Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Aurreko foru gobernuak ia 14 milioi euroko zulo ekonomikoa utzi duela jakinarazi du Aldundiak
2016ko aurrekontua 813 milioi eurokoa izango dela aurreratu du Imanol Lasa foru bozeramaleak. Agerraldi berean eman du datuaGipuzkoako Foru Aldundiak 2016ko aurrekontuak onartuko ditu ostiral honetan egingo den Ezohiko Diputatuen Kontseiluan. Ondoren, kontuan Batzar Nagusietara eramango dira, bertan aurkeztu eta eztabaidatzeko. Hala jakinarazi du gaur Imanol Lasa foru bozeramaleak. Ostiralean bertan, Markel Olano diputatu nagusiak eta Jabier Larrañaga Ogasun eta Finantzetako diputatuak xehetasun guztiekin aurkeztuko dute aurrekontu proiektua. Hala eta guztiz ere, zenbait datu orokor aurreratu ditu Lasak. Hala, 2016ko aurrekontu propioa 813 milioi euro ingurukoa izango da, hau da, aurtengoa baino %5,4 gehiago -42 milioi-.
Kopuru horren zatirik handiena, ia %47, politika sozialetara bideratuko da, hirugarren adinekoen arretara, batez ere. Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako departamentuak, berriz, aurrekontuaren %10 hartuko du ia. Kopuru orokor horiek ondo islatzen dituzte Kudeaketa Planean jasotako lehentasunak, foru bozeramaleak azaldutakoaren arabera. “Hau da, jarduera ekonomikoa bultzatzea, giza babeserako sistemari eutsi eta indartzea, eta Lurraldeko proiektu estrategikoak martxan jartzea”.
Nolanahi ere, oztoporik ez da falta izan datorren urteko kontuak osatzerakoan. Izan ere, adierazi duenez, aurreko foru gobernuaren kudeaketak “nabarmen” baldintzatu ditu lanak, txarrerako. “2015 aztertzen badugu, 13.985.391 euroko zulo ekonomikoari egin beharko diogu aurre. 2016ko aurrekontuetan sartu beharko dugu gastu hori. Kopuru horretatik, 8.621.056 euro Politika Sozialetako departamentutik datoz, eta gainerakoa, 5.364.335 euro, Lurraldebusen egindako kudeaketaren ondorio da”, zehaztu du.
Azken kasu horretan, Marisol Garmendia diputatuak Batzar Nagusietan egindako agerraldian esplikatu zuen bezala, desbideraketa horren zati bat “Bilduk esleitutako garraio lerro berriei” egotzi behar zaie. “Horietako batzuen erabilera maila Gipuzkoako baxuena da, %5 eta %7 bitarteko okupazio tasekin. Horrek esan nahi du ia hutsik doazela, eta nekez justifikatu daitezkeela. Garraio publikoa defizitarioa izan ohi da, baina kasu honetan diru galera arrazoizko mugak nabarmen gainditzen ditu”, adierazi du Lasak.
Haren esanetan, erabakiak parte-hartze prozesuetan oinarrituta hartu direla esateak, ez du balio aitzakia gisa. “Gauza bat da eskaera bideragarri eta beharrezkoak gauzatzea, eta bestea baliabideak xahutzea, premia handiagoak asetzeko erabil litezkeen baliabideak, ez dezagun ahaztu, propaganda eta kanpaina egiteko”. Ildo horretan, gogora ekarri ditu aurrekontu parte-hartzaileei lotuta aurreko foru gobernuak agindutako 20 milioi euroak. “Horiek ere ez daude inon jasota, ezta Bilduk berak egindako aurrekontu proposamenean ere”.
Politika Sozialetako departamentuan sortutako defizita, berriz, 8,6 milioi euroan zenbatu du. Horiek ere, aurreko gobernuaren kudeaketa txarrarekin edo prebisio faltarekin “lotu beharrekoak”. “Erabakiak hartu eta gastuak, hitzarmenak eta programak konprometitu dira aurrekontuetan diru-atalik txertatu gabe, Batzar Nagusietan informatu gabe, eta azken orduan pozoitutako herentzia utziaz, jakinda gainera aukera bazegoela gobernu aldaketa egoteko. Erabakiak ez zituzten politikoki adostu, eta bideragarritasunaz ere ez ziren kezkatu. Beraz, benetan larria da”, ondorioztatu du.
Kudeaketa politikoaren ikuspegitik, Lasak “arduragabetzat” eta “zintzotasunik gabekotzat” jo du lan egiteko modu hori. “Ezin da sekulako promesak egiten aritu, esan gabe nola ordainduko diren aldaketa eta neurri berriak, nondik aterako den dirua, eta, batez ere, nondik kenduko den. Premia askori eman behar die erantzuna Aldundiak, eta denonak diren baliabideak modu zorrotz eta eraginkorrean kudeatu beharrean, demagogiaz eta elektoralismoaz jokatu dute, promesak eginaz nola beteko dituzten argitu gabe”.
Edozein modutan, baikor agertu da. “Uste dugu politika eredu hori iraganeko kontua dela, edo izan beharko lukeela. Hala aldarrikatu dute gipuzkoarrek hauteskundeetan. Guretzat, zer egingo dugun bezain garrantzitsua da nola egingo dugun. Aurreko agintarien jokabideak zenbakiak lotzeko ahalegin handia egitera behartuko gaitu, eta uste genuen gipuzkoarrek eskubidea zutela guzti hori jakiteko. Baina konprometitutako gastu guztiei aurre egingo diegu. Gipuzkoaren garapen sozial eta ekonomikoan eragiteko aurrekonturik onenak osatzea lortu dugu”, nabarmendu du.
Diputatuen Kontseilua
Agerraldi berean, atzoko –asteartea- Diputatuen Kontseiluan hartutako erabakiak ere aztertu ditu foru bozeramaleak. Besteak beste, dotazio ekonomikoa onartu da abenduan bonokultura ezartzeko, eskualdeetako arretarako kirol bulegoen kudeaketarako lehiaketa deitu da, eta ‘Gipuzkoa, ekiten duen Lurraldea’ egitasmoa martxan jarri. Egitasmo horren baitan diru-laguntzak eskainiko dira Gipuzkoako enpresetan elkarlanerako formulak eta adimen lehiakorra sustatzeko, dotazio ekonomiko garrantzitsuarekin. Ainhoa Aizpuru diputatua izango da, bihar, horren inguruko argibide guztiak eskainiko dituena.
Azkenik, Diputatuen Kontseiluak adostasuna agertu zion Belauntzako –Tolosaldea- Hiri Antolaketarako Plan Orokorrari. Joan den uztailaren 20an onartu zuen bertako Udalbatzarrak. Horri esker, 1990ko Arau Subsidiarioak berrikusi eta eguneratu ahal izango dira.
Nabarmenak...
GBB
2024/11/21
Berria
2024/11/11
DONOSTIA
2024/11/05
Gipuzkoa
2024/10/31
DONOSTIA
2024/10/28
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2018/08/31