Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2015/02/17

Baserritarrek egiten duten funtzio soziala eta ekonomikoa azpimarratu dute Markel Olanok eta Xabier Iridoyk baserritarrei egindako bisitan

Krisi egoera honetan, gure kulturarentzat, euskararentzat eta herriaren bizi-iraupenarentzat hain garrantzitsuak diren baserritarrei administrazio guztietatik laguntza eskaini behar zaiela adierazi dute
Markel Olano eta Xabier Iridoy

Gipuzkoako zein Irungo errealitate ekonomikoa zuzenean ezagutzeko helburuarekin EAJ-PNV eragile desberdinekin egiten ari den topaketen baitan, Markel Olano eta Xabier Iridoy hautagai jeltzaleak Irungo baserri batean izan ziren atzo goizean. Baserritarren beharrak jaso eta krisi ekonomikoak lehen sektorean izan duen eragina bertatik bertara ezagutzea izan zen topaketaren xedea.

«Zalantzarik gabe, krisiak sektore guztiak astindu ditu, baita nekazaritza eta lehen sektorea ere. Baliabide eta diru-laguntza gutxiago dago makinerian inbertitzeko, produktuen kontsumoa aldatu egin da, belaunaldi-erreleboaren arazoari aurre egin behar izaten diote, etab. Egoera zail honen aurrean, gure kulturarentzat, euskararentzat eta herriaren bizi-iraupenarentzat hain garrantzitsuak diren baserritarrei ezin diegu bizkar eman eta entzungor egin» adierazi zuten ordezkari abertzaleek.

Halaber, Gipuzkoako baserritar gehienek ustiapen txikiak dituztela baina profesionalak izateko eskubidea dutela azaldu eta horretarako egiten duten ahalegin handia nabarmendu nahi izan zuten Iridoyk eta Olanok. «Abeltzaintzako instalazioak berritzeko eta hiritarrei produktu osasuntsu eta kalitatezkoak eskaintzeko baserritarrek duten gaitasuna eta egindako ahalegina onartu beharra dago» esan zuten. Horren harira, administrazio desberdinak inplikatzeko beharra azpimarratu zuten lehenengo sektoreari bultzada emateko eta gizartean egiten duten ekarpena aitortzeko.

Nekazariek ekoiztutako kalitatezko produktuak kontsumitzearen garrantziaz ere hitz egin zuten Xabier Iridoyk eta Markel Olanok. «Baserritarren bizi-iraupena bermatzeko, administrazioen eta herritarren laguntza ezinbestekoa da, eta laguntza horretan, basoen kudeaketa eta baserritarrek ekoizten dituzten produktuak erostea oso garrantzitsua da» baietsi zuten.

Azkenik, baserritarrek paisaia eta ingurumena babestu eta zaintzeko egiten duten funtzio soziala agerian utzi nahi izan zuten EAJ-PNVko ordezkariek.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube