Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2018/01/25

Euzko Abertzaleak taldeak Sustapen Ministroari adierazi dizkio Urnieta eta Legazpiko tren geltokietarako prestatu diren egitasmoen inguruan dituen kezkak

Iñigo Barandiaranek De la Sernari Legazpiko geltokiko obrak egingo diren egutegia eskatzeaz gain, Urnietako proiektuaren inguruko ezbaiak konpontzea erreklamatu dio

EAJ-PNVren Euzko Abertzaleak legebiltzar taldeak Sustapen Ministroari adierazi dizkio gaur Urnieta eta Legazpiko tren geltokietarako prestatu diren egitasmoen inguruan dituen kezkak eta ardurak.

Diputatuen Kongresuan Iñigo de la Sernak hurbileko zerbitzuetan ematen ari diren matxura eta istripu ugarien inguruan azalpenak emateko agertzea eskatu zaiolarik, Iñigo Barandiaran Sustapen Batzordeko bozeramaile jeltzaleak gogora ekarri du, berrikitan, Aretan eta Legazpin, bi gazte trenak harrapatuta hil direla geltoki horietan behar besteko segurtasun neurriak falta zirelako, eta ministroari eskatu dio halako istripuak saihesteko “inbertsio handiagoa” egitea.

Hain zuzen ere, Legazpiko geltokian abenduaren 30eko istripuaz geroztik segurtasuna hobetzeko egin behar diren lanei dagokienez, Barandiaranek eskertu du Ministerioak konponbidea “horren arin” bilatu izana eta Gipuzkoako udalarekin adostu izana. Dena dela, diputatu jeltzaleak lanen egutegiari buruzko zehaztapenak eskatu ditu eta lan horiek “albait arinen” hasteko eskaria egin du.

Beste alde batetik, Barandiaranek kritikatu du ADIFek hainbatetan egiten dituen proposamenen eta Udalek eskatzen dutenaren artean ematen den “disfuntzioa”. “Batzuetan ezbaiak daude ADIFen egitasmoen eta Udal batzuek Ministerioari bidalitako planteamendu orokorraren artean, Urnietako geltokiko proiektuarekin gertatzen den bezala” azaldu du Barandiaranek. Hori dela eta, Ministroari eskatu dio “komunikazioa hobetzea” eta ADIFek esku hartuko duen herrietako Udalekin edo Ministerioko beste erakunderekin ados jartzea “konponbideak trenbide alorrean integralak izan daitezen eta hiritargoaren zerbitzura egon daitezen”.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube