Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2018/06/16

Markel Olano aurkeztu du EAJ-PNVk Gipuzkoako diputatu nagusirako hautagai bezala

Ekitaldi berean Eneko Goia aurkeztu dute Donostiarako alkatetzarako hautagai gisa, lurraldeko beste 24 alkategairekin batera

Markel Olano eta Eneko Goia aurkeztu ditu gaur EAJ/PNV Gipuzkoak, diputatu nagusi eta Donostiako alkatetzarako hautagai bezala. Egun, karguan daude biak. Izendapena Kursaalen egin den ekitaldi batetan egin da, #Etorkizunerantz izenpean. 300 pertsonatik gora elkartu dira bertan, hauen artean alderdi jeltzalearen zuzendaritzako kideak eta Gipuzkoako hainbat kargu publiko. Ekitaldi beran, gainera, Olano eta Goiaz gain, lurraldeko beste 24 udalerrietako hautagaiak ere aurkeztu dira. 

Datozen foru eta udal hauteskundeetan Euzko Alderdi Jeltzalearen izenean lurralde osoko zerrendaburu izango diren pertsonak Joseba Egibarrek, Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak, aurkeztu ditu. Bere hitzaldian nabarmendu duenez, “herri honetako seme-alabak gara, gure identitatea dugu eta euskara da gure nazio hizkuntza; Iparraldeko zein Hegoaldeko, herri bateko partaide garela jakitun izan behar gara gu guztiok. Gure lanarekin, hemen eta han, nazio eraikuntzan dihardugu”, azpimarratu du.

“Gaur eta hemen hartu behar ditugu erabakiak, kontuan izanda zein herritako kide garen eta zein Estatutan gauden”, azpimarratu du burukide jeltzaleak. “Askotan ahaztu egiten zaigu zein norabidetan doan bizi garen Europa: lotsagorritu egiten den Europa, bere eraikuntza politikoa zalantzaz betetako une batean dagoena; ez dute behar adina sinesten Europa politiko horretan, ez behintzat guk sinesten dugun Europa horretan”. Puntu honetan, gogoratu du zein egoera bizi duen Estatuak eta gogoan izan ditu “Kataluniako preso politikoak” eta “Altsasuko gazteak pairatzen ari diren injustizia”. “Horiek guztiak gure arazoak ere badira”, laburbildu du.

“Herri hau maitatzeko, ezagutu egin behar da, eta bertan bizi diren denak errespetatu; eta herri honekiko errespetu eta maitasun horretatik abiatuta, proiektuak aurkezten diren, arazoak konpontzen dituzten proiektu egingarriak; helburua da datozen belaunaldiei etorkizuneko bidea martxan uztea”. Honela laburtu du Egibarrek EAJ/PNVk etorkizun hori lantzeko duen filosofia. Gainera, ziur agertu da jeltzaleen zerrenden buru diren hautagaiak “gure balio erantsia direla”, proiektu politikoari sinesgarritasuna ematen diotenak, “gertutasuna eta burua eta bihotzaren arteko konbinazio egokiaren bidez”. “Herri berdinaren seme-alabak gara eta, denon artean, gure herri proiektua eraiki behar dugu; hori da gure ekarpena, EAJ/PNVren eskutik.

Euzkadi Buru Batzarreko presidente den Andoni Ortuzarrek, bere aldetik, Gipuzkoak legealdi honetan hobera egin izana azpimarratu du. Bere esanetan, Markel Olano 2015ean Aldundira iritsi zenean “katramilatutako Gipuzkoa topatu zuen, eztabaida antzuetan eta zentzurik gabeko arazoetan katigatuta. Esaterako, hondakinen kudeaketa edota eragile ekonomikoekin kontaktu eza”. Orain, arazo hauek gainditu dira eta Gipuzkoa etorkizunera begira jarri da, “ilusioz eta ziurtasunez, Etorkizuna Eraikiz bezalako erreminta indartsu baten eskutik. Honi esker, kontziliazioa, langileen partaidetza, zibersegurtasuna, elektromugikortasuna edota zahartze aktibo eta osasuntsua dira gipuzkoarrak gaur egun lantzen ari diren erronkak”.

Hau guztia dela eta, Ortuzarren ustez, gatazka eta polemika atzean utzi eta normaltasunaren lurraldea bihurtu da Gipuzkoa. “Bi urtetan, Gipuzkoak bronka handien lurraldea izateari utzi eta erronka handien lurraldea izatera pasa da; iskanbilaren lurraldea izatetik, kemenaren lurraldea izatera. Gipuzkoak badu etorkizuna, plan bat dauka: badaki nora doan, eta duela lau urte ez zen horrelakorik gertatzen. Gaur biak ditugu, oraina eta etorkizuna”. 

 

Etorkizunerantz

Markel Olanok, bere hitzaldian, gogorarazi du duela hiru urte Gipuzkoak etorkizuna kudeatzeko bi eredu kontrajarriren artean aukeratu behar izan zuela: “Eta gurea aukeratu zuen, elkarlana zatiketaren aurrean, akordioa inposizioaren aurrean, dinamismoa paralisiaren aurrean”. Bere ustetan, gipuzkoarrek hauteskundeetan hartutako erabaki hari esker lortu du Gipuzkoak iraganeko eztabaidak gainditu eta egungo egoerara iristea. “Orain ordua da eredu hori berriro ere aurrera eramateko: konfidantzan, aurrerabidean eta gizarte kohesioan oinarritutako eredua”, esan du. Olanok gogoratu duenez, egungo mundua etengabeko aldaketan dago eta abiada bizian doa aurrera. “Honen aurrean, bi aukera daude: errealitateari uko egin eta ostrukarena egitea, edota onartu eta erronkari erantzuteko lanean hastea. Bigarrengoa da gure apustua”, gehitu du.

Horrela, Olanok balioan jarri du Gipuzkoako Foru Aldundia Etorkizuna Eraikiz programaren bitartez egiten ari den ahalegina, lurraldea testuinguru berrira egokitzeko. “Proiektu honen bitartez, etengabe aldatzen ari den gizarte honi erantzuten ari gara, agenda politiko berria eskatzen duen mundu berri honi. Industria digitala, gizartearen zahartzea edota gizon eta emakumeen arteko berdintasuna kontuan hartzen dituen agenda politikoa, hain zuzen”, azaldu du. Olanok gogoratu duenez, lehiakorrak izaten jarraitu eta Europa mailan desberdintasun gutxien duten lurraldeen artean kokatzea dira Gipuzkoaren erronka nagusiak, baina ez du lortuko hauek gauzatzea garai berrien “trena galtzen badu”. “Horregatik diot ezinbestekoa dela lurraldearen agenda politikoa berritzea, eta norabide honetan lan egiten jarraitzera konprometitzen naiz, gainerako erakunde eta Gipuzkoako gizartearekin elkarlanean”, berretsi du. 

Hala ere, esan du Gipuzkoako etorkizuna eraikitzerako orduan “zer egiten dugun bezain garrantzitsua da nola egiten dugun”, elkarlanean aritzearen garrantzia azpimarratuz. “Politika zaharra iraungi egin da, porrotera bideratuta dago. Gizartearen inplikazioa lortu eta herritarren partaidetzara ireki ezean, ez du ezertarako balioko. Denon artean eraiki behar dugu etorkizuna, gizartea erdigunean jarri eta aldaketaren lidergoa emanez”, zehaztu du.

Eneko Goiak, bere aldetik, Donostiako alkatetza hartu zuenetik igarotako hiru urte hauen balorazio positiboa egin du: “Hiria geldirik zegoen, eta behar zuen astindua eman diogu”. Lurraldeari erreparatuz, hiruburuaren papera nabarmendu du, “ez baitago Donostiarik gabeko Gipuzkoarik”. “Donostiaren indarguneak osagarriak dira lurraldearekin, eskutik goaz”, adierazi du. Etorkizunera begira, esan du ziur dagoela biharko Donostia hobeagoa izango dela eta, bide horretan, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Markel Olano diputatu nagusiarekin dagoen harreman ona eta elkarlana azpimarratu ditu.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube