Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2015/05/06

Gipuzkoako EAJ-PNV hauteskundeak irabaztera aterako da, Donostian eta Gipuzkoan gobernatzeko

Egibar ziurtatu du jeltzaleen boluntario sareari eta hautagaiei esker, Gipuzkoak behar duen aldaketarako motorra izango dela alderdia.
Gipuzkoako EAJ-PNV hauteskundeak irabaztera aterako da, Donostian eta Gipuzkoan gobernatzeko

Gipuzko Buru Batzarreko presidentea, Joseba Egibar, ziur da “EAJ-PNV izango dela lurraldean behar duen aldaketarako motorra”. Bihar hasiko den kanpainaren aurkezpenean, aurreratu du bere alderdia “hauteskundeak irabaztera aterako dela, Donostian eta Gipuzkoan gobernatzeko”. “Gipuzkoarrek emango diote EAJ-PNVri aldaketaren ardura eta gipuzkoarrek utziko dute Bildu boteretik kanpo”, adierazi du.

Egibarrek aurreratu du kanpainaren ezaugarrietako bat izango dela “hautagaien eta boluntarioen konpromisoa eta ahalegin batura”. Izan ere, jakinarazi du gizon eta emakume boluntarioen sare bat lanean ari dela azken hilabeteotan EAJ-PNVren eskutik Gipuzkoa blokeotik atera eta lurraldeari behar duen aldaketa emateko. “Orain, inoiz baino gehiago, lanean jarraituko dugu gipuzkoarren eskurik gobernatzeko garaia heldu zaigulako”, adierazi du.

GBBko presidenteak zehaztu du zeintzuk izango diren bere alderdiaren proiektu politikoaren ardatzak datozen urteetarako: bake eta bizikidetza eszenatokia finkatu, industria eta ekonomiaren aldeko apustua berretsi, gipuzkoar guztientzako babes sistema bermatu, eta Euskadik Herri bezala daukan etorkizun politikoa garatu. “Hori izango da auzoz-auzo eta herriz-herri zabalduko dugun mezua, eta, gipuzkoarren eskutik, lortuko dugu Donostia eta Gipuzkoan gobernatzea”, erantsi du.

Kazetariek pasa den asteburuan Andoainen gertatutako erasoari buruz galdetu diote Egibarri. Alegia, arrazoi politikoengatik EAJ-PNVko afiliatu batek jasan zuen erasoa eta Bilduko alkateak hori gaitzesteko Bozeramaileen premiazko Batzordea deitu ez izanaren inguruan. “Gertatutakoa oso larria da alkateak ez baitu gertatutakoa gaitzetsi, bere ardurak saihestu ditu.Ezker abertzaleak aukera paregabea galdu du bere iritzia eman, gaitzetsi eta erasotzaile gazteengandik urruntzeko. Gazte horiek iraganeko jarrerak alboratu behar dituzte”, esan du.

Gipuzkoako Aldundiak Bidegiren kereila handituko duela iragarri duela eta, kazetariek albistearen inguruko balorazioa eskatu diote Egibarri. Ziurtatu du benetan lasai dagoela bere alderdia, eta kereilaren albistea “ezker abertzaleak EAJ-PNV eragozteko diseinatu duen agenda paraleloan” kokatu du. Jakinarazi duenez, besteak beste, agenda horretan daude Kutxabank, Bidegi, frackin-a eta AHT gaiak. “Badakite ez dagoela ezer ere, baina euskal Stasi-aren modura jokatzen dute: Arerioa suntsitzea da haien helburua, Gipuzkoan boterea galtzeko arriskuan daudela ikusteak ikaragarrizko beldurra sortzen dielako”, azaldu du. Bere iritziz, “ezker abertzalearen jarrera etikoki gaitzesgarria da, eta abertzaleen ikuspuntutik, erabat etsigarria”. Ondorioztatu du argi gelditu dela “ezker abertzalea edozertarako gai dela botereari eusteko”.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube