Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2015/04/26

Ortuzarrek eta Urkulluk hiritargoari eskaintzen diote EAJ-PNV-ren lidergoa eta ekimen koordinatua, krisia atzean uzteko eta “garai berriari” ekiteko

Alderdi Eder lorategian elkartu diren 5.000 hautagai, alderdikide eta alderdizaleen aurrean, EBBren presidenteak eta Lehendakariak gipuzkoar, arabar eta nafarrei eskatu diete EAJren eskuetan uztea beren herrialdeetan behar den aldaketa, gaur egun EH Bilduk, PPk eta UPNk zigortuta daudelako.
5.000 alderdikide, alderdizale eta hautagai bildu

Argazkiak...

“EAJ-PNV-k gobernatzen duen tokietan, gauzek funtzionatu egiten dute. Beste batzuk dauden tokietan iskanbila eta zalaparta baino ez dago. Jakin badakigu zer den Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egin behar dena. Nafarroan ere bai. Jakin badakigu zer den Donostiari, Gasteizi eta Bilbori komeni zaiena. Eta, Iruñari komeni zaiona ere bai. Baina, bakarrik ezin dugu. Horregatik, arabarrei, gipuzkoarrei eta bizkaitarrei eskatu nahi diegu beren botoen bidez lan horretan beharko dugun indarra ematea. Zalantzarik egon ez dadin, etorkizuna EAJ-ren eskuetan jar dezatela. Aldaketaren indarra izan daitezela.Ilusioz eta aukeraz jantzitako aldaketa. Ez diegu kale egingo. Era berean, ez diegu huts egingo Geroa Bairen alde egingo duten nafar emakume eta gizonei”.

Andoni Ortuzarrek, Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak, euskal hiritargoari eskatu dio gaur, konfiantza izan dezala, beste behin ere, EAJ-PNV-k, euskal aberria zuzentzeko duen lidergoan eta gaitasunean, maiatzaren 24an hasiko den “aldi berri “ honetan. Donostiako Udalaren ondoan, Alderdi Eder lorategietan ospatu den ekitaldi politikoan egin du, bertan elkartu diren talde jeltzalearen 5.000 hautagai, alderdikide eta alderdizaleren aurrean. Ortuzarrez gain, ekitaldi berean parte hartu dute Iñigo Urkullu Lehendakariak; anfitrioi lana egin duen Donostiako EAJ-PNV-ren alkategai Eneko Goiak; Euskadiko ahaldun nagusirako hiru hautagai jeltzaleek, hala nola, Markel Olanok (Gipuzkoa), Ramiro Gonzalézek ( Araba) eta Unai Rementeriak ( Bizkaia); eta Napar Buru Batzarraren presidentea izateaz gain, Nafarroako Parlamenturako Hauteskundeetan Geroa Bairen zerrendan bigarren joango den Manu Ayerdik. Ekitaldi honen bidez, EAJ-PNV-k urtarrilaren 18an Durangon “ Euskadi Hazi Arazi” goiburupean hasi zuen aurre-kanpainaren amaiera ofiziosoa egin du.

“Krisi ekonomikoa atzean uzten ari gara. Lehen udal hauteskundeak dira gure inguruan bortxakeriarik gabe eta inor kanpoan utzi gabe. Bakea eta bizikidetza finkatzeko aldia da. Eta, gure autogobernuan aurrera egiteko aldia ere bada. Herrialderik ezin da geratu bidean datorren aurrerapenetik kanpo. Eta, inor atzean geratuko ez dela baieztatzeko modu bakarra izango da EAJ-PNV-ren lidergoa. Une honek batasuna eta koordinazioa exijitzen du, euskal erakundeen arteko lan bateratua. EAJ-PNV-k erakunde horiek lideratzeko ardura badu, hori errealitate bat izango da. EAJ alderdiak baino ez du udalerri eta herrialde bakoitzerako egitasmoa eta, horrez gain, Euskadi osorako egitasmo globala ere badu, Euskal Nazio Europan. Ikusi dugu Araban eta Gipuzkoan esperimentuek zer ondorio uzten duten. Esan ohi da esperimentuak gaseosarekin egin behar direla. Hori bai, pertsonekin inoiz ere ez. EH Bilduk zer utzi du hemen lau urte hauen buruan? Inposizioa, lan eskasa eta inplikaziorik eza arazo ekonomikoekin,enpresekin eta enpleguarekin. Eta Araban, berdin. Modernoa, aurrerakoia, berdea, eredugarria zen Gasteiz hiria…. orain albisteetan irteten da arrazakeria eta ustelkeria kasuengatik, euskararen kontra joateagatik, eta hori dena PPri esker. EAJ horren guztiaren kontra dago. Horregatik, egoera horiei guztiei aurre egiteko, benetan iraultzailea den boto bakarra da EAJren alde eman daitekeena. EAJ da Bilduren inposizioaren kontra eta PPren manipulazioaren kontra egin ahal duen bakarra. Iraultzaileak gara, hori bai, baina kausa batekin”.

Urkullu Lehendakariak,bere aldetik, ekitaldian batzartu diren lagunen aurrean gogoratu du “pertsona eta bere duintasuna” direla EAJ-PNV-en jardun politiko eta instituzionalaren helburu bakarra. “ Ideario humanista defendatzen dugu, justizia sozialean oinarritua. Gure eredua da babestea, ekonomia produktiboari laguntzea enplegua sortzeko.Kooperazioa da gure alternatiba. Gure alternatiba ez da inposizioa edo trintxera batean egotea, gobernatzea adostea delako.Gure alternatiba da itxaropena. Itxaropena ezkortasunaren aurrean, oposizio erradikal eta apurtzailearen aurrean, `beti ez esatearen eta denari ez esatearen´ aurrean. Gu baikorrak gara, helburu positiboak ditugu gure Herriari etorkizun hobea eskaintzeko. Lana da gure alternatiba. Egitasmo bat dugu udalerri bakoitzarentzat, herrialde bakoitzarentzat. Zehatza. Egintzak nahi dituen Herriarentzako proposamenak. Hori da Euzko Alderdi Jeltzalearen konpromisoa. Egintzak! Ekinez eginak”.

Urkulluk iragarri du hauteskunde aldian beti daudela “ edozer egiteko prest daudenak, gutxietsi,mesprezatu edo pasatzen utzi zutena berenganatzea barne. Gernikako Estatutuaren trena eta Garaikoetxearen Gobernuak Bakearen alde deitu zuen Mahaia utzi zuten pasatzen. Nafarroarekin Erakunde Komuna izateko trena utzi zuten eta Ardanzaren Gobernuak bortxakeriari elkarrizketa bidez amaiera emateko proposamena ere bai. Ibarretxe Gobernuaren Estatutu Politiko Berriaren trenari ere muzin egin zioten. Lizarrakoa eta Loiolakoa ere errefusatu zuten. Dena utzi dute. Eta, tren guztiak pasatzen utzi dutenak orain geltokian daude geldi. Herriak zerotik hastea nahi dute. Ez gara zerotik hasten, Euskadi Nazio gisa hazi da. Euskadiko trena martxan eta irekita dago, denontzako lekua dago. Printzipioekin, konpromisoarekin eta errespetuarekin, denon artean lan egiteko prest egongo gara. Euskadiren etorkizunerako trenera igo ahal dira, baina ezin dute espero, beraiek igotzeko beste batzuk jaitsi daitezela. Euskadi guztion artean eraiki behar dugu. Euskadi anitza da eta etorkizuna ezberdinen arteko integrazioan oinarrituta eraiki behar dugu”.

Eneko Goiak ekitaldia hasi du ia osorik Donostia bere hiriari dedikatu dion diskurtsoarekin. Goiak EAJ-PNV osatzen duten pertsona guztiei adierazi die bere esker ona “Donostiaren aldaketa bilatzeak suposatzen duen erronkaren alde eman duten laguntasunagatik eta inplikazioagatik, gero eta beharrezkoagoa eta premiazkoagoa den aldaketa. Gaur egun, EAJ-k ordezkatzen duen aldaketa. Gure hiriarentzat egitasmo bat dugulako. Ilusioa pizten digun egitasmoa; irekia, anitza, donostiar emakume eta gizon guztiak barnean hartzen dituena. Dogmatismorik eta sektarismorik gabe. Donostiaren etorkizuna ordezten duen egitasmoa. Erakunde guztiekin lankidetzan jarduten jakingo duen Donostia hiria, Eusko Jaurlaritzaren eta gure aldundiaren inplikazioa eskatzeko orduan zorrotza izanik, unean uneko apustuei aurre egiteko orduan; baina, aldi berean, eskuzabala, Euskadi egitasmoari bere ekarpena egiteko orduan”.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube