Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2016/06/14

EAJ-PNVrentzat Abiadura Handiko Trena herri bezala hazteko etorkizuneko ardatz estrategikoa da

Jeltzaleek Madrilen lanean jarraituko dute Euskadin 2019rako Abiadura Handiko Trenbide sarea bukatuta egon dadin

EAJ-PNVk, Abiadura Handiko Trenaren apustu irmoaren alde, Irungo Mendibil parkean ekitaldi bat antolatu du gaur goizean. Agerraldi honetan, Gipuzkoatik Kongresurako eta Senaturako hautagaiak diren Joseba Agirretxea eta Maria Eugenia Iparragirrek parte hartu dute. Hautagaiekin batera, Ana Oregi Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua eta Eider Mendoza Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea izan dira, besteak beste.

Bertan, Joseba Agirretxeak “herri bezala hazi beharra dugu eta herri kohesionatu bilakatu, munduaren aurrean azaltzeko” adierazi du. Horretarako AHTa euskal nazioaren ardatz estrategikoa dela ziurtatu du. Agirretxearen hitzetan, AHTa ezinbestekoa da Euskadiren garapenerako. Estrategikoa izan da baita Europar Batasunarentzat, baina ez da horrela izan Estatuarentzat. Agirretxeak gaitzetsi egin du aurreko kanpainan bezala egotea: “duela sei hilabete hemen izan ginen eta zoritxarrez ez da ezer aldatu”, horregatik Madrilera eskari berdinarekin joango direla gehitu du.

Gipuzkoatik Kongresurako hautagaiak nabarmendu nahi izan du EAJ-PNV izan dela Abiadura Handiko Trenaren alde gehien egin duen alderdia. Agirretxeak esan duenez, “Euskadin beti entzun ditugu diskurtso ezkorrak eta demagogiaz beterikoak; baina guk ezinbestekoa den azpiegitura honen alde egingo dugu”.

Joseba Agirretxeak adierazi duenez, “proiektu hau gizarte eta herri proiektu batetik sortzen den elementu gehigarria da”. EAJ-PNVren ustetan, AHTaren proiektua Euskal Nazio eraikuntzaren zutabe bat da. Agirretxeak esan duenez “Espainiarekin, Frantziarekin baina bereziki Europarekin eta inguruko herriekin konektatzen gaituen behar-beharrezko bizkar hezurra da”. Euskal instituzioak esfortzu berezia egiten ari dira lurraldearen ekonomia sustatzeko eta garatu ahal izateko azpiegitura honen beharra adierazi du Agirretxeak.

Maria Eugenia Iparragirrek “Europar Batasunak ‘Y’ Europa eraikitzeko, garapen ekonomikoaren alde, lehiakortasunaren alde eta lurralde kohesiorako” proiektatu zuela nabarmendu du. Horregatik, Iparragirreren ustetan, Euskadik ezin dio proiektu honi uko egin: “figuratiboki eta literalki, tren honi ezin diogu alde egiten utzi”.

Era berean, Iparragirrek balioan jarri nahi izan du Frantziako gobernuak Euskadirako konexioa garrantzitsutzat hartu izana, Premiazko Erabilera Publiko bezala, eta Madrilen Espainiako gobernuak ere aintzat hartzea eskatuko duela adierazi du. Espainiako Ministroak 2019rako euskal sarea egina egongo dela hitza eman zion Iparragirreri eta Espainiak agindutakoa bete dezan egingo dute lan jeltzaleek.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube