Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2015/06/23

Markel Olanoren gobernua ausarta, eraginkorra eta inposiziorik gabekoa izango da, eta herritarrei hitza emango die

Batzarkide-talde jeltzalearen bozeramaileak azpimarratu du, EAJ-PNVk herritarrei eskaintzen diela konpromiso etikoa, demokratikoa eta politikoa eta, horretarako, jeltzaleak elkarrizketaz, gizarte-, politika- eta ekonomia-eragileekin elkarlanaz, eta zintzotasunez baliatuko direla
Markel Olanoren gobernua ausarta, eraginkorra eta inposiziorik gabekoa izango da, eta herritarrei hitza emango die

EAJ-PNVren batzarkide-taldearen bozeramaile Maria Eugenia Arrizabalagak esan du Markel Olanoren aginteko foru gobernua ausarta, eraginkorra eta inposizioarik gabekoa izango dela eta, gainera, herritarrei hitza emango diela. Adierazpenok egin ditu diputatu nagusi izendatzeko Gipuzkoako Batzar Nagusietako osoko bilkuran. Ildo beretik, honakoa gogorarazi du: “Duela lau urte legeztatzeak eta ezker abertzaleak soilik bide politiko eta demokratikoen alde egiteak suposatu zuten herritarrek Bilduren alde egitea. Baina, behin Bilduren kudeaketa ikusita, herritarrek beste eredu baten alde egin dute. Eta hautu hori egin dute, ezker abertzaleak Gipuzkoan kudeaketa kaxkarra egin duelako, bere iritzia inposatzen saiatu delako eta elkarrizketarako gaitasunik izan ez duelako”.

Horrenbestez, Arrizabalagak azpimarratu du, EAJ-PNVk herritarrei eskaintzen diela konpromiso etikoa, demokratikoa eta politikoa eta, horretarako, jeltzaleak elkarrizketaz, gizarte-, politika- eta ekonomia-eragileekin elkarlanaz, eta zintzotasunez baliatuko direla. Hortaz, batzarkide-talde jeltzalearen bozeramaileak gaineratu du, bere helburu nagusia segidakoa izango dela: “Herritarren ekonomia- eta gizarte-garapena bermatzea, izan ere, ekonomiaren garapena ezinbestekoa da gizarte kohesioa, eta norbanako zein taldeko dignitatea lortzeko, hain zuzen ere, gizarte-justiziak eskatzen duen norbanako zein taldeko dignitatea”.

Era berean, Maria Eugenia Arrizabalagak kritikatu du, EH Bilduk erakutsi duela zein den bere konpromiso etiko, demokratiko eta politikoa: gainerakoen urratzeak salatu ditu, baina ez da hain zorrotza izan ETAren urratzeak salatzeko. Gainera, EH Bilduk elkarbizitza normalizatzeko hutsune handiak eta akordioak lortzeko gaitasun eza erakutsi ditu. Horiek horrela, bozeramaile jeltzaleak honakoa esan du: “Herritarrak konturatu dira ezker abertzalearen ereduak inposizioa duela oinarri, beti, parte-hartzea komeni zaionean erabiliz eta komeni ez zaionean erdiko kaletik joaz”.

Ekonomiari buruz, Maria Eugenia Arrizabalagak adierazi du, gizarte-justizia dela EAJ-PNVren ardatz nagusia. Baina baldin eta enpresek sortzen dituzten baliabide nahikoak ez baditugu, ezingo dugu gizarte-justizia bermatu eta politika publikoak garatu. Beraz, enpresak zaindu behar dira eta, horretarako, inguru egokia izan behar dute, izan ere, enpresak ez dira ekonomiaren eragile izango, baldin eta agintariek areriotzat badituzte. Horren harira, Arrizabalagak salatu du, Martin Garitano diputatu nagusiak lehengo legealdian behin eta berriro uko egin ziola krisiari aurre egiteko plangintzak egitera, bere ustez, ez zutelako ezertarako balio. Eta bakarrik legealdiaren amaieran hainbat keinu egin dituela, baina ez direla nahikoak izan. Hortaz, kritikatu du, EH Bilduk ez duela inoiz serio hartu ekonomia produktiboaren aldeko erronka eta enpresen aurka egin duela aurreiritzi ideologikoak dituelako. Era berean, esan du, Markel Olanoren aginteko gobernuak kontuan izango dituela enpresak – txikiak, ertainak eta esportatzeko gaitasuna dutenak –, kooperatibak eta elkarte merkantilak, autonomoak eta dendari txikiak. Izan ere, gipuzkoarrek horietan guztietan lan egiten dute.

Zerga politikari buruz ere hitz egin du Maria Eugenia Arrizabalagak. EAJ-PNVren batzarkide-taldearen bozeramaileak adierazi du, Fortuna Handien gaineko Zerga oso kaltegarria izan dela ekonomiarentzat, izan ere zergak ez dira gainerako lurraldeekin bateratu, eta ondorioz, enpresak beste lurraldeetara joateko arriskua egon da, hau da, gipuzkoarren hainbat lanpostu beste lurraldeetara joateko arriskua egon da. Hortaz, Arrizabalagak zerga politika egoki, progresibo eta zerbitzu- zein gizarte-politika publikoak bermatzen dituen zerga politikaren alde egin du. Hau da, jeltzalearen ustez, zerga-politikak sortu behar ditu, besteak beste, ekonomia-jarduera, enpresetan kapitala, inbertsio produktiboak, enplegua, eta ingurumenean hobekuntak, hots, zerga politikak Gipuzkoaren lehiakortasunaren alde egin behar du.

Hondakinen kudeaketari buruz, batzarkide-talde jeltzalearen bozeramaileak bereak egin ditu Markel Olanoren hitzak: “Hemendik aurrera Gipuzkoako Batzar Nagusien borondatea errespetatuko da eta, bertan, lan egingo dugu, birziklatzearen alde eta hondakinak tratatzeko azken fasea Europako herrialde aurreratuenetan egiten den bezala egitearen alde”. Hori, Maria Eugenia Arrizabalagaren ustez, EH Bilduk orain arte egindakoaren guztiz kontrakoa da. Izan ere, EH Bilduk ez du Batzar Nagusien gehiengoak onartutako Foru Araua errespetatu, egindako guztia suntsitu du, guztia epaileengana eraman du, eta, gainera, atez ateko bilketa-sistema inposatu du, beti, 70.000 gipuzkoarren sinadurak, hain zuzen ere, atez ateko bilketa sistemaren aurkako sinadurak, kontuan hartu gabe.

Gainera, Arrizabalagak salatu du, EH Bilduk hainbat gai erabili nahi izan dituela alderdikeriaz – besteak beste, Bidegi, errepideen kudeaketa eta azpiegiturak – eta, horrek, helburu bakarra izan duela: “Arerio politikoari erasotzea eta garaile izatea kosta ala kosta. Eta ondorioz, gauza bakarra lortu du: herritar askok pentsatzea alderdi politiko abertzaleen arteko elkarlana ezinezkoa dela”.

Azkenik, hona hemen EAJ-PNVren batzarkide-taldearen bozeramailearen hitzak: “Legealdi honetan, hainbat gai lehenetsiko ditugu, hain zuzen ere, konpontzeke gelditu diren gaiak, besteak beste honakoak: Deskargako errepidea amaitzea, Pasaiako badiaren birsorkuntza, Donostiako Metroa, Etxegarateko bidesaria edo N-Ia berritzea. Gainera, elkarlanean oinarritutako gizarte-politikaren ereduaren alde, zergak bateratzearen alde, ekonomiarentzat kaltegarriak diren ekimenen alde edo Tabakaleraren proiektua martxan jartzearen alde egingo dugu”.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube