Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2016/12/31

Egibarrek elkarrizketa, negoziazioa eta akordioen aldeko apustua nabarmendu ditu Lehendakariaren urte bukaerako mezutik

“Erakunde politiko guztientzako lanerako bidea marraztu du, baina baita suspertze ekonomikoarekin, babes sozialerako ereduarekin eta, aldi berean, bakearekin, elkarbizitzarekin eta autogobernuarekin zerikusia duten agente sozial eta ekonomientzako ere” adierazi du
Egibarrek elkarrizketa, negoziazioa eta akordioen aldeko apustua nabarmendu ditu Lehendakariaren urte bukaerako mezutik

Joseba Egibar EAJ-PNV legebiltzarkide taldearen bozeramaleak elkarrizketa, negoziazioa eta akordioen aldeko apustua nabarmendu ditu Lehendakariaren urte bukaerako mezutik. Alderdi politikoetatik haratago doan apustua dela nabarmenduz, “erronka erakunde politiko guztientzako eta gizarte osoarentzako da”.

Bere esanetan, “urtea aldatzeak ez ditu bukatzen den urteko arazoak konpontzen, ezta konponbideak ekartzen edo bizkortzen ere”, eta azpimarratu du, gainera, Lehendakariak “perspektibarekin hitz egin duela: nondik gatozen, zein helburu jarri dizkiogun geure buruari eta nola lortu genitzakeen jarri ditugun helburu horiek guztiak” kontuan hartuz.

“Helburuak ezagutzen ditugu” adierazi du. Eta aipatu egin ditu: “ekonomia indarberritzea, enplegua sortzea eta enplegu hori kalitatezkoa izatea; aldi berean, gizarte babeserako sistema sendotzea; eta, bistan denez, guztion artean behar dugun elkarbizitza eta bake esparrua behin betiko egituratzea, gure esku baitago horiek finkatzea; eta horrekin batera, autogobernuaren norabide eta eduki berriaren oinarriak jartzea, beti ere gizarte eta herri honi eragiten dien politika publiko guztien jabe egiteko behar duen garapen politikoa behar duen neurrian”.

Hori dela eta, helburu horiek lortzeko – elkarrizketa, behar den negoziazioa eta akordioak – Lehendakariak proposatutako metodoak “erakunde politiko guztientzako lanerako bidea marraztu du, baina baita suspertze ekonomikoarekin, babes sozialerako ereduarekin eta, aldi berean, bakearekin, elkarbizitzarekin eta autogobernuarekin zerikusia duten agente sozial eta ekonomientzako ere”.

“Hori da formula: guztion indarrak batzen baditugu, aurrera egingo dugu” esan du. “Hortik aurrera, argi dago erronka erakunde politiko guztiena eta gizarte osoarena dela” erantsi du. “Lehendakariak alde horiek denak azpimarratzerakoan perspektiba bat erabili du, bere etorkizunaren jabe izan nahi duen Herriaren ikuspuntua, alegia, bide orria berrestu nahi duenarena eta guztion lankidetza behar duenarena” zehaztu du.

 “Erakunde arteko akordioak ez du batuketaren eragina bakarrik, eragin biderkatzailea du gizartearen aurrean; eta nik uste du hori dela politikoki Lehendakariak planteatzen duen desafioa, Eusko Jaurlaritza eta Eusko Legebiltzarretik haratago, gizarte osoan zabal dadin” bukatu du.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube