gizartean izan duten eraginari. Kataluniako prozesuari dagokionez, agerian geratu da gipuzkoarrek arretaz jarraitzen duten gaia dela: %51,3ak interes "nahikoa ala handia" erakusten baitu procèsdelakoan eta gehiengoak (%54,9) ontzat jotzen du. Kontrara, txarretsi egiten dute Espainiako Gobernuaren jarrera azken hilabeteetako gertaera politikoen aurrean (%70ak 0 eta 4 artean puntuatu du).
Imanol Lasaren arabera, inkestan Espainiako Gobernuari egiten zaion dei garbia azaleratzen da: "Estatuaren lurralde politikaren planteamenduan aldaketa esanguratsu baterako deia", hain zuzen. Foru bozeramaileak nabarmentzen du "Gipuzkoako gehiengo batek" jarraitzen duela defendatzen "euskal herritarrak eurak" izan behar dutela "garapen nazionalerako markoa ezarri behar dutenak, abiapuntu gisa hartuz onartu zenetik hainbeste denbora igaro eta azalpenik gabe osorik gauzatzeke jarraitzen duen Gernikako Estatutuaren betetzea eta, jarraian, Eusko Legebiltzarrak autogobernuari buruzko ponentzian jasotakoa errespetatu beharko du Espainiako Gobernuak".
Lasarentzat "ez da harritzekoa %66,5ak Euskadiren etorkizuna Euskadin erabaki behar dela adieraztea, eta ez Estatuan". Soziometroaren arabera, halaber, %46,9ak begi onez ikusten du autogobernuari eta subiranotasunari buruzko hitzarmena lortzea, baina hori ez balitz posible, Euskadiren helburu nazionalak gauzatzeko bestelako bideetan sakontzearen alde agertzen dira. Puntu hau ere nabarmentzekoa iruditzen zaio bozeramaileari. Lasarentzat, "eskaera politiko eta sozial honek Madrilgo agenda politiko berrian egon behar du".
Nabarmenak...
GBB
2024/11/21
Berria
2024/11/11
DONOSTIA
2024/11/05
Gipuzkoa
2024/10/31
DONOSTIA
2024/10/28
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2018/08/31