Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Eneko Goiak, Donostia adimentsuaren etorkizuneko diseinua aurkeztu du europar konferentzia batean
Donostia ON aplikazioaren berri eman du, Europar Legebiltzarrarekin batera antolatu diren demokrazia digitalari buruzko jardunaldietanInstitute of European Democrats erakundeak, Europar Legebiltzarrarekin elkarlanean antolatu dituen laneko jardunaldietan parte hartu du Eneko Goia EAJ-PNVko Donostiako alkategaiak. San Marinoko Errepublikan antolatu dira, 'Digitocracy: Smart City Workshop' izenburupean, eta informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriek izan dezaketen eragina aztertzea izan dute helburu, tamaina txiki eta ertaineko hirietako biztanleen bizi-kalitatea hobetzeko, eta hirien kudeaketa “modernoagoa, eraginkorragoa, parte-hartzaileagoa eta demokratikoagoa” lortzeko bidean.
Goiak ziurtatu duenez, Donostiak baldintza ezinhobeak dauzka Smart City edo Hiri Adimentsuaren bidean estrategiak garatzeko, kokapenari, biztanle kopuruari edo kulturari erreparatuta. “Gure hiriak oso tamaina egokia dauka gobernantza forma berriak martxan jartzeko. Gobernantza eredu horrek konektatutako donostiarren elkarlan sarea eduki behar du oinarri, parte-hartzea eta inplikazioa areagotzeko, hiriaren elkarbizitza eta modernizazioa lantzerakoan”.
Horregatik, Donostiako EAJk Donostia ON jarri zuen martxan duela gutxi, sakeleko telefonoetarako aplikazio berritzailea, herritarrek beraien kexa, proposamen eta ideiak helaraz ditzatzen udaletxean. “Adibidez, argazkiak bidali daitezke hiri-mantenimenduari, gune berdeei, garbitasunari, edota udal kudeaketaren beste alorrei lotutako eskaera eta salaketak egiteko, eta hobekuntzak proposatzeko. Donostiarrek garrantzi handia ematen diete halakoei”, adierazi du. Dagoeneko 300 proposamen jaso dira.
Aplikazio horren bidez jasotako informazio guztia berehala prozesatuko da, lehenbailehen konpontzeko hiriaren paisaiarekin lotutako eta halako kezka pizten duten kalte, hutsegite edo bestelako intzidentzia horiek. “Kudeatzaile publikook garrantzi handia ematen diogu sarritan plan eta politika estrategikoak diseinatu eta aplikatzeari, baina ezin dugu ahaztu ere detaile txikiak zaintzea ere egiten duela hiri bat handi, eta faktore oso inportantea direla udal batek ematen dituen zerbitzuak epaitzerakoan”.
San Marinoko jardunaldiek esperientzia praktikoei atala eskaini diote, eta bertan, Goiak aplikazioaren xehetasunak aurkeztu ditu Europar hiri eta erakundeetako hainbat ordezkariren aurrean: “Teknologia berriek duten potentziala eta hedapena aprobetxatu nahi dugu lankidetzan eta kapital sozialan oinarritutako gobernantza eredu berria finkatzeko. Gai izan behar dugu beraien ingurua zaindu, berritu eta hobetuko duten hiritar aktiboen elkarlan-sare bat eraikitzeko. Hiriaren izaera kolektiboa eta komunitarioa indartuko dugu horrela, jarrera indibidualisten aurrean”.
Sare horretatik eratorriko den informazio eta ezagutza elkartrukeak “sekulako balio erantsia” sortzen du hiriarentzat, Goiaren arabera, eta “Donostia eta, finean, gizarte hobea eraikitzeko abiapuntu ederra ere bada”.
Nolanahi ere, argi utzi du oraindik ere bide luzea gelditzen dela gobernu eredu irekiagoa, gadenagoa eta demokratikoagoa lortzeko. Haren ustetan, hiritarrei hainbat ataletan inplikatzeko eskatzen baldin bazaie, administrazio barruan ere “ekarpen horiei erantzuteko prozedura argi eta arinak” txertatu beharko dira ezinbestean. “Hori egin ezean, hiritarrek ez dute kolaboratuko, ezertarako ez duela balio pentsatuko dutelako. Hiritar batek jakinarazten badigu espaloi bat puskatuta dagoela, konpondu egin beharko da, eta berehala konpontzen ez baldin bada, hiritarrari ikusarazi beharko zaio abisu edo ekintza hori automatikoki sartuko dela Udalak programatutako ekintzetan”.
Era berean, argitu du hiritarren artean ere ohitura aldaketa gauzatu beharko dela, eta aldaketa horrek, “zenbait kasutan, erakundeen aldetik ere lege ahalegin garrantzitsua” exijituko duela. Izan ere, egia bada ere hiritarren portzentaje altu bat ohituta daudela mugikorra eta teknologia berriak eguneroko bizitzan eta tramiteetan erabiltzera, ezin da ahaztu biztanlegoaren zahartze prozesua. “Esku artean ditugun estimazioetan, 2030. urterako, hiru donostiarretik batek 65 urte edo gehiago edukiko ditu. Hau da, pertsona asko izango ditugu profesionalki aktiboak izan ez arren, baldintza ezin hobeetan aurkituko direnak bizitza aktiboa egiten jarraitzeko”.
Goiak nabarmendutakoaren arabera, ezinbestekoa da kolektibo horri formakuntza eskaintzea teknologia berrietan, hiria hobetzeko beraien iritzia oso inportantea delako. “Une honetan, hain justu, formakuntza profesionaleko zentro bat sortzea aztertzen ari gara Donostian, lana egiteari utzi dioten pertsonek beste hainbat alorretan aktiboak izateko aukera izan dezatela bermatzeko, teknologia berrien ezagutzaren bitartez. Ekarpen hori oso lagungarria izango da nahi dugun hiri adimentsu hori eraikitzeko, denon artean”.
Bukatzeko, hautagai jeltzaleak adierazi du donostiarron bizi-kalitatea hobetzeko modurik eraginkorrena, hain justu, “hiritarrak gure udalaren eguneroko kudeaketan inplikatzea dela, teknologia berrietan oinarrituta elkarlanerako aukera berriak bilatuz. Bide hori lantzen jarraitu behar dugu, Donostiako Udala erakunde gertukoa, gardena eta eraginkorra izateko, eta konfiantza maila handiagoa sortu ahal izateko”.
Nabarmenak...
GBB
2024/11/21
Berria
2024/11/11
DONOSTIA
2024/11/05
Gipuzkoa
2024/10/31
DONOSTIA
2024/10/28
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2018/08/31