Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2018/03/23

Beasainen NAN-a berritzeko bulegoa ezartzeko eskaera egin du EAJ-PNVk Madrilen

Beren ordezkarien bitartez, aste honetan bertan EAJ-PNVk ofizialki eskaera egin du idatziz Diputatuen Kongresuan Beasainen zerbitzua berreskuratzeko helburuarekin. Aitor Aldasoro alkateak dagoeneko eskaera helarazi zion Javier de Andres Gobernuko ordezkariari Beasainera egindako bisitan eta aipatu eskaera formalki eta idatziz egin du aste honetan Joseba Agirretxea diputatu jeltzaleak Madrilen
Beasainen NAN-a berritzeko bulegoa ezartzeko eskaera egin du EAJ-PNVk Madrilen

Beasaingo EAJ-PNVk denbora darama NAN-a eta pasaportea berritzeko bulegoa Beasainen berrezartzeko aukera aztertzen. Honela, beasaindarrei zerbitzua ematez gain, eskualdeko eta inguruko herrietako biztanleei ere zerbitzua eskainiko litzaieke. Izan ere, eskaera onartuko balitz 60.000 herritar inguruk aterako liokete onura zerbitzuari, Gipuzkoan soilik 3 bulego baitaude NAN-a eta pasaportea berritzeko, bata Donostian, bestea Irunen eta berriki ateak zabaldu dituen azkena Eibarren.

Renfeko geltokiko obren inaugurazioa zela eta Javier de Andres Gobernuko ordezkariak Beasainera egindako bisitaz baliatu zen Aitor Aldasoro alkatea bulego berria Beasainen ireki dadin eskaera aurrez aurre egiteko.

Ondoren, Udalak aho batez onartu zuen bulegoa zabaltzeko eta zerbitzua berreskuratzeko eskaera egitea eta beraz, idatziz Gobernu Ordezkaritzari bidali zitzaion eskakizuna. Udalaz gaindiko gaiak izanik, eta gai horiekin egin ohi den moduan, Euzko Abertzaleak taldeak bere egin du Beasaingo eskaera eta Diputatuen Kongresuan dituen ordezkarien bitartez eskaera aurkeztu du Madrilen berriz ere NAN-a eta pasaportea berritzeko aukera ezarri dadin Beasain.

Joseba Agirretxea diputatu jeltzalea arduratu da eskakizuna ofizialki Diputatuen Kongresuan aurkezteaz eta nabarmendu du izaera honetako eskaerak denboran luzatu ohi direla eta ez dutela berehalako erantzunik jasotzen, “dena den gertutik jarraituko dugu gaia eta behar adina aldiz galdetuko dugu gaiaren inguruan beasaindarrek eta zerbitzua erabil dezaketen herritarrek ahalik eta azkarren erantzun bat izan dezaten”.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube